Sextysexers, urkatuaren balada

Sextysexers, urkatuaren balada https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sextysexers-urkatuaren-balada/@@download/image/75-p72_1363954561.jpg
2007/06/01
erreportajea
Sextysexers, urkatuaren balada
Sextysexers boskoteak Urkamendi blues izeneko lana argitaratu du Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Berakoen bigarren eraso hau aurrerapauso handia izan da, Iluntze berri baten bila lanarekin alderatuta. Rock gogorra zainetan txertatuta daraman koadrila honek bikain landu du doinua, eta bete-betean asmatu du.

Hard rock-a edota riff gitarra pisutsuez jositako rock-a da Sextysexersekoen ezaugarri nagusia: gitarren indarra, solo zorrotzak eta oinarri erritmiko sendoa. Ez hori bakarrik, Mikel STRNGLV kantariaren grina ere —bandako irundar bakarra— nabarmentzekoa da. Urkamendi blues hamar kanta borobilez osaturik dago, eta soinua bikaina du. Kaki Arkarazo teknikariak, izan ere, lan handia egin du.

Black Sabbath, AC/DC, The Cult edota Hot Dogs eta Rockzilla banden indarra maite duten rock zaleek gustura entzungo dute nafarren lana. Diskoa entzundakoan, stoner etiketa  aipatuko luke norbaitek. Dena dela, hard rock klasikoaren kutsu handia zuten 90eko hamarkadako talde batzuekin ere aldera daitezke abestiak eta soinua: Alice In Chains, Soundgarden edota Screaming Trees. Izan ere, Urkamendi blues diskoan jasotako kantetako zenbait, iluntasunak harrapaturikoak dira; Lorerik ez kanta eta haren riff sabbathiarrak, adibidez.

Asfaltozko amebak

Sextysexers 2001ean sortu zuten; taldekideek, batez beste, 23 urte zituztela. Hasieran Ameba izena jarri zioten taldeari, baina 2005ean Sextysexers izena hartu zuten. Izena, berba jokoa da: AEBetako Route 66 errepide mitikoaren zenbakiaz ari da. Urtebete geroago, Iluntze berri baten bila estreinako lana argitaratu zuten, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Lan haren soinua nahikoa txarra zen, baina bandaren marka agerikoa zen: gitarra indartsuek bultzaturiko rock sendoa. Diskoari esker, 40 kontzertu eskaini zituzten urte hartan.

Geroztik egindako lanak isla izan du Urkamendi blues honetan; hard rock grabazio itzela, kanta bi-kainak, eta euskaraz ongi baino hobeto abestuta, gainera (kantariak lan izugarria egin du!) Nork esan du euskara ez dela hizkuntza egokia rock gogorra oihukatzeko? Orain zuzenean, ke artean, ikustea baino ez zaizu falta!