SARA AZURZA: “Abestiak idazterakoan gehienetan zure barne-mundua ari zara besteei erakusten”

SARA AZURZA: “Abestiak idazterakoan gehienetan zure barne-mundua ari zara besteei erakusten” Sara Azurzak (Donostia, 1997) umetatik izan du gustuko abestea, baina nahiago izan du musikagintzan bere kabuz ikastea, bere erritmo eta modura. Azken kantuetan soul estilorantz jo du donostiarrak, eta osasun mentalaren gaia jorratu du horietako batean. Gaztea Maketa Lehiaketako finalista ere izan da berriki. Hastapenetik gaurdainoko ibilbideaz aritu gara berarekin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sara-azurza-201cabestiak-idazterakoan-gehienetan-zure-barne-mundua-ari-zara-besteei-erakusten201d/@@download/image/sara-azurza.jpg
2021/12/02
elkarrizketa

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sara Azurzak (Donostia, 1997) umetatik izan du gustuko abestea, baina nahiago izan du musikagintzan bere kabuz ikastea, bere erritmo eta modura. Azken kantuetan soul estilorantz jo du donostiarrak, eta osasun mentalaren gaia jorratu du horietako batean. Gaztea Maketa Lehiaketako finalista ere izan da berriki. Hastapenetik gaurdainoko ibilbideaz aritu gara berarekin
SARA AZURZA: “Abestiak idazterakoan gehienetan zure barne-mundua ari zara besteei erakusten”

17 urterekin hasi zinen agertokira igotzen Iker Laurobarekin batera. Nola suertatu zen kontua?
Iker eta biok nik 15 urte nituenean ezagutu genuen elkar ETBko saio batean, bera epaile izan zen bertan. Hortik, nire gitarra irakasle bihurtu zen eta orduan esan zidan potentzial handia nuela eta ea berarekin kontzertu batean abestuko nuen. Bere abestiekin laguntzen hasi nintzen, ahotsak egiten, eta orduan konturatu nintzen oholtza gainean gustura nengoela.

Umetatik izan duzu musika zaletasuna?
Bai, batez ere abesteko zaletasuna. Amak beti esaten dit hitz egin baino lehenago hasi nintzela abesten eta melodiak egiten. Hitzik esaten ez nuenean “na, na, na” aritzen nintzela, melodiak abesten txiki-txikia nintzenetik.

Eta instrumentuarekin noiz hasi zinen?
12 bat urterekin gitarra jotzen ikasi nahi nuen eta Jakintza Musika Eskolan hasi nintzen, baina utzi egin nuen. Gero Iker hasi zen niri klaseak ematen baina utzi egin nuen berriro. Gitarra nire kontura ikasten ibili izan naiz beti, nahiko autodidakta izan naiz.

Zergatik moldatu ote zara hobeto zure kontura, irakasle batekin baino?
Solfeoak aspertu egiten ninduen, partiturak irakurtzeak eta jakin beharrekoa ikasteak. Abestien akordeak bilatzen ikasi izan dut jotzen. Bartzelonan egon nintzenean beste irakasle bat izan nuen eta harekin hala egiten nuen, abestiak eramaten nizkion eta berak irakasten zidan jotzen. Akorde ezberdinak irakasten zizkidan, estilo bakoitzeko zein diren aproposagoak, eta metodo hori gehiago gustatu zitzaidan. Hortik jarraitu dut nire bidea.

Hainbat talderekin kolaboratu izan duzu: Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley. Zer nolako esperientzia izan da zuretzat?
Oso esperientzia ona izan da. Beraien abestiak eta proiektuak gustatzen zitzaizkidalako aritu izan naiz lankidetzan. Gainera, oso pertsona onak topatu ditut. Asko ikasi dut beraiekin eta oso gustura egon naiz beti.

Bakarkako proiektura salto egitea kosta egin al zitzaizun?
Bai, ni besteen abestiak jotzen ohituta nengoen, baina besteek ez zekiten nik ere abestiak egiten nituela. Behin Ikerri erakusten ausartu nintzen eta berak esan zidan mugitu egin behar nuela harekin. Zure abestiak ez dira zure abestiak bakarrik, baizik eta zure barne-mundua kanpora ateratzea. Abestiak idazterakoan gehienetan zure barne-mundua ari zara besteei erakusten. Hori izan zen gehien kostatu zitzaidana, eta konturatzea besteei ere gustatuko litzaiekeela nire abestiak entzutea. Batez ere nire emozioak, nolabait, komertzializatzea.

2018an kaleratu zenuen lehen lana: Theorein. Bost kantu ditu eta pop generokoa da, lasaia. Estilo horretan sentitzen zinen erosoen, argi zeneukan hori zela egin nahi zenuena?
Ez neukan batere argi. 19 edo 20 urte nituen orduan, eta nekien bakarra zen abestu egin nahi nuela eta abestiak egin nahi nituela, baina ez neukan oso argi zer estilotan egin nahi nuen edo hori ote zen egin nahi nuena.  Ez nuen ezertxo ere argi. Niretzat garrantzitsuak diren abestiak dira eta horregatik daude hor.

Bost kantuetatik hiru ingelesez idatziak dira. Ingelesezkoekin lan gehiago egin behar izaten duzu nahi duzuna adierazteko, ala natural samar ateratzen zaizu bai euskaraz eta bai ingelesez?
Egia esan nahiko natural ateratzen zait. Ingelesez ondo moldatzen naiz unibertsitateko ikasketak ingelesez egin ditudalako eta Kanadan eta Londresen bizi izan naizelako. Ingelesa asko bizi izan dut urte hauetan guztietan. Nahiko natural ateratzen zait horregatik, baina baita abestiak txiki-txikitatik ingelesez entzun izan ditudalako ere. Ingelesa horrela hasi nintzen ikasten, ez ikastolan, baizik eta letrak ordenagailuan begiratu eta musika entzuten. Asko gustatzen zitzaidan, arratsalde osoak igarotzen nituen horretan. Euskara beti hor egongo da, eta konturatu izan naiz esanahi intimoagoa duten abestiak euskaraz egiten ditudala.

Ingelesaren kontuarekin lotuta, Ipar Ameriketako bakarlariak eta ingelesak dituzula erreferente adierazi izan duzu. Zeintzuk aipatuko zenituzke?
Asko, gehienbat emakume ipar amerikarrak eta ingelesak; Amy Winehouse, Adele, Aretha Franklin, Alicia Keys, Norah Jones… horrelako bakarlari emakume asko.

Azken urteetan zure estiloaren bila ibili omen zara Bartzelonan, Montrealen, Londresen… Zeren bila ibili zara?
Ez nuke esango horretarako joan nintzenik, ikasketak egitera joan bainintzen berez, baina nire estiloa aurkitzen saiatu naiz. Hiri bakoitzak zerbait ematen dizu, bai musikalki eta bai kulturalki. Deskubritutako musika estiloek, tokiek edo taldeek badaukate zerikusia orain egin nahi dudanarekin. Kultura-aniztasun handiagokoak diren hirietan egon naiz eta hemen ikusten ez nituen gauza asko ezagutu ditut. Mugimendu kultural handia sumatu dut, esate baterako, metroan, edozein tabernatan edo diskotekatan. Ez nintzen nire estiloaren bila joan espresuki, baina hiri bakoitzak nire estiloa aurkitzen lagundu dit edo egin nahi dudana argitzen.

Azken urtean kaleratu dituzun abestietan soul estilora jo duzu. Erreferente horien eraginez izan al da?
Bai, batez ere horregatik, baina entzuteaz gain, abesterakoan gehien gozatzen dudan generoa delako ere bai. Popa eta rocka ere gustatzen zaizkit, baina abesterako orduan gehien disfrutatzen dudan generoa soula da. Kantu-irakasleek ere esan izan didate estilo horretan moldatzen naizela egokien.

Ez da euskaraz gehien lantzen dena, gainera.
Badaude horretan ari diren emakumeak, Afrika Bibang edo Ainhoa Larrañaga adibidez, baina ez da asko entzuten den generoa. Aukera ikusi nuen eta horregatik izan dut hori egiteko ausardia, badagoelako aukera txiki bat jendeak horrelako estilo bat euskaraz entzuteko.

Azken urtean argitaratutako hiru kantuak bideoarekin zabaldu dituzu. Gaur egun musika begietatik ere sartzen da, irudia ere zaindu beharra dago musikarekin batera.
Bai, ez dakit horrekin guztiz ados nagoen, baina gaur egun egin beharreko zerbait da. Abestiak entzule gehiago izango ditu aldi berean bideoa aterata. Musikaren industria gaur egun ez da musika bakarrik, bada bideoak egitea edo sare sozialetan egotea ere, eta beste hainbat gauza.

Letrei erreparatuta, batzuk kutsu alaiagoa dute eta beste batzuk sakonagoa. ‘Ez ohildu’ abestian antsietateaz ari zara, gaixotasun mentalez. Normalizatu egin nahi izan duzu gaia.
Zalantzan egon nintzen atera ala ez, baina beharrezkoa iruditu zitzaidan. Antsietatearen inguruan nik neuk bizitako esperientziak kontatzen dituen abestia da, nik buruan neuzkan pentsamenduei buruzkoa, eta antsietatea sufritzen nuen momentukoa. Ez dago normalizatua eta jendeak antsietatea sufritzen duenean, norbaitek esan diolako ez bada, askotan ez daki zer den sentitzen ari dena. Hori da niri gertatzen zitzaidana, eta neure buruari galdetzen nion: Zer da hau? Zergatik ezin dut arnasarik hartu? Zergatik larritzen naiz metroa hartzen dudanean edo kalean bakarrik noanean? Antsietatea zen eta ni ez nintzen konturatzen. Normalizaziorako bidea egiteko asmoz kaleratu nuen abestia.

Norbere barrutik ateratzen den zerbait denean beldurra ematen du jendearekin partekatzeak, baina besteengan duen eragina ikusirik, merezi du ala?
Bai, eta egia esan abestiak oso erantzun ona izan du eta, gainera, bideoklipa bat dator abestiarekin. Antsietate puntua urarekin sinbolizatu dut eta landu nahi nuen abestia atera dut. Jendeak aipatu dit antsietatea sufritu duela eta hori dela sentitzen dena, edo XXI.mendeko gaixotasuna izanda ere, ez dagoela normalizatua eta horrelako gauzak ateratzeak lagunduko duela. Oro har, oso sorpresa ona izan da, jendeak oso ondo erantzun du.

Garai aproposean dator, gainera, gazteek bereziki sufritu baitute pandemia garaian eta, neurri batean, osasun mentalaren gaia azaleratzeko balio izan du horrek.
Abestia pandemiaren aurretik idatzi nuen, duela pare bat urte, baina ateratzeko une aproposa iruditu zitzaidan. Gainera, maiatzean argitaratu nuen, gaixotasun mentalaren hilabetean. Ziur nago pandemian gazte askok eta gizartearen gehiengoak sufritu duen gaixotasuna dela.

Hiru abesti hauek formatu fisikoan biltzeko asmorik baduzu ala single modura geratuko dira?
Momentuz single modura geratuko dira, baina badaukat zerbait egiteko asmoa 2022rako. Zerbait fisikoa atera nahi dut abesti berriekin, ez dakit hauek sartuko diren ala ez, oraindik pentsatzen ari bainaiz. Baina datorren urtean formatu fisikoan argitaratuko dut, bai.

Gaztea Maketa Lehiaketako finalista izan zara. Ez duzu saririk irabazi baina finalera iristea ez da lorpen makala, ezta?
Ez da gutxi, ez! Zorionak eman nahi dizkiet besteei. Dena den, nire musika entzungo duzue aurrerantzean ere, nahiz eta saririk ez lortu.

Ikusgarritasun aldetik lagunduko dizula uste duzu?
Saria lortzearen kontua bakarrik ez zen, erakusleiho bat ere bada. Gaztea nik entzun dudan irratia da eta gazte askok entzuten duguna. Oso pozik nago finalera iritsi izanaz, nahiz eta ez dudan saririk lortu, eta beste taldeek ere oso ondo egin zuten. Erakusleiho modura balio izan dit eta beti eskertzen da hori.