Sakana lehertuz

Sakana lehertuz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sakana-lehertuz/@@download/image/68p12-1_1365166965.jpg
2006/11/03
erreportajea
Sakana lehertuz
Nafarrak dira Stupenda Jones. Sakanako Olazti herrikoak. Duela bi urte "Osti bi" diskoa plazaratu zuten Brigada Criminal taldearekin batera, eta orain, "Etorkizuna lehertu" izeneko lehen disko luzea kaleratu dute Gor diskoetxearekin. Punk rock azkarra egiten dute, azeleragailua gogotik zanpatuz.

Gitarra riff indartsuetan oinarritutako 11 kantuk osatzen dute diskoa, eta, egia esan, alde handia antzematen da "Osti bi" diskotik lan honetara. Orain abestiak landuagoak dira, eta soinua askoz indartsuagoa da. "Asko ikasi genuen "Osti bi" hartatik: batez ere, grabazio prozesuan nabaritu dugu esperientzia. Orain lasaiago ibili gara, eta bagenekien nolako soinua nahi genuen", diote Stupendakoek. Lehen disko hark ere izan zuen bestelako emaitza onik: "Oso gustura ibili ginen Brigada Criminal taldeko jendearekin, elkarrekin kontzertu asko eman genituen, eta benetan jatorrak dira".

Punk rock azkarra

Estiloari dagokionez, non kokatu behar genuke Stupenda? Erantzuna ez da zaila: punk rocka egiten dute, eta, tarteka, gogotik zanpatzen dute azeleragailua. Adibidez, Hellacopters eta Turbonegro bezalako taldeak atsegin dituzte, Euskal Herrian gero eta talde gehiagori gertatzen zaien bezala: "Dena den, gure abestiek ez dute zerikusi handirik bi talde horiekin. Egia da, gaur egun, Eskandinabiako rockak jarraitzaile asko dituela Euskal Herrian, baina hala ere, hemen beti egon dira rock & roll taldeak, eta guztiak zaku berean sartu arren, talde bakoitzak bere ukitua du", diote.

Etorkizuna lehertu

Stupenda Jones izen umoretsuak beste zerbait iradoki dezakeen arren, Olaztikoek gai konprometituak jorratzen dituzte: "Nahi dudan bezala" abestian etxebizitzaren aferaz ari dira; "Ez da isilduko" kantuak euskarak Nafarroan bizi duen egoera salatzen du; "Errausketa ustela"k Olaztin egin nahi duten errausgailuaz dihardu; "Berandu" abestian presoak dira protagonista… "Gauza asko daude aldatzeko, hortik dator "Etorkizuna lehertu" izenburu hori. Ez gaude konforme datorkigun etorkizunarekin, eta orain da hori lehertzeko momentua; bestela, berak gu lehertuko gaitu", diote.

Esan bezala, euskara da Stupenda Jones-en kezketako bat. Eta alde horretatik, baikor izateko arrazoiak badira Sakana aldean, musika mugimenduari begiratuz gero, bederen:  "Azkenaldian euskaraz abesten duten taldeak sortu dira Sakanan: Ekintza Zuzena, Sukar Beltza, Alkaloide, Segada... Gaztelaniaz aritzen direnak ere ez dira gutxi: Dentera, Tortazo, 10.000 Puestos eta Estropajo, adibidez".  GAZTETXULOtarrak poztu egiten gara horrelakoak entzunda: horrela jarraituko ahal du kontuak!