Sagarroi: "Hardcorea jokalmolde bat da"

Sagarroi: "Hardcorea jokalmolde bat da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sagarroi-quothardcorea-jokalmolde-bat-daquot/@@download/image/10p11-1.jpg
2001/07/06
elkarrizketa
Sagarroi: "Hardcorea jokalmolde bat da"
Iñigo Muguruzak Joxe Ripiauren dantzarako erritmoak alde batera utzi eta doinu gogorragoak dakartza. Sagarroi proiektu berrian. Hona hemen Muguruzak GAZTETXULOri errandakoak.

Dantzarako erritmoak egin ondoren, nolatan orain Sagarroiren erritmo gogor hauek?
Penduloaren legea da: alde batera joanez gero, gero kontrako aldera bueltatu ohi zara. Aplikazio asko dituen lege horren jarraitzaile bilakatu naiz. Nire barruan dagoen beste alderdi hori ateratzeko gogoa nuen, eta Joxe Ripiauren instrumentazioarekin nahiko mugatuta ikusten nuen.

Jendeak nola hartu du proiektua?

Gauza berezia gertatzen ari da kontzertuetan, lerro psikologiko bat dagoela. Zuzenekoan jendea taldearengandik bost metrora jartzen da, urrun. Hendaiako kontzertuan hautsi egin zen muga hori, baina beste kontzertuetan ez hainbeste.

Sagarroi hardcore taldetzat jo zenutenez, askok zerbait gogorragoa esperoko zuten, ezta?  

Niretzat hardcorea jokamolde bat da, ez musika bakarrik. Estilo asko dago hardcorea egiteko, baina hori baino gehiago da, pentsamolde bat: Coca Colaren iragarkirik ez egitea, esaterako. Askoren ustez, Undrop hardcore taldea izango da, baina niretzat ez. Hardcorezale batzuk light samarrak garela esan digute, eta Joxe Ripiauren jarritzaileek, berriz, oraingo hau oso gogorra dela.

Zein hardcore talde gustatzen zaizkizu?

Fugazi, erritmo askorekin, esperimentuzalea, eta merchandising-aren kontrako jarrera argiarekin. Bad Brains ere aipatuko nuke, nik urtetan haien pegatina eman dut gitarran.

Diskoaren izenburua "Meatzaldea" da, eta azalean Gallartako meatzarien aspaldiko argazkia dakar, zergatik?

Meatzaldearen erreferentzia hori langilegoari egindako omenaldi txiki bat da. Orain Portugaleten bizi naiz, eta oso zigortua ikusten dut ingurua, bertara etorri arte ez zara konturatzen horretaz. Metroa ere ez da bertara heltzen, eta Algorta eta Getxora, aldiz, bai. Harrigarria da, diruak dirua deitzen du. Garai bateko etekinak eskuinaldera joan ziren, eta kateak bere horretan dirau. Bestalde, lehen diskoa nahiko introspektiboa da hitz eta musiketan, eta meatzaren irudi metaforikoa erabili nahi izan dugu horretarako.

Diskoan gaur egun nahiko ahaztuta dagoen Beti Mugan taldearen "Homo homini lupus" kantuaren bertsioa egin duzue. Zergatik?

Harreman handia dut aspalditik Beti Mugan taldean aritutako jendearekin. Esaterako, disko honetako kantu batzuren hitzak Martxel Mariskalek eginak dira. Niri asko gustatu zaizkit beti Martxelen hitzak, ikuspuntu berezia baitu, oso pertsonala. "Homo homini lupus" kantuaren bertsioaz denetarik entzun dugu, batzuek diskoko kanturik onena dela esan digute, eta beste zenbaitek, aldiz, orijinala nahiago dutela.