Ricardo Tojaren ibilbide artistikoa jasotzen duen erakusketa jarri dute Bilboko Ondare aretoan

Ricardo Toja margolari zenaren geografiko-biografikoa izeneko erakusketa dago ikusgai Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare aretoan, otsailaren 25era arte. Duela hamar urte hil zen Gordexolako artista, eta ordutik egindako lehen erakusketa da hau, artistaren memoria berreskuratu, balioan jarri, eta hurrengo belaunaldiei transmititze aldera. Horretaz gain, "gure herrialdeko artearen historiaren zati bat berreskuratzen laguntzea" ere badu xede.
Berrogei lan jarri dituzte erakusketan, izan pintura zein marrazki. Ibilbide artistiko baten irudi adierazgarriak aurkezten ditu: lehenengo urteak Gordexolan, gero Lutxana, Kanariak, Bilbo, Madril, egoitza artistikoa Oslon, Arabako Menagaraiko etapa eta, azkenik, Plentzia.
Bere koadro eta pinturetan ohar autobiografikoak ikus daitezke, bai gaien aukeraketan, bai pinturari ezarritako ordena eta denboran. Bernardo Atxagak azaldu duenez, "afektua bere koadroen barruan dago eta bere motiboetako bat ere ez da kasuala. Denek jaiotzako haranera, neurera, berera, askorenera eramaten dute.Tojak badu indar bat barru-barruraino eta bildura bultzatzen duena, eta badu, halaber, munduaren pisuari ihes eginez, ordenatzen eta geure baitan zerbait ordenatua sortzen lagunduko diguten paisaien bilaketa".
Bi ikus-entzunezko ere badira erakusketaren inguruan. Bata, Miguel Toja Aguirreren Abededario para Ricardo Toja Landaluce, Tojak Bilboko BBK Gelan aurkeztu zuen marrazki-erakusketaren katalogorako Bernardo Atxagak 1992an idatzitako testu zabala berrinterpretatzen duena. Bigarrena, berriz, Jesus Serranok eta Idoia Jauregik 2010ean egindakoa, erakusketaren ibilbide "geografiko-biografikoa" azaltzen duena.