RAMON AGIRRE, Zinemira saria

RAMON AGIRRE, Zinemira saria Donostia Zinemaldiak aktorearen ibilbidea sarituko du gaur; zorionak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ramon-agirre-zinemira-saria/@@download/image/premio_zinemira_66_boletin_eu.jpg
2018/08/31
berria
Donostia Zinemaldiak aktorearen ibilbidea sarituko du gaur; zorionak!
RAMON AGIRRE, Zinemira saria

 

Gaur gauean, hilak 25, Euskal Zinemaren Galan, Jainkoak ez dit barkatzen filma estreinatzeaz gain, Zinemira saria entregatuko diote Ramon Agirreri. Izan ere, ez dago euskal zinemarik Ramon Agirre gabe. Gehiegizkoa dirudi esateak, baina aurtengo Zinemaldian inoiz baino presenteago egongo da aktorea. Aurten, New Directors saileko Oreina (Koldo Almandoz, 2018) filmean eta Zinemiran aukeratutako beste hiru lanetan agertuko da; hain zuzen, Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018), Errementari (Paul Urkijo, 2017, Publikoaren Saria Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean) eta Bajo la piel del lobo (Samu Fuentes, 2017) filmetan. Eta 2019an beste bi lan estreinatuko ditu: Almódovarren film berria, Dolor y gloria, eta AgurEtxebeste!, Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendutako filmaren bigarren zatia.

Arkitektura ikasi eta gero, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Antzerti arte dramatikoko eskolan ibili zen Agirre (Donostia, 1954), eskolako lehenengo belaunaldietako batean. Haren lehenengo lan zinematografikoen artean, 27 horas (27 ordu, Montxo Armendariz, Zilarrezko Maskorra, 1986) eta Ander eta Yul (Ana Díez, Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1988) daude. Horrez gain, zuzendari hauen esanetara aritu da, besteak beste: Álex de la Iglesia (El día de la bestia / Piztiaren eguna, 1995), Manuel Gutiérrez Aragón (Visionarios, Sail Ofiziala, 2001), Pablo Malo (Frío sol de invierno, Zuzendari Berriak, zuzendari berri onenaren Goya saria, 2004), Asier Altuna eta Telmo Esnal (Aupa Etxebeste!, Gazteriaren Saria, 2005), Emilio Martínez Lázaro (Las 13 rosas, 2007, lau Goya sari eta beste hamar izendapen), Aizpea Goenaga (Sukalde kontuak, Zinemira – Panorama 2009), Aitor Mazo eta Patxo Telleria (La máquina de pintar nubes / Hodeiak pintatzeko makina, Zinemira 2009), Alberto Gorritiberea (Arriya, Zinemira-Panorama, 2011) eta Paco Plaza ([Rec]3. Genésis, 2012).

Donostia Zinemaldiak eta IBAIA eta EPE/APV ekoizleen elkarteak euskal zinemagintzako pertsona ospetsu bati ematen diote urtero ohorezko sari hori. Aurreko urteetan Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016) eta Julia Juaniz (2017) izan dira saridunak, eta aurten, 2018an, Ramon Agirre aktorearen ibilbidea ohoratuko da. Zorionak!