Euskal Komiki Eguna ospatuko da bihar, euskarazko komikigintza hedatzeko asmoz
Euskarazko komikigintza sustatzeko asmoz, hainbat komikizale eta komikigilek Euskal Komiki Eguna ekimena abiarazi zuten iaz, eta bigarren edizioa egingo dute bihar. Aurtengorako ere irailaren 29a hautatu dute. Izan ere, data aukeratzeko garaian, kontuan izan zuten 1977ko irailaren 29an Olariagak Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta argitaratu zuela Egin egunkarian, oraindik ere Berriaren azken orrialdean agertzen dena, eta pertsonaia horrek garai bateko eta gaur egungo euskarazko komikigintza islatzen duelakoan daude.
Ekimen honen helburua euskarazko komikigintza ezagutaraztea eta sustatzea da. "Oraindik ere jendartearen parte handi batek ez du komirik irakurtzeko ohiturarik, edo ez dauka euskarazko komikietan dagoen aberastasun handiaren berri. Euskal Komiki Egunaren bidez, gure aletxoa jarri nahi dugu euskarazko komikigintza hedatzen laguntzeko, horrela euskal komikiari lagundu eta jendeari komikiak gure hizkuntzan irakurtzearen plazera ezagutarazteko", azaldu dute sustatzaileek.
Euskal Herri osoan zehar modu autogestionatuan antolatutako ekimenek osatuko dute egitaraua, eta Asier Iturralde Gaston egileak sortutako irudia jarri dute eskuragarri, edozein pertsona edo eragilek ekintzetarako edo sare sozialetarako erabili dezan. Iaz esaterako,gustuko zituzten komikien aipamenak egin zituzten, lantzen ari ziren komikien laginak erakutsi, euskarazko komiliak erakusleiho eta apalategietan nabarmendu, ikasgeletan euskal komikigintzaz aritu ziren... Eta aurtengo edizioan ere euskarazko komikigintzari tartea egiteko ekintzak sustatu nahi dituzte.
Horretaz gain, herritarrei liburudenda edo liburutegietara joateko gonbita egin diete, euskarazko komikia ezagutu dezaten. "Eskaintza oso anitza da eta edonork topa dezake jakin-mina sortzen dion istorio bat, harridura sorraraziko dion irudiz jantzirik".
Urtean 50 komiki-album euskaraz
Euskarazko komigintza oso une onean dagoela nabarmendu dute, "bai argitaratzen diren komiki kopuruari eta bai horien kalitateari dagokionez". Xabiroi aldizkarian eta komunikabideetan egiten den lana ahaztu gabe, azken urteotan urtero 50 komiki-album argitataratu direla azpimarratu dute, eta azken hamarkadan urte bakoitzean plazaratutako komikien heren batean euskal egile bat aritu dela behintza gidoian edo marrazkigintzan.
2025 urtean euskaraz argitaratutako komikien erdietan egon zen euskal egile bat. "Kopuru esanguratsua da, kontuan izanik komiki batzuk eta manga komikiek liburuki bat baino gehiago dituztela", azaldu dute.
Bestetik, haiek emandako datuen arabera, 2025-2026 urteen artean euskal egileek dituzten 40 komikien artean, 14tan emakume batek edo batek baino gehiagok parte hartu du, gidoian edo irudigintzan. Ia 30 itzultzaile aritu dira komikiak euskaratzen, eta emakumeak aritu dira nagusiki langintza horretan, soilik bostetik bat baita gizonezkoa.
