R-Bombing, ghosting-a baino krudelago

Nerabezaroko harremanak (eta heldutasunekoak ere) ez dira beti samurrak izaten, eta sare sozialek, lagundu ordez, sarritan zaildu egiten dute gustuko dugun horrenganako bidea. Ligatzeko bide berriak ireki ahala, harremanak izendatzeko modu berriak ere jaio dira; ghosting, orbiting, eta guztietan krudelena, r-bombing. Baina, zertan datza praktika hau?
Demagun bikote bat sare sozialen bitartez ligatzen hasten dela; mezutxoak WhatsAppen, atsegin dut pila Instagramen... interesa adierazi dute biek, nahiz eta oraindik ezer seriorik gertatu ez den. Bat-batean, bietako batek, ezer esan gabe, bestearen mezuak erantzuteari uzten dio, baina ghostingean ez bezala, ez da desagertzen ez ezkutatzen. Hala, mezua irakurri duela ikusten du besteak, edota beste taldeetako mezuei erantzuten diela, baina ez bereak.
Nahiko praktika krudela da, beste hori erabat loturik uzten duelako, erantzunen zain, bueltatzeko zain. Batzuetan erantzun hori iritsi ere egiten da, baina ez da lehen bezala, soilik lotura hori erabat ez hausteko egiten dute, pertsona hori obsesionatu araziz. Nola atera halako egoeratik? Pertsona horri kasu egiteari utziz! Onena, dependentzia harremanak ez elikatzea da.