Poltsiko Antzerkiaren sorkuntzarako deialdia

Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntzak bultzatzeko hamabigarren proiektu deialdia antolatu du Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin. Antolatzaileek adierazi dutenez, "Poltsiko Antzerkian, eta orokorrean formatu txikiko antzerkiaren inguruan, euskarazko lanen eskaintza urria izan ohi da. Errealitate hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen lehen helburua". Horretaz gain, ekimen honen bidez, antzezlanak ekoizten lagundu, Poltsiko Antzerki Jaialdiaren programazioaren barruan hautatutako proiektuen emanaldiak antolatu eta sorkuntza eta ekoizpen atalak ere jorratu nahi dituzte.
Aurkeztutako proiektuak mota eta genero guztietakoak izan daitezke baina taberna edota bestelako espazio mugatuetara egokitzeko modukoak izan beharko dute. Banaka edo taldeka aurkez daiteke baina nahitaezkoa da 16 urtetik gorakoa izatea. Antzezlanak jatorrizkoak, estreinatu gabeak eta euskaraz izango dira, eta gidoiak ezin dira deialdiaren aurretik idatzitakoak izan. Deialdian parte hartzeko nahikoa da eszena baten lagina bidalita. Azkenik, proiektuek ezin izango dute 70 minututik gora iraun eta gutxienez 30 minutukoak izan beharko dute. Oinarrien inguruko xehetasunak Donostia Kulturaren webgunean daude jasota.
Antzezlanen emanaldiak Poltsiko Antzerki Jaialdiaren baitan estreinatuko dira eta bakoitzak lau emanaldi egingo ditu Donostia Kulturak adierazitako espazioetan. Proiektu irabazleak 2.500 euro jasoko ditu Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko lau emanaldien truke eta proiektu finalistak, berriz, 2.000. Gainera, sormen-proiektuak gauzatzeko, kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte aukeratutako antzezlanak muntatzeko.
Proiektuak aurkezteko azken eguna irailaren 17a izango da eta helbide elektroniko honetara bidaliko dira: kulturekintza@donostia.eus. Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: eskaera inprimakia beteta, proiektu-txostena, eszena baten lagina eta parte hartzaileen aurreko lanak jasotzen dituen curriculum vitaea.
2011n jarri zuten martxan lehen aldiz deialdi hau modu esperimentalean, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik. Aurreko hamaika deialdietan 79 proiektu baino gehiago aurkeztu dira.