Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia Donostian ostiraletik aurrera

Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia Donostian ostiraletik aurrera 32 emanaldi eskainiko dituzte, erdiak euskaraz, hiriko zortzi kokalekutan, urriaren 10era bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/poltsiko-antzerkiaren-jaialdia-donostian-ostiraletik-aurrera/@@download/image/bete ingoiau.jpeg
2021/09/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

32 emanaldi eskainiko dituzte, erdiak euskaraz, hiriko zortzi kokalekutan, urriaren 10era bitarte.
Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia Donostian ostiraletik aurrera

Donostia Kulturak kultur etxeen sarearen bidez antolatzen duen Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak 30.edizioa izango du aurtengoa eta irailaren 24tik urriaren 10era bitarte egingo dute. Jaialdiaren asmoa antzerkia zabaltzea da, bai haren ohiko jarraitzaileei eta baita tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere. Horretarako, jendearengandik hurbil dauden espazioak erabili ohi dituzte eta edizio honetan programazioaren zatirik handiena astebururo auzo batera mugituko den karpa batean eskainiko dute. Lehen asteburuan karpa Intxaurrondoko Sagastieder plazan izango da, hurrengo astean Groseko Katalunya plazan, eta Amarako Easo plazan azkenekoan. Karparen kokaguneez gain, honako auzo hauetara ere hurbilduko da jaialdia: Martutene, Igeldo, Antigua, Añorga eta Bidebieta.

17 konpainiek 32 emanaldi eskainiko dituzte guztira eta horien erdiak euskarazkoak izango dira. Bi estreinaldi berezi izango dira emanaldien artean:  Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdiko irabazle izan den Dxusturi Teatroaren Lakoste  eta Zutani Teatroaren Bete ingoiau finalista. Horiez gain, Gorka Aginagalde eta Iñigo Salineroren Culturas milenarias, Virginia Imazen Pronoia eta Las Felliniren Show de transtornismo ere estreinatuko dituzte. 

Antzezlan horiez gain, honako hauek ere izango dira, besteak beste: Nomofobikak taldearen Hackerrak, lan falta dela-eta,  robotika aztertzeko adimen emozionaleko proba batzuetan parte hartzea onartuko duten hiru aktoreren ingurukoa; Barry Manley irlandarraren Hamar urte on the road bakarrizketa; Ion Martinez Txiki-ren Txiki: 40 urte eta aldapan behera bakarrizketa; eta Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierberen Me too komedia, feminismoaren inguruko terminologiari buruzko interpretazio eta hausnarketa umoretsua.

Programazioa osoa Donostia Kulturaren webgunean dago jasoa. Ikuskizun guztietarako sarrera doan izango da eta edukiera mugatua, unean uneko segurtasun neurriak betez.