PLAZERAK ASKE EGINGO GAITU

PLAZERAK ASKE EGINGO GAITU Gaur, abuztuak 8, Orgasmo Femeninoaren Nazioarteko Eguna dugu. Gure gorputz osoa altxorraren mapa bat da eta gu plazeraren bila doan pirata begibakarra. Askotan gehiegi ikusi nahi izaten dugu, baina plazera sentipenetan dago batez ere. Azala da gizon zein emakumeentzat organo sexual handiena eta hori esploratzea izugarrizko gozamena. Alta, anatomia femeninoak du organorik sentsibleena, emakumeoi plazera ematera bakarrik dedikatzen dena: klitoria. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/plazerak-aske-egingo-gaitu/@@download/image/paula bonet 1.jpg
2019/03/13

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gaur, abuztuak 8, Orgasmo Femeninoaren Nazioarteko Eguna dugu. Gure gorputz osoa altxorraren mapa bat da eta gu plazeraren bila doan pirata begibakarra. Askotan gehiegi ikusi nahi izaten dugu, baina plazera sentipenetan dago batez ere. Azala da gizon zein emakumeentzat organo sexual handiena eta hori esploratzea izugarrizko gozamena. Alta, anatomia femeninoak du organorik sentsibleena, emakumeoi plazera ematera bakarrik dedikatzen dena: klitoria.
PLAZERAK ASKE EGINGO GAITU
Ilustrazioa: Paula Bonet @paulaboneti

Artikulu honetan organo honen inguruko hiru mito gezurtatuko ditugu, martxoaren 8tik harago, emakumeok gure plazeraz arduratu eta besteei gustuko duguna komunikatzea eguneroko zeregina baita.

Gune erogeno honen inguruan mito ugari daude eta askotan emakumeok ere pentsatu ohi dugu horietan egia balira bezala. Horregatik, horietaz askatasunez hitz egitea ere ahalduntze ariketa bat da, plazer gehiago sentitzen lagunduko baitigu eta errepresioaren kultura atzean uzten, emakumeok gure plazerean jarrera aktibo bat hartuz. Ez gaitezen nahastu, norberaren plazera, norberaren ardura da.

Horregatik eraitsiko ditugu edo behintzat zalantzan jarri, emakumeon sexualitatearen inguruan dauden zenbait mito; gizon zein emakumeek ezagutu eta eztabaidatu ditzaten. Galderak planteatuz lortuko baitugu askeagoak izatea. Horrela, emakumeok gure gorputzaren kontrol handiagoa izango dugu eta gure harremanetan jakingo dugu zein muga ez ditugun nahi besteak gainditzea.



Ilustrazioa: Paula Bonet @paulaboneti

1. mitoa: Mota askotako orgasmoak existitzen dira.
Ez zehazki, orgasmo baginala ez baita Freud-ek pentsatzen zuen bezalakoa. Bizitzako ia arlo guztietan bezala, zientzian ere mendeetan zehar gizonezkoak izan dira nagusi eta hauek, emakumeen plazera ahaztuta utzi izan dute. Zorionez, egoera aldatzen ari da eta aurkikuntza berriek mito ugari eraitsi dituzte jada.

Ikuspegi androzentrikoak emakumeon orgasmoaren dualtasunaz hitz egin izan du, esanaz emakumeok orgasmoa lortu dezakegula modu baginalean edota klitoriaren bidez. Dualtasun hau Freud-ek teorizatu zuen baina, horixe besterik ez zen izan, inoiz frogatu gabe teoria hutsa. Beharbada teoria hori sortu zuen garaiko aurreiritzi matxistetan oinarrituz, non zaila zen onartzea emakumeak plazera senti zezakeenik gizonezkoen laguntzarik gabe.

Haatik, Helen O'Conell bezalako ikertzaileek erakutsi dute bi motako orgasmoak daudela klitoriak duen barne estrukturagatik. Freud-ek pentsatzen zuenaren aurka, klitoriko orgasmoak ez dira desagertzen nerabezaroa ondoren, baizik eta orgasmo baginala lortzeko bidean oinarrizko tresna bihurtzen da. Orgasmo guztiak klitoriaren orgasmoaren luzapenak besterik ez dira.

2. mitoa: G puntua.
1982an The G spot and other dicoveries about human sexuality liburua argitaratu zen sexualitatearen inguruan zeuden aurkikuntzak iraultzeko asmoz, baina zeinen sexualitatea? Emakumeen sexualitatea soilik mantendu zen ordura arte misterio ilunean, ez baitzen ikertua izan eta autolaguntzaren industriak, zein kazetaritzarik zikinenak ezjakintasun hori aprobetxatu nahi izan zuten. “G puntuak” erreferentzia egiten dio Erns Gräfenberg-ek planteatu zuen hipotesiari, hau da, uretrak rol garrantzitsua betetzen duela emakumearen orgasmoan.

O'Conell eta beste zenbait ikertzailek erakutsi dute Gräfenberg-ek aipatutako organo hura ez dela existitzen. Lehen aipatu dugun bezala baginatik lortzen dugun plazera klitoriari zor baitigu eta honek barruan dituen luzapenei. Halere, badirudi uretrako belaki deitutakoak eta baginan aurkitzen diren beste zenbait muskulu eta zainek laguntzen ahal diotela klitoriari plazera lortzen. Hori dela eta, “G puntuaz” baino, area konplexuago batez hitz egin behar genuke. Area honi ikertzaileek "klitouretrobaginal konplexua” behin behineko izena jarri zioten.

Beraz, “G puntuak” sexualitate femeninoa are eta gehiago mitifikatzeko beste ezertarako ez zuen balio izan, sexualitate androzentristari mesede eginaz eta berriz ere, emakumeon plazera gizonezkoen esku utziz. Horrek, emakumeengan zenbait arazo psikologiko sortu zituen, organo hori ez edukitzeagatik disfuntzionalak zirela uste baitzuten.

3. mitoa: Orgasmo femeninoak ez du inongo funtziorik.
Eta gizonezkoarenak bai ala? Zenbait ikerketek diote orgasmo femeninoa eboluzioaren azpiproduktu bat dela eta ez duela inongo funtzio zehatzik. Ikuspegi honek ordea, orgasmoak osasunean izan ditzakeen onurak ahazten ditu, plazera sentitzeak dopamina askatu eta zoriontsuago egiten baikaitu. Gizonezkoek ere plazera sentitzen dute nahiz eta ez beti balio izan plazer horrek emakumea haurdun uzteko. Zergatik da orduan ezberdina emakumeon plazera?

Horren atzean sineskeria bat dago, non ulertzen den gizonezkoen sexualitatea sexuala dela eta emakumeona ugalketarako sexua besterik ez dela. Bada hemen ideia iraultzaile bat: Biak dira ugalketarako organuak eta aldi berean biak dira sexualak. Gainera, noiztik behar du plazerak arrazoi bat? Ez al dira nahikoak sortzen dizkigun zoriontasun eta ongizate sentimenduak? Mito hauengatik gure gorputz femeninoak ere gudu zelai bihurtu dira, beraz, borrokatu dezakegun plazeraren bidez.

 

Hemen zaudenez... zure interesekoa izan daiteke?

EMAKUMEEK 36 URTETIK AURRERA EDUKITZEN DITUZTE ORGASMO ONENAK