Plataforma digitaletan topatuko dituzun 12 harribitxi!

Plataforma digitaletan topatuko dituzun 12 harribitxi! Harpidedun garen plataforma jakin horren barnean zenbat denbora galtzen dugun "zer ikusi" fasean gaudenean ezta? Lana apur bat errazteko helburuz, topatu ditzakezun ezinbesteko 12 izenburu proposatu nahi dizkizugu: https://www.gaztezulo.eus/albisteak/plataforma-digitaletan-topatuko-dituzun-10-harribitxi/@@download/image/Sin título-1.jpg
2020/08/12

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Harpidedun garen plataforma jakin horren barnean zenbat denbora galtzen dugun "zer ikusi" fasean gaudenean ezta? Lana apur bat errazteko helburuz, topatu ditzakezun ezinbesteko 12 izenburu proposatu nahi dizkizugu:
Plataforma digitaletan topatuko dituzun 12 harribitxi!

The Big Sick

(Amazon)

Benetako istorio batean oinarrituriko film hau, 2017ko komedia-erromantiko-dramatiko onena iruditu zitzaidan.  Oso atsegina eta erraz ikusten den horietakoa izan arren, dirudiena baino sofistikatuagoa dela ere esango nuke.

Three Billboards Outside Ebbing, Missouri

(Rakuten TV)

Coen anaien kutsuak une oro zipriztinduriko ekoizpen hau gozamen hutsa da. Umore beltzez bustiriko thriller honetan, Frances McDormand-ek, beste behin, aktore erraldoia dela frogatu duelako, eta bere alboan erakustaldi horretan, atzean geratzen ez diren Woody Harrelson eta Sam Rockwell topatuko dituzuelako. Elkarrizketa liluragarriez josia  eta sarkasmoak gainezka egiten duten sekuentzia dibertigarria, hunkigarria eta zoragarriz betea. 

Euskaraz ikusteko aukera

 

Jusqu’à la garde

(Filmin)

Zaintza konpartituaren gaineko gaiarekin hasten den arren, eta era nahiko “konbentzionalean” kontatua gainera,  minutuak pasa hala film beldurgarri batean bilakatzen da, ikaragarria -ez da beldurrezko generoaren barruan sartzen den filma, baina ikusten duzuenean antzemango duzue zertaz ari naizen…-. Azken minutuetan, ileak puntan dituzuela eta besaulkiari erabat itsatsiak amaituko duzue.

Good Time

(Netflix)

Safdie anaien film bitxia hau, soinu, argiztapen, muntaia eta dinamismo bisual ero bati esker, genero ariketa bikain batean bilakatu dute. Pulp ukituak dituen eta gau bakar batean gertatzen den, ezohiko thriller urbanoa.  Robert Pattinson ikaragarri.

Errementari

(Netflix)

Genero fantastikoaren barruan, Euskal Herrian sekula egin diren film onenen artean dagoelako.  Gozamen hutsa, bereziki azken zatia. Dena den, oso “generozkoa” izateak, ikusle mota konkretu bat usatu dezakeela ere gehitu nahiko nuke, batez ere beldur-fantastikoa gustuko ez duten horiek. Gainerakooi, ez galdu!


Detroit

(Amazon eta Filmin)

 

Oso harrituta Kathryn Bigelow zuzendariaren lan honekin, batez ere filmaren erdialdetik aurrera. Pelikula koral moduan hasten dena, pixkanaka “itxi” egiten da, ikuslea besotik hartu eta ezinegon ikaragarria sortzen duen kamera urduri batekin batera, 143min irauten dituen lan fisiko-klaustrofobiko bikain bat egitea lortu baitu.

Euskaraz ikusteko aukera

 

The Killing of a Sacred Deer

(Amazon)

Zuetako askok gogaituko duzuen filma dela badakit, baina niri, Yorgos Lanthimos greziarra azken urteetako zuzendari interesgarrienetarikoa iruditzen zait, eta film honekin ere, hori frogatu du. Susmoa izan dut beti, ikuslea bera, planteatzen duen esperimentu zinematografikoaren barruan sartzeko intentzioa izaten duela, eta nirekin behintzat lortu egiten du. Oraingoan, Buñuel edota Kubrick-en ukitu nabarmenak erabiliz,  naturaz gaindiko thriller psikologiko bikaina egitea lortu du.

Visages villages

(Amazon eta Filmin)

Agnès Varda zine zuzendaria eta JR argazkilari-artista grafiko urbanoaren arteko lankidetza hau, road movie zoragarri bat delako, harribitxi bat.  Gozamen hutsa.

Euskaraz ikusteko aukera

Nelyubov

(Filmin)

Andrey Zvyagintsev zuzendaria errusiarraren lan hau maisulan izatetik oso gertu geratu da. Helduen egoismoa umeen aurrean, bizitza modernoaren gogaitasun krudela medio eta erabat gaixorik dagoen erdi-goi mailako gizarte errusiarraren ispilu moduko bat osatzea lortu baitu.  Plano bakoitza ezinbestekoa bilakatzen da film honetan, enkoadraketa guztiek pisu propioa dute eta narrazio bisuala mirari txiki bat iruditu zait.

 

The Florida Project

(Amazon)

Harribitxi koloretsu eta zoragarri baten aurrean gaude, zinema independentearen ukitu/estetika horretaz baliatuz, eta umeen ikuspegian kokatuz,  -ustezko- istorio  polit bat, errealitate oso gogor eta gordin bat erakusteko erabiliz. Zuzenean bihotzera iristen den horietakoa. Ezinbesteko altxorra!

Euskaraz ikusteko aukera

Jim and Andy

(Netflix)

Ohar garrantzitsua: dokumental hau gozatzen jakiteko, Jim Carrey gustuko izatea zuzenki proportzionala iruditzen zait, gorrotatzaileen taldean kokatzen bazarete beraz, hobe  ez gerturatzea (ala bai).  1999 urteko Man on the Moon filmean Carrey bera, Andy Kaufman-en paperean nola murgildu zen erakusten digun lan harrigarria dugu hau.  Sakontasun psikologiko ikaragarria duen lana iruditu zait, bizitza lezio bat, istorio sinestezin bat.

 

Handia

(Netflix)

Entzun eta irakurri beharreko argudio guztiak ezagutzen dituzue, gehitzeko gutxi beraz.