Pila, pila, pila, patata tortilla

Euskaldunok maite dugu patata tortilla, nahiz eta sekula santan argituko ez den eztabaida egon airean, patata tortilla tipula gabe edo tipularekin? Gustuak, gustu, gure tabernetako pintxoen artean pata tortillarik ez dutenak gutxi egongo dira, eta gure hamaiketako ezinbesteko osagai bilakatu dira… Tira, hamaiketako edo gosari, niretzako ez baitago kafesne eta patata tortilla pintxoa baino gosari hoberik. Nik probatu ditudan tortillarik onenak datoz jarraian, baina animatu zuen proposamenak bidaltzera eta osatu dezagun guztion artean Euskal Herriko patata tortillen gida.
Galder Izagirrek behin esan zidan: “Taberna baten hiruko perfektua izango litzateke kafe ona, patata tortilla goxoa eta garagardo sorta bikaina, horiek osagarritzat edozein tabernak izango luke arrakasta gure inguruan, baina, zoritxarrez ez dugu oraindik horrelakorik topatu, baten bat ezagutzen baduzue abisatu iezaguzue, mesedez!” Nik arrazoia ematen diot eta hirutik batekin geratu beharko banu, hori patata tortilla litzateke. Zenbatetan gertatu ote zaidan taberna batera joan eta kafe edo garagardo on bat hartu ondoren, tortilla halamoduzkoa zelako triste ateratzea.
Ni maitemindu ninduen lehen patata tortilla Donostiako Intxaurrondo auzoan dagoen Azkena Tabernakoa izan zen. Nire bizitzan zehar asko izan dira jan eta dastatutako tortillak, baina oraindik, hau da nire gustukoena. Patata xehe-xehe egiten dute, ore moduko baten antzekoa da eta, batzuetan osagaiak gehitzen dizkiote, york eta gazta, bakailaoa edo barazkiak, eta beti dago ona. Bertatik ez oso urruti, Eder Kafetegikoa ere azpimarratzekoa da, askotan joan naiz bertara kafesne goxo batekin batera tortilla pintxo bat gosaltzera.
Ez da patata tortilla bat, hori baino sinpleagoa, tortilla frantsesa ogi eta ogi artean jarrita, mokadutxo bat, urdaiazpiko xerra batekin lagunduta. Niretzako, sinpletasunaren bikaintasuna. Hain sinplea dirudien horrek, oso zoriontsu egiten nau, ez baita erraza hain gutxirekin, hainbeste sentsazio sortzea. Maitemindua nauka Gorriti Tabernako tortilla frantsesa eta urdaiazpiko ogitarteko txikiekin.
Kikarakada Proiektuan murgildu ginenean bileretarako lekuek ezaugarri bat bete behar zuten derrigor: patata tortilla ona izatea. Gure lehen bilgune izan zen Donostiako Aiete auzoko Kikara tabernan askotan bildu gara bere tortillak merezi duelako. Hori bai, kontuz, astean zehar joan zaitezte dastatzera, asteburuetan aldatu egiten baita zerbitzaria eta ez baitago hain ona. Baina, horretaz gain, asko gozatu dugu Miramonen dagoen Bizi-ko tortillarekin, begietatik ez da ondo sartzen,behin egiak esaten hasita, baina zaporez onenetarikoa dudarik gabe; eta, baita Egiako La Tabernako tortilla pintxoa ere.
Donostiarekin amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi Gros auzoko bi tortilla entzutetsuenak: Zabaleta tabernakoak mugak hautsi ditu eta jende askoren iritziz hiriko onena da, baina nik Bergara Tabernako antxoa tortilla sartuko dut zerrendan. Bai, badakit ez dela patata tortilla, baina luxu bat da ahoan.
Donostiatik kanpo ere ibili naiz tortilla onen bila, ez pentsa, eta batzuk topatu ditut; nahiz eta ziur nagoen beste asko geratzen zaizkidala oraindik ezagutzeko. Hernanin, Rufino Taberna, nire 2020ko gastronomia ezustekorik handienetarikoa, leku majikoa. tortilla dastatzeko gerturatu nintzen lehen aldiz, arrebak gomendatuta, eta lehen mokadutik sartu zen zuzenean tortilla onenen zerrendako goiko postuetara. Alta, bere sukaldetik ateratzen diren gainontzeko kutixiak ere badute maila eta oso altua gainera.
Tolosan amaituko dut nire ibilbidea. Bertako bi tortille maiteminduta naukate. Batetik Xare tabernakoa, krematsua, zaporetsua eta bestetik, Ama Tabernako Javi eta Gorkari esker ezagutu nuena. Eta bai, zerrenda honetan ere tokia du Ama Tabernako tortillak, tamainaz txiki, baina zaporez erraldoi, egiten duten guztia bezala. Izan ere, zer egiten dute txarra bertan? Gainera, boilurra botatzen diote gainetik eta horrekin tortillak beste galaxia batera jauzi egiten du. On egin!