Paul de la Cuesta: "Eskiatzailea, “ezin dut arriskuan pentsatu”"

Paul de la Cuesta: "Eskiatzailea, “ezin dut arriskuan pentsatu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/paul-de-la-cuesta-quoteskiatzailea-ezin-dut-arriskuan-pentsatuquot/@@download/image/20101156449paul_1361881464.jpg
2010/11/05
elkarrizketa
Raul Perez
Paul de la Cuesta: "Eskiatzailea, “ezin dut arriskuan pentsatu”"
2010-2011 eski denboraldia hasi berri da. Munduko Kopako lehen probetan ari da lehiatzen Paul de la Cuesta, eta otsailean erronka handia du zain Kanadan: Munduko Txapelketan 30. postuaren bueltan sailkatu nahi du.

Ortzemuga begietan du izenburu Ken 7k merkaturatu berri duen diskoak. Hain justu ere, ortzemuga nahi baino gutxiago du begi aurrean Paul de la Cuesta donostiarrak. “Denbora asko pastatzen dut mendi artean”, dio 21 urteko eskiatzaileak.  Joan den urtean Neguko Olinpiar Jokoetan aritu zen aurrenekoz, Kanadan. Lehen postuetatik oso urrun bukatu zuen, baina hobetzeko eta bere burua oilarren artean sartzeko denbora sobera du, ia 40 urteko eskiatzaile zailduekin neurtzen baititu indarrak. Dena dela, ezin jakin etorkizunak zer ekarriko dion, gozotik ala gazitik. BAT Basque Teamen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kutxaren,  eta ADOren laguntza du aurrera egiteko. Ez daki, ordea, nahi bezain gora iritsiko den, edo lesioek traba egingo ote dioten. Horregatik, poliki-poliki bada ere, aitari jarraiki, dentista izateko ikasten ari da Leioan. Gaztea den arren, toki ugari eta jatorri askotako eskiatzaileak ezagutu eta bere burua aberasteko aukera izan du jada. Sabela aberastea ere garrantzitsua da eta horretarako munduko txokorik onena zein den oso argi du, etxea bera.

Eski probek minutu eta bi minutu artean irauten dute. Horren denbora tarte laburrean, hanka sartuz gero zureak egin du.

Bai, baina hori ere entrenatzen da. Hainbeste urte eta gero ohitu egiten zara. Eskiatzaileok jakin badakigu akats ñimiñoena larrutik ordaintzen dugula, ez ditugula 90 minutu gaizki hasitakoari buelta emateko. Tentsioa badago, baina harekin bizitzea ikasi beste erremediorik ez dago.

Nola oroitzen dituzu joan den urteko Olinpar Jokoak?

Oso oroitzapen polita dut. Lehen Olinpiar Jokoak ziren niretzat, txikitatik horrelako proba batean egoteko ametsa nuen. Inguruko guztia ikusita sumatzen da txapelketa berezia dela. Hala ere, lehen proba iritsi zenean, jaitsiera, lasai antzean nengoen; ez nintzen finegi ibili denboraldi osoan lasterketa horretan eta, beraz, ez nuen presio handirik. Ferran Terra kataluniarra eta biok gazteenetakoak ginen Kanadan; jaitsieran, denak gu baino zaharragoak ziren, eta erraldoian, beharbada gure adineko baten bat egongo zen, baina bazegoen 35 eta 38 urteko eskiatzailerik ere.

Zeintzuk dituzu pista kuttunak?

Austriako Interstoder eta Italiako Alta Badia; Italiako pista horretan erraldoia oso polita da, nahiz eta nik oraindik ez dudan bertan lehiatzerik izan. Baqueirakoa ere aipatu behar dut, gozatu ederrak hartu baititut bertan.

Udaran, zu negu bila joaten zara. Azken urteetan, Argentina aldera mugitu zara, zehazki.

Aurten hirugarrenez egon naiz Ushuaian, Argentinan. Lehen Txilera joaten nintzen, Termas de Chillanera; baina Ushuaia egokiagoa da, Txilen egun asko alferrik galtzen genituen elurretarako baldintza egokirik ez zegoelako. Ushuaia, gainera, hiri bat da, eta horrek aukera zabalagoa ematen du eskiatzen ez zaudenean. Eskiatzaile italiarrak, suitzarrak, frantziarrak… Horiekin guztiekin egiten dut topo Ushuaian.

Nolakoa izaten da lanegun arrunta Ushuaian?

Goizeko entrenamendu saioa eta gero bazkaltzen dut. Jarraian, atsedenalditxo bat hartu, eta ondoren ariketa fisikoa, bideoak ikusi, afaldu eta lan bilera.

Ordu asko ematen al dituzu bideoari pega-pega eginda?

Ezinbesteko lan tresna da, hobetze aldera. Akatsez beste edonola baino hobeto jabetzen naiz bideoak ikusiz. Pantailan ikusitakoa datorren egunean aldatzen saia zaitezke.

Eta denboraldia hasten denean, jakina, sasoi puntuarekin bakarrik ez, elurrarekin ere kezkatuta ibili behar, ezta?

Etengabe egon behar dut meteorologia albisteei so, izan ere, probak bertan behera gelditzen dira maiz. Hori Europa osoan horren da ohikoa ezen nahiago izaten baitut horretan pentsatu ere ez egitea. Batzuetan toki batean nago lehiatzeko pronto eta halako batean bost orduko bidaia egin behar izaten dugu
beste lekuren batean eskiatzeko.

Surfista asko oporretan ere olatu bila joaten dira. Zu ere lehiatzen ez zarenean eskiatzera joaten al zara?

Ez, ez! Toki epelak bilatzen ditut. Bai nik eta baita eskiatzaile gehientsuenek ere. Niretzat ortzemuga ikustea garrantzitsua da, denbora asko igarotzen baitut mendi artean.

Idolorik ba al duzu?

Alberto Tomba zen nire idoloa txikia nintzenean, eta orain txapelketetara joaten da gonbidatu. Oraindik orain lehiatzen direnen artean, Massimiliano Blardone italiarrak pila bat lagundu zidan aurreko urtean, eta Didier Cuche suitzarra oso jatorra da; 35 urterekin egurrean jarraitzen du.

Zer moduz daramatzazu odontologia ikasketak?

Oso motel noa, baina ez dut utzi nahi. Edozein lesio izanez gero, edo eskian nahi bezainbeste aurrera egin ezean, bermea eduki beharra dago. Ikasketak dira niretzat berme hori. Traumatologia asko gustatzen zitzaidan duela urte batzuk, baina orain gehiago betetzen nau odontolgiak; inplanteen gaia biziki interesatzen zait.

Eskiatzeko kemena moztu dizun erorikorik izan al duzu?

Bizkarreko mina izan ohi dut, eta duela urte batzuk eroriko gogorra izan nuen: lau saihets hautsi nituen Alpeetan. Hala ere, nik ez dut arriskuan pentsatzen; ezin dut arriskuan pentsatu.

Noraino irits zaitezke?

Une batzuetan erabakiak hartu behar dira, eta ezin naiz munduan barrena paseoan ibili emaitza onak iristen ez badira. Urte asko eman ahalko ditut eskian! Nik eskiatzen dut asko gustatzen zaidalako, jakina, pasioa dut. Lasai egon behar dut. Une onak eta txarrak izango dira. Asko eskatzen diot neure buruari, eta asko haserretzen naiz gaizki nabilenean. Lasai jokatzen ikasi behar dut. Dena dut hobetzeko! Teknika, taktika… Esate baterako, urte asko daramatzatenek badakite pista bakoitzeko zer txokotan arriskatu behar den eta zeinetan ez.

Eskian proba bat baino gehiago dago. Denak atsegin al dituzu?

Erraldoia gustatzen zait gehien, eta jaitsiera ere atsegin dut adrenalinagatik. Slalom-ean, aldiz, nahiko traketsa naiz betidanik.

Etxean zaudenean, zer?

Beste kirol batzuetan jarduten naiz, esate baterako futbolean lagunekin. Golfa ere gustatzen zait, eta baita surfa ere, nahiz eta gero eta gutxiago hartzen ditudan olatuak. Txikitan, eskolako futbol taldeko kide nintzen; entrenatzen nintzen, bai, baina asteburuetan ez nuen partidarik jokatzen eskiatzera joaten nintzelako. Bestalde, ondo jatea inportantea da, eta hori, etxean baino hobeto inon ez.

Etxetik kanpo ondo jatea zaila al da?

Beno, Italian, adibidez, ondo jatea ez da zaila, pasta eskura duzulako. Frantzian, aldiz, ondo jateko diru dezente ordaindu behar da.

21 urte eta jada munduan barrena dezente bidaiatu duzu. Irakaspenik bai?

Jende askorekin hartu-emana izaten duzu. Hainbat kultura eta batez ere hainbat izateko era ezagutzen dituzu. Hizkuntzei dagokienez, ni batik bat italieraz eta ingelesez moldatzen naiz.