Pastoralari buruzko erreportajea egin dute Larraineko hainbat gaztek

Pastoralari buruzko erreportajea egin dute Larraineko hainbat gaztek https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pastoralari-buruzko-erreportajea-egin-dute-larraineko-hainbat-gaztek/@@download/image/20117229164pastorala_monzon.jpg
2012/12/13
berria
'Kanaldude' herri telebistarekin batera prestatu dute, eta ikus-entzunezkoen munduan lehen pausuak emateaz gain, Larraindarrek pastoralaren prestaketa eta eguna bera nola bizi duten jaso dute erreportajean. Aurtengo pastorala uztailaren 31n eta abuztuaren 7an aurkeztuko dute, eta Telesforo Monzonen bizitza izango du ardatz

Larraineko herritarrak azken detaileak lotzen ari dira datorren uztailaren 31n eta abuztuaren 7an aurkeztuko duten pastorala borobiltzeko. Herri ondoko soro batean taularatuko duten testua Jean Bordaxarrek idatzia da, dantzaren gaineko ardura Johaine Etxebestek hartu du eta soinu-lanetan Jean Charles Sanz eta Mixel Etxekopar ariko dira.

Ikuskizunaren prestaketan, ordea, herri osoa inplikatzen da eta logistika, publizitatea, administrazioa eta komunikazioa euren gain hartzen dute. Horrexegatik, hain justu, prestatu dute Larraineko hainbat gaztek pastoralari buruzko erreportaje hau, herritarrek ekimena nola bizi duten islatzeko eta honek eurentzat duen garrantzia azaltzeko. "Jendearekin biltzeko, kantatzeko eta mementu gozoak iragaiteko" eguna dela esan dute askok kamera aurrean.

Kanaldude herri telebistak bitartekoak eta zenbait aholku ahalbidetu dizkie gazteei, eta beraiek arduratu dira herritarrak elkarrizketatu eta alboko lana osatzeaz. Aitzakia baliatuta, bide batez, laborantxak Larrainen duen etorkizunaz eta gazteen geroaz ere jardun dira.


Telesforo Monzon (1904-1981), ardatz



Duela 20 urte Xalbador pastorala eman zuen Larraineko herriak. Oraingo honetan, ordea, Telesforo Monzonen bizitza izango da protagonista. Bederatzi antzerkiren idazlea, Telesforo Monzon Bergaran jaio zen. Familia aristokratiko batean sortua, Gorteetako diputatu hautatu zuten 28 urte zituelarik. 1936an, bakarrik 32 urte zituela, lehen Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburua izendatu zuten, Jose Antonio Agirre-ren lehendakaritzapean. Espainiako Gerla Zibilaren ondotik, Caracasera ihes egin behar izan zuen eta gero Donibane Lohizunen gelditu zen bizitzeko. Euskal kulturaren alde anitz eman zuen.