Pantaila handiko historia okerra

Pantaila handiko historia okerra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pantaila-handiko-historia-okerra/@@download/image/46p44-1_1367581559.jpg
2004/11/05
erreportajea
Asier Coloma
Ezagutza hedatzeko aparteko tresna da zinema: ikusle askorengana heltzen da eta ikuslearen garunak ahalegin handirik egin gabe jasotzen du informazioa. Hala ere, askotan filmeek akatsak dituzte: zientifikoak, historikoak... Ondoko lerrootan, gertakizun historikoei buruz egindako hutsegiteez arituko gara.

Film askok dituzte akatsak. Batzuk besteak baino potoloagoak. Hona hemen adibide batzuk.

Mel Gibsonen "Braveheart" filmean, Ingalaterrako errege Eduardo I.ak bere semearen emazte Isabel bidaltzen du eskoziarrekin negoziatzera. Ez dago film handirik maitasun istorio handirik gabe, eta pelikula hau ez da salbuespena.

Isabel aristokrataren eta Braveheart iraultzailearen bihotzak gatza uretan bezala urtzen dira. Isabel haurdun geratzen da. Ondorioz, matxinoaren semea izango litzateke, etorkizunean Ingalaterrako jaun eta jabe! Baina errealitatean, hau ezinezkoa litzateke. Izan ere, Braveheart heroi eskoziarra 1305ean exekutatu zuten, Isabel Ingalaterrara heldu baino hiru urte lehenago. Hori bai haurdunaldi psikologikoa!  

Begibistakoa da gidoigileek eta zuzendariek ez dietela datei erreparatzen. "Camelot" filmean, esaterako, Ginebra erreginak tea eskaintzen dio gonbidatu bati. Tea, ordea, XVI. mendean heldu zen Ingalaterrara, Arturo eta mahaikideen garaia baino hamar mende geroago!

Hamaika dira Bigarren Mundu Gerrari buruz egindako filmak. Horietan, Michael Bayren "Pearl Harbour"-en esaterako, maiz ikusten dira Ameriketako Estatu Batuetako banderak. Bandera horiek badute berezitasun bat: garai hartan Amerikako Estatu Batuak 48 estatu ziren arren, film gehienetan egungo bandera, 50 izarduna, ateratzen da. Akats soila ala handinahikeria? Ez da, ordea, horrelako adibide bakarra. Anthony Mann-en "El Cid" pelikulan, Charlton Heston itsututa dabil mairu gaiztoak —Al Qaedaren arbasoak omen, Aznarren aburuz— Penintsula Iberiarretik botatzen, eta Espainiaren handitasuna goraipatzen. XI. mendeko pertsonaia XV. mendean sortutako egitura politikoa goratzen. Arraroa, ezta? Edo agian, ez horrenbeste.

Sariak eta akatsak

Oscar ugari jaso dituzten filmak ere ez dira azterketatik onik atera. James Cameronen "Titanic" filmak 11 Oscar jaso zituen. Hala ere, guztia ez da saritzeko modukoa. Esaterako, Moneten "Ninfak" margoa azaltzen da pelikulan. Baina, margolari frantziarrak, Titanic hondoratu eta hamaika urte beranduago margotu zuen.

Zuzendari eta gidoigileek historia azterketa errepikatu beharko dute.

Zientzian ere, eskas



Zenbait filmetan oso zientifikoak ez diruditen pasarteak badaude. Titanic-en, esaterako, itsasontzia hondoratu ostean, hainbat pertsona izoztu eta hil egiten dira. Izotza ura baino arinagoa denez, hilotzak ur gainean geratzen dira. Leonardo di Caprio, ordea, hondoratu egiten da. Nola demontre? Harriak sartu al zizkioten poltsikoetan? Haren harrokeriaren pisuak hondoratu al zuen?

Zientzia fikziozko filmeetan ere eskas samar dabiltza egileak. Nork ez du gozatu Paul Verhoeven-en “Starship Troopers” edo George Lucas-en “Star Wars” pelikuletako espazioko gudekin? Eztandak, zartatzeak... baina, nola da posible soinu hori, espazioan oxigenorik ez badago? Era berean, espazioko txortalarientzat ere berri txarrak dakartzagu. Hainbat filmetan azaltzen dira sexu harremanak, baina sexua espazioan ezinezkoa omen da. Hori dio behintzat Missouriko Saint Louis unibertsitateko irakasle G. Stratmann-ek: “Espaziontziko mikrograbitatea dela-eta, mugimendu txar batek gizonezkoaren zakila hauts lezake”. Ongi irakurri duzue; bai, hautsi.