Orban hiltzaileak

Orban hiltzaileak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/orban-hiltzaileak/@@download/image/26p26-1.jpg
2003/01/03
erreportajea
Unai Brea
Orban hiltzaileak
Azaroaren 13an Prestige izeneko itsasontziak istripua izan zuen Galiziako kostaldearen parean. Ordutik honakoa aski ezaguna duzue: hondamendi ekologikoa, herritarren erantzuna, Espainiako Gobernuaren noraeza… Ezbehar ikaragarri honek Euskal Herrian izan dezakeen eraginaz jardungo dugu.

Abenduaren lehenenengo astean iritsi zen Prestige itsasontziaren marea beltza gurera. Bizkaiko itsasertzera, hain zuzen. Ez zen larriegi izan, ez behintzat Galiziako irudiak bezain krudelekin alderatuta. Orban gutxi etorri ziren (edo gutxi iruditu zitzaizkigun, Costa da Morteko hondamendira Somaliako ume ezin argalagoetara bezain ohituta gauden honetan), eta zikindutako hondartzak nola edo hala garbitzea lortu zen, larrialdi plan handia prestatzen zen bitartean. Lerro hauek idazterakoan, ez da marea beltz berririk hurreratu euskal kostaldera; baliteke, beraz, aldizkaria zuengana iristerako errealitatea ondoren deskribatuko duguna baino larriagoa izatea. Auskalo. Kazetaritzaren kontutxoak dira, badakizue.

Ezin uka, hala ere, euskal kostaldea mehatxu larri batenpean dagoela. Kantauri itsasoan hainbat tona fuel-olio dabiltza, haizearen arabera dantzan, eta edozein unetan Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko itsasbazterrak bisita ditzakete. Zorionez, ikasgaia ikasi da, eta aukera horri aurre egiteko prest gaudela dirudi, halako zorigaitz baten aurrean prest egon daitekeen heinean, bederen.
Abenduaren 5ean lehen orbanak Muskiz, Sopela eta Getxon ikusi zirenetik, hainbat neurri hartu dira. Euskal arrantzale askok mendebaldera ere jo dute, Kantabria aldean dabilen fuel-olioaren garbiketa lanetan aritzeko. Egunero 20 tona jasotzera iritsi dira.

Horrez gain, euskal itsasontzi bi marea beltzaren kontrako borrokan ibili dira Galizian. Horretarako propio egokitutako ontziak dira, eta Donibane Lohizunetik abiatu ziren Galiziaruntz abenduaren 4an; fuel-olioa Kantabriara iritsi zen egun berean eta Bizkaira iritsi baino egun bat lehenago. Esan dezakegu, beraz, Euskal Herrian badugula honako egoera latzei aurre egiteko tresneria.

Bestalde, harrigarria da Espainiako Gobernuak agertu azpiegitura eta aurreikuspen eza. Galizian izandako petroliontzien istripu aurrekariak kontuan izanda, sinestezina dirudi Prestigeren isuriari eusten dabiltzan ontzi guztiak Espainiatik kanpokoak izatea. Ildo honetatik, ez da ahaztu behar Hego Euskal Herrian kostaldearekin lotutako eskuduntzak Espainiak dituela. Zeresanik ez, Ipar Euskal Herrian ere Frantziarenak dira.

Ondorio larriak

Marea beltz handi batek gure kostaldean eragin ditzakeen kalteen artean, balio ekologikoa duten inguruei eragingo liekeena aztertu da arreta handienaz. Urdaibai edo Txingudi bezalako parajeetara fuel-olioa iristeak ondorio larriak, eta epe luzerako konponezinak, sortuko lituzke. Beste horrenbeste esan daiteke arrantza-portuei buruz; erregaiak hondamendi ekonomikoa ekar lezake, Galiziara eraman duen bezala. Oraingoz, Espainiako Gobernuak dirulaguntzak ezarri ditu lanbidea galdu dutenentzat, baina ikusteko dago laguntza horrek zenbat denboraz iraungo duen, Prestigeren istripuaren arrastoek oso luzerako joko dute eta. Zenbait iturriren arabera, hamabost urte beharko dira egoera atzera erabat normaltzeko.

Esandakoaz jabetzeko, zer hobe aurrez izandako antzerako istripuen ondorioak aztertzea baino. 1989an Exxon Valdez izeneko petroliontzia Alaska aurrean hondoratu zen, 750 kilometroko kostaldea kutsatuz. Ordura arte ezin oparoagoa zen ekosistema pikutara joan zen betiko, eta espezie ugariren populazioak zeharo txikiagotu ziren. Hiru urte geroago, Egeo Itsasoa izeneko ontzi greziarrak edukia A Coruña hiriaren aurrean isuri zuen. Marea beltza Ferrol, Ares eta A Coruñako itsasadarrez jabetu zen, eta muskuiluaren negozioa hiru urte luzez utzi behar izan zen bertan behera. Eta hauek adibide bi baino ez dira.

Galizia, lurralde zigortua

Ikus daitekeenez, Galiziak bereziki pairatu ditu erregaia daramaten ontzien ezbeharrak. 1976an, Urquiola Espainiako petroliontziaren urperatzearen eraginez, 108.000 tona erregai isuri ziren A Coruñako itsasadarraren parean (pentsa; Prestigek 77.000 zituen istripuaren unean, eta horietatik askok barruan jarraitzen dute oraindik). Baina ez pentsa kasualitate hutsa denik. Urtero substantzia kaltegarri edo toxikoak daramatzaten 13.000 untzi igarotzen baitira Fisterra lurmuturraren paretik, eta denek ez dituzte segurtasun 0arauak betetzen, oraingoan agerian geratu denez. Gauzek horrela jarraituz gero, hamar edo hamabost urtero Galiziari (eta ingurukooi) hondamendi ekologikoa jasatea egokitzen zaiola onartu beharko da. Bestela, legeria egokia ezarri beharko da, halakoak ekiditeko. Ez dirudi, ordea, botere ekonomiko eta politikoaren ugazabak neurri sakonegiak hartzeko prest daudenik.

Nola aurre egin?



Prestigerena bezalako zorigaitza suertatzen den bakoitzean, hainbat konponbide (leunbide esan beharko genuke, halakoak ezin dira-eta konpondu) jarri ohi dira mahai gainean. Denak, hala ere, ez dira egokiak, eta are gehiago, batzuek kalte handiagoa eragin dezakete. 1967an, esaterako, Torrey Canyon itsasontziak 120.000 tona erregai isuri zituen Ozeano Atlantikoan. Arazoari aurre egiteko, detergente kopuru eskergak bota ziren itsasora, hark petrolioa disolba zezan, eta azkenik, ondorioak larriagoak izan ziren. XX. mendeko lehen ezbehar garrantzitsua izan zen, eta eskarmentu ezak ere izan zuen zer esanik kasu hartan.

Boluntarioak
Galizian milaka lagun aritu dira egunotan hondartzak eta itsasoa garbitzen, euren kabuz. Boluntarioak dira, haietako batzuk Euskal Herritik joandakoak.

Boluntariek  argi izan behar dute lan hau arriskutsua dela, fuel-olioak minbizia eragin dezake eta. Horregatik,  hainbat babes neurri izan behar dituzte gogoan. Batetik, gorputzeko atal guztiak ondo estaltzea. Jantzi egokiak eroateaz gain, begiak, eskuak, eta oinak fuel-olioaren erasoaz babestu behar dira, betaurreko, eskularru eta oinetakoen bidez. Eta ez ahaztu arnas hartzeko muturrekoa; oso garrantzitsua da, bai ahoa bai birikak babesteko, eta horregatik ezinbestekoa da iragazkailua egunero aldatzea. Haurdun dauden edo ditia ematen ari diren emakumeek ezin dute horrelako lanik egin, eta gaixo orok medikuari galdetu beharko lioke garbiketan parte hartu aurretik.

Boluntariek Galizian egindako  lanak, bestalde, zer esana eman du. Izan ere,  “politikoki” erabiltzen ari dela uste dute batzuek, erakundeen antolaketa falta estaltzeko edota “espainiar” guztien arteko elkartasuna nabarmentzeko, besteak beste. Ildo honetatik, Ipar Euskal Herriko 43 talde ekologista biltzen dituen CADE elkarteak  fuel-olio orbanak garbitzeko prest ez dagoela adierazi du. Hau da, orbanak Ipar Euskal Herriko kostaldera iritsiko balira, elkarteak uko egingo lioke garbitze lanetan parte hartzeari. Elkarte honek dioenez, lan hori “ardura duten enpresariei dagokie, zeintzuek arriskuen prebentzioen arloan herritarrei trufa egiten dieten, baina ezbeharren bat dagoenean, haien lanaz  baliatzen diren”.

Datu kezkagarriak


-Iaz Bilbo, Pasaia eta Baionako portuetan 500 petroliontzi sartu ziren, 14 milioi tona erregaiarekin (haietatik 13 milioi Bilbokoan)
-Bilboko portura, batez beste, 1,2 petroliontzi sartzen dira egunero, Muskizeko Petronorren birfindegia dela eta.
-Joan den hilean, Bilboko portuan, petroliontzi batek alarma deia egin zuen. Azkenean sustoa baino ez zen izan, ez baitzen erregairik isuri, baina ontziak 270.000 tona erregai zituen barruan, Prestigek baino lau aldiz gehiago.
-Azaroaren 26tik abenduaren 4ra bitartean hutsak edo arazoak zituzten 12 ontzi atzeman zituzten Bilboko eta Pasaiako portuetan; haietatik hiru petroliontziak ziren.