Olatu Talka lurralde osora hedatuko da aurtengoan

Olatu Talka lurralde osora hedatuko da aurtengoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olatu-talka-lurralde-osora-hedatuko-da-aurtengoan/@@download/image/2012429121olatu_talka_2.jpg
2012/12/13
berria
Olatu Talka lurralde osora hedatuko da aurtengoan
Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da 2016an, eta horren harira, Olatu Talka 2012 proiektuak hainbat jarduera prestatu ditu aurtengoan ere. Trans, Eko, Geo, Lab, Koop edota Pop bezalako balioak oinarri harturik, dantza, antzerkia, etab. eskainiko dituzte Donostian maiatzaren 11n, 12an eta 13an, eta egitarau zabala egokitzen ari dira lurraldeko beste hainbat herritan ere. Kulturaren zipriztina herritar ororengana hedatuko da!

Olatu Talka 2012k kultur hiriburuaren proiektua osatzen duten balioak gizarteratzeko helburua du, eta horregatik, aurtengoan hiriburutik atera eta lurralde osora hedatu nahi du, prozesu eraldatzailearen lehen eredu izateko. Deialdiaren aurrean, herritarrek gogoz erantzun dute, eta hamar ekimenetik gora antolatu dituzte, hala nola, Tolosan, Andoainen, Orion, Astigarragan, Bilbon, Pasaian, Gasteizen, Bermeon, Arantzan, Elgoibarren, Irunen eta Getarian. 

Programazioa


Programazioa oraindik erabat itxita ez dagoen arren, honakoak dira dagoeneko konfirmatuta dauden jarduerak.

Kattalin bere bidearen bila
Hondakinen birziklapenean oinarritutako antzezlana da, eta Getaria-Arizkunen aurkeztuko dute. Kattalin izeneko emakumea izango da protagonista, eta tetrabrikak, poltsak, kartoi erabiliak, eta beste hainbat hondakinez egindako jantziak daramatzaten hogei aktorek parte hartuko dute antzerki-desfilean.
DIY balioa du oinarri: eskura dauden baliabideak aprobetxatu objektu erabilgarriak sortzeko.

Sukal Talka
Roberto Ruiz sukaldariaren zuzendaritzapean, Tolosako herritarrek errezeta zaporetsuak egin ahal izango dituzte. Halaber, lehengaien ekoizleekin zuzenean egon eta produktuen jatorria ezagutzeko beta izango dute.
TRANS balioa du oinarri: zaharren jakinduria belaunaldi gazteen esku jartzen dute.

Street Dance
Dance & Smile Elgoibarko dantza eskolaren eskutik, hiri-kulturan oinarritutako ekitaldia izango da. Hogei dantzari baino gehiagok hartuko dute parte, Maria Escobedo hip-hop dantzari eta irakaslearen zuzendaritzapean. New Style estiloa oinarri hartuz, musika, dantza eta arte grafikoak landuko dituzte.
KOOP balioa du oinarri: eskualde bereko gazteak, dantza estilo ezberdinekin, elkarrekin artiko dira elkarlanean.

Hacklab
Ekintza esperimentalak egingo dituzte Andoainen auzolanaren bitartez. Gizarte-eraldaketarako laborategiak kontzeptupean bat egiten duten jarduerak izango dira, Olatu Talka eta Kilometroak ekimenen programazioen baitan.
LAB balioa du oinarri: formatu txikiko tailerretan esperimentatzeko proposamenak egiten dira.

Trikitixa eta pandero topaketa
Orioko Danbolin Musika Eskolaren eskutik, herri osoa zeharkatuko duen trikitixa eta pandero kalejira egingo dute herrian.
POP balioa du oinarri: bertako musika-tradizioaren isla.

Sahara Albaolan
Fisahara Zinemaldian eta Alboala Fundazioaren laguntzaz, Sahararen aldeko ekimena izango da. Helburua biztalneria errefuxiatu sahararrek bizi duten egoera nazioartean ezagutaraztea izango da.
GEO balioa du oinarri: gure begirada zabaldu eta munduko beste tokietatik gertatzen dena ikasteko aukera da.

Kontzertalka
Euskal Herriko Musika Etxeen Sareak antolatutako musika estilo ezberdinen zirkuitua egingo dute Bilbon, Bermeon, Gasteizen eta Arantzan. Talde sortu berriek eskainiko dituzte kontzertuak, eta musika prestakuntza, sormena, erakustaldia eta hedapena du helburu.
NET balioa du oinarri: beste tokietako ezagutza jaso eurena eskaini eta europar sareetara egokitzeko.

EhrZ Lehiaketa
EHZk urtero antolatutako euskal talde berrien musika lehiaketa da. Aurkezten diren taldeek eszenatoki profesionaletan jotzeko aukera izaten dute, eta aurtengoan prestatu duten formula berriarekin, finalerdiak ere egin dituzte, lurralde osoa bateratuz.
POP balioa du oinarri: tokiko musika indartzen duen jaialdia da.

Vintage desfilea
Emaus Gizarte-Fundazioaren eskutik, bigarren eskuko gaiak balioan jarriko dituen desfilea egingo dute Irunen. Helburua aurreiritziak haustea eta hipokresiak uxatzea izango da.
EKO balioa du oinarri: produktu berrerabiliak eta iraunkorrak erabiltzea.

Flauta topaketa
Astigarragako Musika Eskolak antolatutako kontzertuan marrazki bizidunetako filmen soinu bandak joko dituzte musika eskoletako ikasleek elkarrekin.
KOOP balioa du oinarri: musika-eskola ezberdinen arteko elkarlana.

Igogailu Bakarrizketak
Pertsona gorren eta entzuten dutenen arteko konparazio dibertigarria egiten duen antzerkia egingo dute Tolosan, umorea oinarri, ezgaitasunari garrantzia kendu nahi diona. Zeinuen lengoaiaren bidez jardungo dute interpreteek.
KOOP balioa du oinarri: lankidetzaren bidez, pertsona gorrek eta entzuten dutenek elkarrekin lan egiten dute.