“Olaia Gil: "Ziur zaudete niri eman nahi didazuela Ercilla Saria?”"

“Olaia Gil: "Ziur zaudete niri eman nahi didazuela Ercilla Saria?”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olaia-gil-quotziur-zaudete-niri-eman-nahi-didazuela-ercilla-sariaquot/@@download/image/2012289407olaia_1360830022.jpg
2012/02/03
elkarrizketa
“Olaia Gil: "Ziur zaudete niri eman nahi didazuela Ercilla Saria?”"
Olaia Gil aktorea da, eta Ercilla Antzerki Sarietan 2011ko Errebelazio Saria jaso du. "No me hagas daño" antzezlanean izan da taula gaineko bere lehen apustu handia, eta ezin hobeto atera zaio egindako lana 25 urteko gazte errenteriarrari. GAZTEZULO berarekin izan da, eta saria sinistu ezinik jaso duela kontatu digu irribarretsu.

Nola hartu duzu saria?
Oso pozik nago, ez nekielako hautagaia nintzenik ere! Deitu zidatenean haiei galdetu nien: “Ziur zaudete ni naizela?” —barre egiten du—. Izugarrizko poza eman zidan izen ona duen saria delako, eta egin dudan lehen lana delako ere; bai profesionalki, eta baita bestela ere. Izan ere, orain arte ikasten aritu naiz, eta sekula ez dut antzezlanik egin talde amateurretan.

Beraz, lehenengo saiaketa izanik, horrelako emaitza borobila lortzeak eta epaimahaiari nire lana bihotzera iritsi izanak, asko pozten nau.

Nola hasi zinen antzerkian?
Kazetaritza ikasi dut, eta beti izan dut antzerkiarekiko grin berezi bat. Txikitan zer edo zer egin nuen, baina fundamentuzko ezer ez. Unibertsitateko azken mailan nengoela antzerki ikastaro batean eman nuen izena; praktiketan ari nintzenez, ordea, ezin izan nuen joan. Itzulitakoan, azkenik, Irutxuloko Hitzan lau orduko lanaldiarekin hasi nintzen, eta arratsaldetan Donostiako Arte Eszenikoen Tailerretan jaso nituen antzerkiko lehen klaseak. Oso intentsoa izan zen, hiru urtetan zehar, egunean lau orduz aritu bainaiz bertan. Horren harira, Ttanttakaren "No me mires" antzezlanean hasteko aukera sortu zitzaidan, eta hemen nago.

Zein da zure pertsonaia?
Paularen papera egiten dut nik, tratu txarrak jasotzen dituen emakumearen alabarena. Bere amari begiak irekitzen saiatzen da. Asko gustatu zait, gaur egungo neska bat delako eta bere ama jasaten duen horretatik ateratzeko edozer egiteko prest dagoelako.

Gainera, obran oso elkarrizketa ezberdinak ditu: amarekin, hari gertatzen zaionari buruz; aitarekin, amari egiten diona leporatzen baitio Paulak; terapeuta batekin, gertatzen ari den guztiaren inguruan hitz egiteko; eta baita lagun kolonbiar batekin ere. Horregatik, erregistro eta kolore ezberdinak lantzeko aukera eman dit obrak. Amorrua, laguntasuna, … polita da pertsonaia aberasgarria antzeztu behar izatea.

Zergatik antzerkia? Zer sentitzen duzu taula gainean?
Antzerkiak beste mundu batean sartzeko eta beste pertsona bat izateko aukera ematen dizu. Obra honekin jende askorengana iristea lortu dugu, eta publikoari barrena mugitu diogu. Buruan zerbaitek "klik" egin die, eta buelta pare bat eman diote tratu txarren kontuari. Antzerkia gauza askok osatzen dute, hainbat alderdi barneratzen eta sentitzen baitituzu.

Zer gustatuko litzaizuke aurrerantzean egitea?
Antzezlan gehiago egin nahiko nituzke, baina mundu hau oso zaila da. Egia esan, sari honekin itxaropena dut norbaitek besapean hartuko ote nauen! —barre egiten du—. Kurrikulumerako oso gauza positiboa da, baina aukerak lortzea zaila da. Horregatik, frogatxoren bat egiteko beta izatea, eta Paula bezalako pertsonaia interesgarriak egin ahal izatea gustatuko litzaidake.