Obesitatea: ba ote dakigu zer den?

Obesitatea: ba ote dakigu zer den? Ona osasun izurrite hau ulertzeko gakoak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/obesitatea-ba-ote-dakigu-zer-den/@@download/image/descarga.jpeg
2019/12/04
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ona osasun izurrite hau ulertzeko gakoak.
Obesitatea: ba ote dakigu zer den?

Azken 50 urtetan garatutako osasun arazo larrienetakoa da obesitatea; mundu mailan zabaldu da azkar batean, eta dagoeneko epidemiatzat hartzen dute osasun adituek. Baina, zer da obesitatea? Soilik loditasunarekin eta itxura fisikoarekin lotutako zerbait dela uste baduzue oker zaudete... 

Obesitatearen larritasuna ulertzeko, adi honako datuari; egun, gehiago dira obesitateak eragindako osasun arazoez hiltzen direnak kotxe istripuetakoak baino. Eta azken horiek ez dira gutxi. Gainera, epidemia gizartearen etorkizunera ere iritsi da, eta geroz eta gehiago dira obesitatea duten haurrak.

Obesitatea ez da kilo kontua soilik; elikadura anabasa, ohitura txarrak, antibiotikoak eta botikak, ohitura txarrak... asko dira epidemia berri honen atzean ezkutatzen diren faktoreak. Jarraian, obesitateaz jakin behar dituzun hainbat gauza:

1) GURE GARAIKO GAIXOTASUN ZABALDUENA DA: Ez da txantxetarako kontua. Gaixotasun larrien eragile zuzena da obesitatea; bihotz arazoak, minbiziak, arnas gaixotasunak, arazo neurologikoak eta diabetesa, esaterako. Egun, gaixotasun horiek bestelako gaixotasun epidekoen gainetik daude.

2) BENETAKO ETSAIA, AZUKREA: Betidanik esan digute obesitatea gantzarekin lotuta dagoela, baina ez da egia. Elikagai ultraprozesatuetan ezkutatzen den azukreak zerikusi zuzena dauka obesitatearekin eta honek eragiten dituen gaixotasunekin. Epidemia hau gelditzeko ezinbestekoa izango da beraz azukreari betoa jartzea.

3) KORESTEROLAZ ESAN DIGUTENA EZ DA GUZTIZ EGIA: Koresterolak ezinbesteko rola jokatzen du gure gorputzean, eta beharrezkoa dugu metabolismoa erregulatu eta gantzak garraiatzeko, besteak beste. Horrek ez du esan nahi gantzak kontrolik gabe irentsi behar ditugunik; baina kontu izan 'Light' elikagaiak kaltegarriagoak direla gantz normaldunak baino, gantz horiek azukrearekin ordezkatzen direlako kasu gehienetan.

4) HOBE EGUNERO MUGITZEN BAGARA: Badirudi orain mundu guztia maratoi bat egiteko moduan egon behar duela, eta ez da hori; baina osasuna mantentzeko ezinbestekoa da gorputza mugimenduan mantentzea. Aukeran, hobe egunero pixka bat egitea larunbatean 2-3 ordu ala gehiago gorputza birrindu arte ibiltzea baino. Eta oso argi izan ariketa fisikoak eta kirolak zure osasun fisikoa zein mentala mantentzen lagunduko dizutela, beraz, merezi du ziur!

5) EDULKORATZAILEAK EZ DIRA HOBEAK: Azukrearen ordezko gozagarriak ez dira azukrea baino osasungarriagoak; alderantziz, azkruearen efektu bera eragiten dute, insulina insensibilizatuz. Kontuz kontsumitu.

6) BARAUALDIEK LANGUNDU DEZAKETE: Eta adi, ez gara Elsa Patakyren mirakulu dietak bultzatzen ari eta. Beti medikuaren gomendioei jarraituta, ikerketek diote noizbehinka 24 orduko baraualdia egiteak efektu positiboak dituela batez ere gure hesteetako mikrobiotan. Baina kontuz, halakoak beti medikuaren begiradapean egin behar dira.

7) MIKROBIOTA, OBESITATEA NEURTZEKO GAKOA: Hain zuzen, obesitatea detektatzeko gakoa da mikrobiota. Oraindik oso gutxi dakigu mikrobiotaz, baina dirudienez, obesitatea garaiz detektatzeko gakoa ezkutatzen du.