Niña Coyote eta Chico Tornado: "Gogotsu gaude egurra banatzeko"

Niña Coyote eta Chico Tornado: "Gogotsu gaude egurra banatzeko" Euskal Herriko talde esplosiboena bueltan da. 'Aitzstar' beren laugarren lana Ricky Falkner entzutetsuarekin grabatu badute ere, beraien proposamen indartsutik ez direla gehiegi urrundu esan genezake 'Azeri eta Herio' singlea entzun ondoren. Disko berriari buruz eta beraien arrakastaren gakoen inguruan aritu gara hizketan bikotearekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nina-coyote-eta-chico-tornado-gogotsu-gaude-egurra-banatzeko/@@download/image/pic by Ramon Zabalegi.jpg
2019/03/01
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti / Argazkiak: Ramon Zabalegi

Euskal Herriko talde esplosiboena bueltan da. 'Aitzstar' beren laugarren lana Ricky Falkner entzutetsuarekin grabatu badute ere, beraien proposamen indartsutik ez direla gehiegi urrundu esan genezake 'Azeri eta Herio' singlea entzun ondoren. Disko berriari buruz eta beraien arrakastaren gakoen inguruan aritu gara hizketan bikotearekin.
Niña Coyote eta Chico Tornado: "Gogotsu gaude egurra banatzeko"

Laugarren diskoa kaleratuko duzue martxoan, 'Aitzstar'; kontatu nolakoa den lan berri hau. Nondik dator izena?

Hamaika kantu berriko diskoa da Aitzstar, gure estudioko hirugarren lan luzea. Izena hitz joko bat da, aurreko diskoetako Izardust edo Lainoland bezalako hitz asmatuen ildoa jarraituz interesgarria iruditzen zitzaigun aitzinako “aitz” hitz euskalduna eta ingelesezko “star” elkartzea.

Zer topatuko dute entzuleek aurreko lanetan sumatu ez dutena?

Taldearen kontzeptua ez da aldatu, baina bilakaera bat egon da bai soinuan eta baita kantuak egiteko eran ere lehenengo diskotik hona. Bilakaera naturala izan da, ekinez pixkanaka gertatzen dena.

'Azeri eta Herio' lehen singlea dagoeneko entzungai dugu; zer kontatzen du azeriaren eta heriotzaren arteko istorioak?
Harkaitz Cano idazlearen hitzak dira. Azeri eta Herio ipuin moduko bat da, interpretazio nahiko librea izan dezakeena.

 

"Beti saiatzen gara ahal dugun onena eskaintzen eta lan handia egiten dugu".

 

'Eate' lanarekin sekulako arrakasta eskuratu duzue; munduan zehar bidaiatu, euskarazko album onenagatik Etxepare saria lortu MIN sarietan… maila mantentzea edota gainditzea zaila ote da?

Beti saiatzen gara ahal dugun onena eskaintzen eta lan handia egiten dugu. Batzuetan lan honek horrelako ondorio pozgarriak dakartza. Guk erritmo berean jarraituko dugu lanean, ea nora eramaten gaituen Aitzstar-ek…

Disko berria oraindik ez da argitaratu eta jada badituzue kontzertu sorta polita hitzartuta; aurten Euskal Herriko hiriburuetan aurkituko zaituztegu.

2018an kontzertu bakarra egin genuen Euskal Herrian eta etxera bueltatzeak ilusio berezia egiten digu.

2018an munduko txoko ugari bisitatu dituzue; baduzue kontatzeko moduko anekdotarik?

Birak etengabeko anekdota sorleku dira, baina ez dugu inor aspertu nahi -barreak-. Egia esan asko ikasten da biran, etxetik urrun jotzen. Bidaiatzeko era berezia da bertakoekin harreman estua izatera eramaten zaituena eta beti da interesgarria leku bakoitzeko funtzionatzeko era ikustea. Normalean dena ondo joaten da, nahiz eta batzuetan ez hain ondo joan, baina beti ikasten dugu zer edo zer merezi duena.

Non hasten da Niña Coyote eta non amaitzen da Chico Tornado? Zein da biko talde batek horren ongi funtzionatzeko arrakastaren gakoa?

Batzuetan ez dago oso argi muga hori non dagoen. Elkarren artean koordinatzea izan daiteke gakoetako bat, zentzu guztietan koordinatzea, oholtza gainean dudarik gabe eta batez ere, oholtzatik kanpo are eta hobeto konpontzea izan liteke gakoa.

Berriki ikusi dugu Euskal Herriko tabernetan jotzeko debekuak jarriko dituztela martxan; hainbat musikari batu dira #arteakireki mugimendura. Zer iruditzen zaizue?

Oso gaizki iruditzen zaigu debeku hau! Hastapenetan dauden taldeentzat kristoren oztopoa da. Talde askorentzat jotzeko aukerak lortzea oso zaila izaten da eta lege honekin aukerak are eta gehiago murriztuko dira. Musikariontzat eta kulturarentzat oro har, kolpe handia da!

 

"Uste dut denei pasatzen zaigula burutik taldea uztea momenturen batean".

 

Azkenaldian euskal talde askoren agurra ikusi dugu; Berri Txarrak, Ze Esatek, Vendetta, Betagarri, Enkore… zerbait gertatzen ari ote da euskal musikagintzan?
Ez dut uste euskal musikagintzaren arazoa denik, hemen nahiko egoera onean gaude orokorrean, baina hala ere gogorra da talde bat aurrera ateratzea, lan handia egin behar da… uste dut denei pasatzen zaigula burutik taldea uztea momenturen batean.

Musikatik bizitzea inoiz ez da erraza izan, baina nola bizi duzue zuek egoera?
Gu ez gara taldetik bizi, ezinezkoa da. Normalean taldean irabazten dugun guztia taldean inbertitzen dugu. Disko berri bat egitea eta makina berriz ere martxan jartzea inbertsio ekonomiko handia suposatzen du guretzat. Taldea aurrera eraman eta proiektua guk nahi dugun moduan aurrera eramateko beste ezertarako ez du ematen.

Sare sozialak eta Internet, tresna lagungarriak ala esklabo bihurtzeko giltzarrapoak?

Dena bezala norberak egiten duen erabileraren araberakoa da hori.

Zer nolako urtea izango da 2019 zuen taldearentzat?

Urte mugitua datorrela dirudi. Kontzertu piloa dugu itxita eta gogotsu gaude egurra banatzeko... Espero dezagun sorpresa ederren bat ekartzea ere…