New York magaletik

New York magaletik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/new-york-magaletik/@@download/image/new_york_01_1389184270.jpg
2014/01/10
erreportajea
Testua eta argazkiak: Amaia Eneterreaga
New York magaletik
New York. Etxe-orratzez jositako hiria, taxi horiak inurriak haina dituen eremua, handia, erraldoia, ikaragarria. Edozer aurkitu daitekeen lekua, eta gaindiezina dirudien handitasun horren baitan hurbiltasuna zer den ahanzten ez duena.


Zortzi milioi biztanle baino gehiago ditu New Yorkek eta bost eremutan banaturik dago: Manhattan, Brooklyn, Queens, Bronx eta Staten Island. Hainbertze jende bizi den lur eremu hau aski kosmopolita da, eta horrek, nola ez, koloretsu eta originala bihurtzen du.

Komunikabideetan, filmetan, liburuetan, anitzetan daukagu New Yorken inguruko informazioa. Manhattan hitza erranda, ziurrenik eraikin altua, lanpetuta dabilen enpresaria edota espektakulua etorriko zaizkigu burura. Gogoan marraztutako irudi horiek guztiak badaude New Yorken. Hori horrela da. Batzuetan film baten barruan oinez zabiltzala dirudi, baina topiko horietatik haratago, irudi horietatik urrunduz ezagutzen da benetako New York.

Ailegatu aurretik nituen ideia guztiak lehenengo astean bota nituen zakarretara. Hiriarekiko amorru puntua neukan, banekielako hura kapitalismoaren gailurretako bat dela. Dena den, etxetik sekula atera ez den euskal herritar gazteak ere bere txokoa lasai aski egin dezake han.

Tripazorriak asetzeko
Eta nola egiten da hori? Bada, ez dago formula magikorik, baina jakin-minak eta ezagutzeko gogoak anitz laguntzen dute. Manhattanen bertan nora joan gaitezke, koadrilarekin egiten dugun bezala, zerbezatxo bat edo bazkaldu ondorengo kafetxoa hartzera? Lehenik eta behin, argi eduki, hango kafea hiru aldiz gehiago ordaindu beharko duzula eta txosnetan ikusten ditugun prezioetatik aski urruti dagoela kaña ziztrin bat. Baina horrez gain, adibidez, East Village-ko giro bohemioan gustura aski egoteko hainbat taberna daude. Egunero izaten da gazte giroa bertan. Berdin du asteko zein egunetan zoazen, zuzeneko hainbat kontzertu dohainik ikusteko aukera izaten da eta. Astearte idor batean, "jontrabolta" (joan, tragoa hartu eta buelta, goizuetarrez) egiteko asmoarekin atera eta bertsoak kantzen, sanferminetako dantzak dantzatzen eta AC/DCko Angus imitatzen amaitu dezake batek... Kontuak atera! Kafeak hartzeko lekurik onenak berriz, Cafe Grumpy izenekoak edo kafetegi ttikiak dira, ebakia hartu, aulki banatan eseri, kontu kontari aritu eta tarte batean lasai egoteko leku perfektuak. Izan ere, New Yorken gehienek kafea eramateko hartzen dute. Alegia, kafetegian sartu, eskatu eta segidan ateratzen dira, bidean edan eta denborarik ez galtzeko.

Otorduekin ere antzera gertatzen da. "Nola? Jatea den plazerarekin!", pentsatuko duzue. Izan ere, munduko gastronomia desberdinak dastatzeko aukera dago bertan: Himalayakoa, afganiarra, korearra, kubatarra, jamaikarra... New Yorkek daukan gauzarik onenetakoa horixe da, mundu osotik datorren jendea bizi dela bertan, denentzako dagoela tokia han, denontzat dagoela aukera. Jatetxe indiarrera sartu eta badirudi Doraemonen atetik sartu izan bagina bezala, Indian zaudela segundo batean. Janaria bertakoa, zerbitzariak bertakoak, zuzenean musika jotzen ari direnak ere hangoak, jatetxean dagoen dekorazioa ere bai... Gu ohituta gaude "Etxeberriko milarengana" edota "Axi eta Julirenera" joaten. Aldiz, Abu al-Dahlarengana joatea ere egunerokotasunaren barrenean sartu daiteke New Yorken.

Harat honatean
Otorduak egiteko leku andanaz gain, hirian, noski, gauza erakargarri gehiago dago, eta bereziki atsegina da kaleetan zehar oinez ibiltzea. Jazz, rock edo estilo desberdinetako kontzertuak tabernetan; margolan ikaragarriak pareta, zaborrontzi, ate edo kamioietan; dantza saioak kalean, salmenta postuak, janari merkea saltzen duten lekuak... Oinez ibiltzea aberasgarria eta osasungarria da, beraz, sagar handira joateko aukerarik baduzu, hartu denbora eta gozatu kaleetan barrena galduz.

Makina bat paseo eman ondotik, erdigunetik haratago joateko normalean ezinbertzekoa izaten da metroa hartzea. Distantzia luzeak egiteko garraio publikoa erabiltzen du gehiengoak, eta noski, hemen ere erran beharra dago, metroan ibiliz gero, egoera aski bitxiak ikusten direla! Musika jotzen edo kantatzen ari den bat, bazkaltzen ari dena, mugikorretik mezua bidaltzen edo aurikularrak jarrita solasean ari dena, mapa begiratzen duen turista, burdin barretan soinketa egiten ari dena, edota lo seko dagoena... Metroari dagokionez, kontuan hartu guttienez 30 minutu beharko dituzula leku batetik bertzera mugitzeko. Baina lasai, aski dibertigarriak izan daitezke-eta bidaia horiek!

Auzoz auzo
Txoko berezi gehiago ere badago noski East Villagez gain. Manhattandik atera eta gazteontzako aski interesgarria eta dibertigarria izan daitekeen bertze leku bat Williamsburg da, Brooklynen dagoen auzoa. Azkeneko urteetan apartamenduen errenta anitz igo den arren, Manhattanen bizitzea baino dezente merkeagoa da, eta horrek gazte anitz mugiarazi ditu. Beren bizimodu independenteari ekiteko gogoz, ikasle edota langile hasiberri anitz ere hurbildu dira harat. Adibidez, autore xumeen artelan ugari ikusi daitezke bertan, edonon aurkitzen baitira galeria ttikiak edo momentuan inprobisatutako azokak. Berez, New Yorkeko gainontzeko eremuetan ere erran daiteke arteak presentzia handia duela, museoetan artearen ikuspegi desberdinez gozatu daiteke eta eraikinetan edonon ikusten dira lan zirraragarriak. Bada, Williamsburgen ere horrela gertatzen da, baina ziurrenik, autoreren bat gertutik ezagutzeko aukera ere izanen duzu, Manhattanen ez bezala.

Xarma berezia daukan bertze leku bat Harlem da, Manhattanen bertze aurpegia erakusten duena. Historikoki afroamerikarren auzoa izan da, eta aski ezagunak izan ziren Marthin Luther Kingek bertan egindako mitinak. Duela urte batzuk eremu arriskutsutzat jotzen zuten arren, azpimarratzekoa da gaur egun lasai asko edonor bizi daitekeela bertan. Harlemen kale-kultura da nagusi, oinez ibiltzen hasiz gero saskibaloian ari diren lagun taldeak, raperoak edota hip hop dantzariak erraz ikusiko dituzu. Eta nola ez, gospel edo jazz kontzertuak! Igandero, hainbat elizatan gospel mezak egiten dituzte, eta harrigarriak dira aditzen diren ahots eta kantak. Harlem beraz, sartu zerrendatxoan!

Etxean bezala sentitzeko New Yorken alderik gazte, fresko eta goxoena ezagutu berri dugu, baina kontuan hartu beharreko beste hainbat gauza ere badago. Lehenik eta behin jakin, lurraldera sartzeko hainbat paper bete eta eskuratu behar direla eta, horiek ongi egin ezean, zaila dela sartzea. Eta bigarrenik, etxebizitza batean alokairuan bizitzeko ere kontu handiarekin ibili behar da. Gazteok maiz jotzen dugu merkeenera, baina batzuetan arazoak ekarri ditzake horrek... Saiatu aurrez aterpetxe edo lagunen etxeren bat lortzen.

Diasporan, beren lurretatik urrun, hainbat eta hainbat euskal herritar bizi dira gaur egun. New Yorken ere anitz dira gure lurretatik etorritakoak. Gainera, azpimarratzekoa da bertze Euskal Etxeetan ez bezala New Yorkekoan berriki iritsitako euskal herritar anitz dagoela. Gazteak, etorkizun berri baten bila joan direnak... identitate, kolore eta izaera desberdin anitzeko jendea biltzen da bertan. Baina, hala ere, denena da txokoa. Huraxe da anitzen bigarren etxea; hiriko koadrila eta familia.

Kontuan izan


- Turista gisa joanez gero, 90 egunez egon zaitezke ESTA izeneko baimenarekin. Denbora gehiagorako bazoaz, zure egoerari dagokion bisa atera beharko duzu.

- Ez itsutu kate handietako janari lasterrarekin. Mundu osoko jakiak dastatzeko aukera paregabea da New York!
 
- Manhattango zoramenaz haratago, saiatu auzoetako bizitza nolakoa den hurbiletik ezagutzen.

- Bertan bizi den edo bizi izan den norbaitekin kontaktuan jarri, hil ala bizikoa izan daiteke eta!

- Kalera nahi bezala ateratzeko leku aproposa da New York, inork ez dizu arraro begiratuko!

- Ahal bezainbertze ibili, inoiz ez baitakizu zerekin egin dezakezun topo. New York ezustekoek egiten dute berezi!