Neska kontsumitzaileak, baztertutako errealitatea

Neska kontsumitzaileak, baztertutako errealitatea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/neska-kontsumitzaileak-baztertutako-errealitatea/@@download/image/drogak_141_1370514176.jpg
2013/06/10
erreportajea
Testua: Maitane De Anitua. Ai Laket!! elkartea.
Neska kontsumitzaileak, baztertutako errealitatea
Droga kontsumitzea sozialki gaitzestutako ekintza da. Baina, lehen-lehen arbuio horretaz gain, kontsumitzaileen artean batzuek besteek baino bazterkeria handiagoa jasaten dute. Substantzia motak finkatzen du zenbaitetan hierarkia hori, baina baita generoari lotutako aurrejuzkuek ere. Azken hauetan ipiniko dugu arreta.


Drogaren inguruan genero ikuspegitik egindako ikerketak eskasak dira, eta auzia ekarpen teoriko nahiz metodologiko berrien eta zabalagoen beharrean dago. Euskal Herrian emakume kontsumitzaileei buruz landutako ikerketak Europako beste herrialde batzuetan baino beranduago hasi ziren eta, oro har, urriak izateaz aparte, ez dituzte kezka garrantzitsuenak argitu. Hala ere, drogomenpekotasunaren arloan emakume kontsumitzaileen behar nahiz egoerari erreparatu eta zor zaion arreta eskaintzea ezinbestekoa da, errealitate hau estaltzeak ondorio kaltegarriak besterik ez baititu ekarri: ezjakintasuna, gaitzespena eta beraiei zuzendutako bitartekoen ezegokitasuna, besteak beste.

Substantzia psikoaktiboen inguruko mespretxuzko diskurtso publikoak eta emakumeek azaldu beharreko jarrerari buruzko epaiketa estigmatizatzaileek zama bikoitza ezarri dute droga kontsumitzen duten neska eta andreen gainean; bi bider zigortzen ditu jendarteak: ilegalitatean kontsumitzen aritzeagatik eta emakumeari ustez dagokion rolari jarraiki ez jokatzeagatik, emakume batengandik espero ez den zerbait egiteagatik alegia. Aipagarria da, bestalde, neska eta andre hauei zuzendutako bibliografia eskasa beraien kontsumoak hirugarren pertsonengan duen eraginetan oinarritu izan dela eta, hortaz, subjektu izaera ukatu diela beste behin. Hau da, emakume kontsumitzailea arazoaren erdian kokatu ordez, menpeko izaera bat egotzi zaio bere behar eta egoerari.

Ondorioz, gizonezkoekin alderatuz, gizarteak andrazko kontsumitzaileetaz duen irudia eta egiten duen balorazioa askoz ezkorragoa da, besterik gabe, azken hauek ez dutelako betetzen sozialki ezarritako papera. Rol inposatu honen arabera, emakumeei gehien axola zaiena beren ingurukoen ongizatea eta zaintza da, euren desira handiena ama izatea da, ez dira inoiz haserretzen eta familia arazoei aurre egiteko indartsuak dira gai direlako beren behar afektiboak bigarren maila batean uzteko. Eta horretarako, jakina, ustez ez dute ezer kontsumitzeko beharrik.

Gauzak horrela, gizonek baino gehiago, emakume kontsumitzaileek jendartearen mespretxuari egin behar diote aurre, lotsa, porrota eta ulertezintasuna euren haragitan biziz. Izan ere, aurreiritzi sozialek uste baino pisu handiagoa dute oraindik, erakutsi beharreko jarreren eredu izaten jarraitzen dute oraindik, eta emakumeen rol tradizionaletik aldentzen den oro okerrekotzat edo arriskutsutzat hartzen da.

Hala eta guztiz ere, egia da gero eta aurrerapauso gehiago ikusten ari garela alor honetan, nahiz eta erabatekoak ez izan. Esaterako, biztanleriaren parte handi bat diren heinean, emakume kontsumitzaileena kontuan hartu eta ikertu beharreko errealitate gisa kontsideratzen da gero eta gehiago, eta apurka-apurka hauen inguruko lanak ugarituz doaz.  Ezinbestekoa baita eskema zaharrak aldatzea.