NEREA TORRIJOS

NEREA TORRIJOS “Nire lana ez da aktoreak dotorotzea, sarritan itsustu egin behar izaten ditut pertsonaiaren psikologiaren parte izan daitekeelako” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nerea-torrijos/@@download/image/ELK_NereaTorrijos-6.jpg
2022/12/28
elkarrizketa

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Argazkiak: Irantzu Pastor @irantzupastor

“Nire lana ez da aktoreak dotorotzea, sarritan itsustu egin behar izaten ditut pertsonaiaren psikologiaren parte izan daitekeelako”
NEREA  TORRIJOS

FILM BATEN GRABAKETATIK IRTEN ETA 'IRATI' SITGES JAIALDIAN ESTREINATU BERRI HARRAPATU DUGU NEREA TORRIJOS (BILBO, 1986) ZINEMARAKO JANTZI-DISEINATZAILEA. SORMENAK GAINEZKA EGITEN DION EMAKUME ZORROTZA,  JENDETASUN HANDIKOA, LANGILEA ETA ZINTZOA EZAGUTZEKO AUKERA IZAN DUGU. 2021EAN JANTZIEN DISEINU ONENAREN GOYA SARIA ESKURATU ZUEN 'AKELARRE' FILMAN EGINDAKO LANAGATIK, BAINA HORREK URTEZ-URTE EGINDAKO LANA BALIOZTATZEKO AUKERA EMATEAZ HARAGO, OINAK LURREAN MANTENTZEKO BALIO IZAN DIO.  

 

  • Txikitan, denbora asko ematen zenuen etxean zure kamerarekin gauzak grabatzen, eta zinema eta moda modu naturalean uztartzen hasi zinen, ezta?
    Bai, horrela da, esan liteke ia konturatu gabe elkartu nituela bi munduak. Zinema asko gustatu izan zait txikitatik, eta bertan ikusten nituen arropak eta jantziak deigarriak iruditzen zitzaizkidan. Urteak igaro ahala elkartu egin nituen bi munduak, baina, zuk esan duzun moduan, oso era naturalean izan zen, ez zen amesten nuen edo espero nuen zerbait.
    Egia da 'Titanic' filmeko Rose-ren soinekoa egin nahi izan zenuela behin, eta etxeko errezelak kendu zenituela hori egiteko?
    –Barreak–. Bai, liluratu egiten ninduen filmetan ikusten nuen guztiak…
  • Gogoratzen duzu jantziengatik liluratu zintuen lehen filma?
    Bai. Jennifer Lopez protagonista duen The Cell (Tarsem Singh, 2000), Williams Shakespeare's Romeo and Juliet (Baz Luhrmann, 1996) eta Bram Stoker's Dracula (Francis Ford Coppola, 1992). Txundituta geratu nintzen hirurekin, ikaragarriak dira. Nerabea nintzen ikusi nituenean eta jantzien-kontzeptu liluragarria dute.
  • Urteen poderioz eta zureganatu duzun lan-esperientzia eta jakintzaren ostean, gauza bera pentsatzen duzu film horiei buruz?
    Jakina. The Cell eta Dracula-ren jantzi-diseinatzailea pertsona bera dira, Eiko Ishioka japoniarra. Figuringilearen lana, eta diseinu zein sormen alorrekoa, ahozabalik uzteko modukoak dira. Kolorezko ohial desberdinak nahasten dira fantasia horren barruan, azal eta odolari buruz diharduten ehun harrigarri horiek. Liluragarriak dira.
  • Estilismoa eta aholkularitza pertsonala ere ikasi zenuen; ikasitako hori guztia aplikagarria da zure egungo lanean? Zuzendariek nahi duten hori ulertzeko psikologotik ere izan behar da apur bat?
    Zalantza izpirik gabe. Nik beti esaten dut zuzendariak ulertzeko gaitasun berezia dudala –barreak–. Beste pertsona batek buruan duen hori ulertzen saiatu behar dut eta errealitatera eraman. Oso gutxitan gertatu zait, birritan esango nuke, zuzendariari ulertu ez izana. Nahiko erraz egiten dudan lana da zuzendariak azaldu nahi dudan hori ulertzea. Baina bizitzan ere horrelakoa naizelako da, nire nortasunagatik; jendetasuna daukat, konfiantza ematen dut, ondo moldatzen naiz pertsonekin… Jakina psikologoa izan behar dela apur bat, eta ez zuzendariekin bakarrik, baita aktoreekin edota gainerako lantaldekoekin ere. Pertsonez inguratuta gaude etengabe, eurekin lanean, eta etengabe ari gara erabakiak hartzen.

 

[Elkarrizketa osorik urriko GAZTEZULO aldizkarian!