Nerea Aranburu: “Min egiten diguten edo korapilatuta dauzkagun kontuak lantzeko modua ematen du umoreak”.

Nerea Aranburu: “Min egiten diguten edo korapilatuta dauzkagun kontuak lantzeko modua ematen du umoreak”. Nerea Aranburu Alonso (Donostia, 1994) erizaina da ogibidez, baina beste hamaika kontutan ere aritzen da bere denbora librean: antzerkian, esketxak egiten, TikTok bideoak, 'Atzean Zuloa' saioa, zein proposatzen dioten edozein gauzatan, ezezkorik esaten ez dakiela aitortu baitu. Umorea du bizipoz, eta umorea egiten jarraitzeko asmoa du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nerea-aranburu-201cmin-egiten-diguten-edo-korapilatuta-dauzkagun-kontuak-lantzeko-modua-ematen-du-umoreak201d/@@download/image/nereazb.png
2022/05/11
elkarrizketa

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Nerea Aranburu Alonso (Donostia, 1994) erizaina da ogibidez, baina beste hamaika kontutan ere aritzen da bere denbora librean: antzerkian, esketxak egiten, TikTok bideoak, 'Atzean Zuloa' saioa, zein proposatzen dioten edozein gauzatan, ezezkorik esaten ez dakiela aitortu baitu. Umorea du bizipoz, eta umorea egiten jarraitzeko asmoa du.
Nerea Aranburu: “Min egiten diguten edo korapilatuta dauzkagun kontuak lantzeko modua ematen du umoreak”.

Umorearekin lotzen zaitugu. Betidanik izan duzu umorerako joera?
Bai. Zurriola Antzerki Eskolan hasi nintzen 10 urterekin eta urtero gauza desberdin bat egiten genuen: ipuin bat, klun, mimoa… Baina beti umoretik jo dugu. Nik uste betidanik izan dugula joera hori, eta hortik jarraitu dugu. Aurten antzezlan berri batekin ari gara eta bertan umorea ez da foku nagusia, erronka handia izaten ari da. Lehen aldiz, helburua ez da jendeari barre eginaraztea, baina gainerakoan umorezkoak izan dira, bai.

Elkarrizketaren batean aipatu duzu zure burua ez duzula umoregiletzat. Antzerkian urte askoan aritu zarenez, aktorea zarela esango zenuke?
Egia esan, ez bata eta ez bestea. Ez dakit zerk egiten zaituen umoregile. Egia da umorea erabiltzen dudala nire bizitzako egoera, arlo eta toki askotan. Umorea erabiltzen dut, umorea egiten dut, baina ez dut neure burua umoregiletzat.

Etiketa horren barruan sartzea kosta egiten zaizu, zure buruari aitortza hori egitea?
Bai, agian bai. Ez zait kostatzen erizaina naizela esatea; hori ikasi dut, horretan ari naiz lanean… Baina antzerkia egiten dut, horretan lan egin izan dut, eta zergatik ez naiz umoregilea? Kosta egiten da. Nik uste dut zeure burua identifikatzen duzun momentuan presioa handiagoa duzula hori ondo egiteko edo zerbait demostratzeko. Horregatik izan daiteke beharbada.

Erizaina zara ogibidez, osasun mentalaren arloan. Deskonektatzeko ere oso tresna ona izango da umorea, ezta?
Deskonektatzeko eta baita konektatzeko ere. Pentsatu izan dut umorea kostatzen zaizkigun edo min egiten diguten gauzak, korapilatuta dauzkagunak, lantzeko modua dela, eta normalizatzeko. Horretarako ere balio du umoreak. Ni neu konturatu naiz zerbaiten inguruan umorea egiteko gai naizenean esan nahi duela gainditua daukadala edo naturalizatuta.

Horrelako gauzak partekatzeak ere tabu diren gai horien inguruan hitz egin ahal izatea eragiten du…
Bai, zalantzarik gabe. Gauza guztien inguruan hitz egiteak ikusgarritasuna sortzen du, norberari bakarrik ez zaiola gertatzen jabetzea, naturalizatu egiten duzu, hitz egiteko plaza sortzen duzu, iritzi ezberdinak partekatzeko espazioa…

Lanerako ere balio dizu umoreak?
Bai. Pazienteekin tokiaren eta espazioaren arabera izaten da. Umeekin lan egiten nuenean gauza askotarako erabiltzen nuen umorea. Orain helduekin nabil eta ez da hain erraza. Oso ondo jakin behar duzu non, nola eta zer momentutan. Horretaz gain, lankideen artean, zalantzarik gabe, umorearekin dena errazagoa da. Beti ere noiz, non eta nola jakinda, noski.

Barrexerka-ren parte ere bazara. Nola sortu zen taldea?
Duela bost bat urte sortu zen. Mikel Irazustari eta Maialen Sorzabalbereri otu zitzaien espazio bat bazegoela non euskarazko umorea beste formatu batean egin zitekeen, ideiak eta gidoiak prestatzen hasi ziren, hori guztia harilkatzen, eta gero jende bila hasi ziren. Nigana jo zuten eta horrela hasi nintzen ni. Ez daukagu ezer finko edo itxirik. Eguneroko gaurkotasuneko egoerez aritzen gara, umoretik, oso modu errazean, absurdotik, parodiatik… Grabatutako esketxak erakusten ditugu emanaldietan eta antzerkia egiten dugu.

Zurriola Antzerki Eskolan ere jarraitzen duzu?
Bai, Brianen bizitza egin dugu, eta orain Jose Saramagoren Irla Ezezaguna-ren ipuinaren antzezpena prestatzen ari gara. Ekainean estreinatuko dugu.

Orain, gainera, publikoa musukorik gabe ikusi ahal izango duzue emanaldietan...
Gozamena da! Aurrekoan Brianen bizitza antzezlanaren emanaldia egin genuen Hondarribian eta publikoa musukorik gabe zegoen lehena izan zen guretzat. Irribarreak ikusteko gogoa genuen, horren falta sumatzen genuen. Oso-oso polita izan zen.

Bestetik, ‘Atzean Zuloa’ ikus-entzunezko esketxen proiektua ere bosgarren denboraldira iritsi da. Espero zenuten halako jarraipena izaterik?
Ez, egia esan ez. Baina bideo motzak dira, ikuserrazak, azkarrak… Orduan, ulergarria da gehiago ateratzea. Oso-oso pozik gaude. Ivanek eta biok aurrera egiten dugu deitzen gaituzten bakoitzean.

Zergatik funtzionatu dute, geure buruari buruz barre egiten dugulako?
Hala esango nuke. Bideo guztiekin ez da gertatzen, baina beti bada bideoren bat "Hori ni naiz!" pentsarazten dizuna. Enpatia horrek ere sortzen du gustuko izatea. Geure burua edo ingurukoren bat identifikatzen dugu: laguna, aita, ama…

TikTok-erako bideoak ere egiten dituzu. Audioak hartu eta keinu eta aho mugimenduaren bidez ematen diozu bizia, antzezpena. Nola egiten duzu, zein izaten da prozesua?
TikTok-en kuxkuxeatzen dut eta gustuko dudan audioa hartzen dut. Egia da toki berera jotzeko joera dudala, Belen Estebanen bideoak asko gustatzen zaizkit eta baita Paquita Salas telesailekoak ere. Momentuan bertan egiten ditut, horregatik dauzkat horrenbeste, ez zaidalako batere kostatzen. Aurkitu, bideoa egin eta aurrera.

Audioa eta aho mugimendua bateratzeko entsegu batzuk egin beharko dituzu ala?
Pare bat aldiz entzuten dut audioa, saiatzen naiz behin edo bitan egiten, eta hirugarrenean kito! Ez diot eskaintzen behar dena baino denbora gehiago. Ez daukat galtzeko denborarik. Zaila dela ikusten badut ez dut egiten; azkar-azkar egiten ditut, ez dauka inolako konplikaziorik.

Ia beti gaztelaniazko audioak izaten dira. Nekeza al da euskarazkoak topatzea?
Bai, nahiz eta egia den askoz ere ikusgarritasun handiagoa dutela euskarazkoek. Euskarazkoa igo nuenean, letxugarena, sekulako oihartzuna izan zuen. Jarriko nintzateke horretan, baina denbora gehiago eskatzen dit eta nik hau oso modu informalean egiten dut, inongo obligaziorik gabe, eta, hortaz, eskura daukadanarekin egiten dut. Noizean behin igoko dut baten bat euskaraz, baina denbora-tarte handiagoa eskatzen du, eta nik neure buruari momentu honetan esan diot: “Nerea, presiorik gabe, nahi duzuna egin eta nahi ez duzuna ez, eta aurrera!”.

22. Korrikaren amaiera ekitaldia ere aurkeztu zenuen ‘Atzean Zuloak’-eko Ivan Aizpurua kidearekin batera. Ez zenuen halakorik imajinatuko ala?
Ez, inondik inora ere ez. Egun batean idatzi ziguten eta esan ziguten e-maila jaso zutela Korrika amaierako ekitaldia aurkezteko proposamenarekin eta guk esan genien: “Baina gu ez gara aurkezleak!”. Eta hala esan ziguten: “Bai, baina lasai, egingo duzue!”. Eta ezezkorik esaten ez dakigunez… aurrera!

Eta nola bizi izan zenuen oholtza gainetik?
Nik neure buruan, ez dakit zergatik, nik uste urduritasuna kentzeko, pila bat txikitu nuen. Eta igandean hara iritsi nintzenean eta oholtza ikusi nuenean Boulevardeko errepidean: “Ai ama!”. Eta orduan pentsatu nuen: “Bale, Nerea, Euskal Herri osoa egongo da hemen, aurrera!”. Ivan ondoan edukitzeak sekulako segurtasuna ematen dit, soltura handia du eta inprobisatzeko gaitasun handia. Pila bat errazten dizu. Hortaz, urduri nengoen baina ondo atera zen, akatsik ez zen egon, denbora kontuak ere ondo, eta gozatu egin genuen. Oholtzatik jaistean jabetu nintzen gertatu zenaz eta pentsatu nuen: “Ze berezia, ze polita aukera hau eman izana, eta betiko gordeko dut”.

Izan ere, alderdi asko dituzu Nerea, modelo lanak ere egin baitituzu Berriaren arroparen promozioa egiteko.
Nire lehengusina kazetaria da bertan eta proiektuaren berri eman zidan, argazki batzuk aterako zituztela esan zidan eta horretarako egokia nintzela. Beste behin, ezezkorik esaten ez dakidanez, aurrera! Arratsalde batean egin genuen, lanetik atera hiruretan eta zuzenean hara. Argazkilaria eta lantaldea oso jatorra zen. Ibai Zabalak nik baino esperientzia handiagoa du argazkiak ateratzen, pilotaria izanda, eta nabaritzen zen bere naturaltasuna. Ni ez nintzen hain ondo moldatu, baina egin genuen.

Gainera, zuk askotan aipatzen dituzu pilota eta pilotariak Twitterren
Bai, dena barrura! Momentu bat iritsi zen zeinetan neure buruari esan nion: “Nerea, lotsarekin ez goaz inora!”. Hortik aurrera lotsagabekeria guztia atera nuen eta ondo atera zait!

Hamaika saltsatan zabiltza, etorkizunean ere hala jarraituko duzu?
Ba, bai. Hala gustatuko litzaidake. Erizaintza ikasi izanak eta horretan lan egiteak egonkortasuna eta segurtasuna ematen dit; badakit lana izango dudala eta horrek oinarria ematen dit. Eta hortik aurrera, ezezkorik esaten ez dakidanez, ateratzen den guztiari baiezkoa esango diot, eta horrela jarraituko dugu. Nik oso ondo pasatzen dut, nahiz eta beti dagoen momenturen bat zeinetan pentsatzen dudan: “Zergatik esan nuen baiezkoa?”. Oso dibertigarria da eta bizigarria ematen dit.