Udako abestirik ba al dugu?

Udako abestirik ba al dugu? Gaur egun zaila da kantu bakarra hautatzea, aukeraketa zabala baitago. Ala zuk argi duzu zein den aurtengoa? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udako-abestirik-ba-al-dugu/@@download/image/musika entzuten.jpg
2025/08/21

Testua: Maitane Legarreta

Gaur egun zaila da kantu bakarra hautatzea, aukeraketa zabala baitago. Ala zuk argi duzu zein den aurtengoa?
Udako abestirik ba al dugu?

Uda garaia iristen da eta eguneko zein gaueko parrandak ugaritu ere bai. Tabernetan zein txosnetan kantu ugari entzuten ditugu, eta sarritan abesti dantzagarriak eta arinak izaten dira nagusi.

Urte askoan urte bakoitzeko udako kantuak izan ditugu, irratietan eta telebistan sarri-sarri ipintzen zituztenak. Italian sortu zen udako kantuaren fenomenoa, 1964an. Italiako Fonografia Elkarteak lehiaketa bat antolatu zuen talentu gazteak bultzatuko zituen disko bat kaleratzeko asmoz. Neguan egiten zen San Remoko festibalaren arrakasta errepikatzea zen asmoa.

Arrakasta izan zuen eta beste toki batzuetara ere zabaldu zen udako kantuaren joera, Espainiara esaterako. Irrati formulak ere eragin handia izan zuen zabalkundean. 

Azken urteotan, ordea, zaila da udako kantua zein den zehaztea, bakarra hautatzea. Zerikusia izango du streaming plataformak agertu izanak, eta diskoetxeek eta irratiek boterea edo indarra galdu izanak. Lehen abesti komertzial bati babesa ematen zitzaion irratietan eta artista telebistara eramaten zen abestia promozionatzera. Orain, ordea, entzulea edo ikuslea askoz barreiatuta dago, ez gaude denok telebista kate edo saio berari begira, eta ezta irratsaio bera entzuten ere.

Askoz aukera zabalagoa dago, eta, beraz, zailagoa da abesti jakin bat sasoi jakineko puntaren puntako fenomeno bihurtzea. Gainera, estilo dantzagarriko eta izate biziko kantu asko izaten dira orain aldi berean. Arrazoi horiek guztiak tarteko, arrakasta banatu egiten da bat baino gehiagoren artean. Gaur egun TikToken biral egin den bideo bateko abestiak lortzen du askotan zabalkundea.