Liztorrak ez inguratzeko aholkuak

Uda garaian eltxoen ziztadak ohikoak izaten dira, baina haiez gain badira inguruan izaten ditugun beste intsektu batzuk ere: liztorrak . Bakean utziz gero, ezer egingo ez dizuten arren, sarritan ez gara eroso sentitzen gertu ditugula. Hori dela eta, liztorrak uxatzeko edo ez inguratzeko hainbat moduren berri emango dizugu.
Badira liztorrak gogoko ez dituzten usain naturalak: menda pipertua, eukaliptoa, kanela, ozpina, eta limoia eta iltze konbinazioa. Oso sentikorrak dira usain batzuekiko eta horiek erabil daitezke hurbil ez daitezen. Menda pipertu tantak ur ozpinarekin nahastu eta leihoetan, ateetan edo liztorrak ibiltzeen diren tokietan bota edo zabaldu daiteke. Ezkaia, albahaka edo limoi-belarra leku jakinetako lorontzietan landatzea ere gomendatzen da. Ozpina eta ura nahastu eta spray gisa erabiltzea ere beste irtenbide bat izan daiteke.
Liztorrentzako tranpak ere egin daitezke. Plastizkozko botilan gozoa eta alkohol puntua nahastea da gakoa. Botila erditik moztu, goiko zatirari buelta eman eta beheko aldetik sartu. Barruan ardo zuria, garagardoa eta ahabiaren siropea nahas daitezke, eta ozpina bota kontserbatzeko. Azukre-ura, garagardoa edo fruta zaporedun zukua ere aipatzen dira tranpa modura. Hori bai, tranpa hauek etxetik urrun jarri, liztorrak harrapatzeko baitira.
Bestetik, haientzat erakargarriak izan daitezkeen elementuak saihestu. Ez utzi janari hondarrik aire zabalean, eta frutak eta gozokiak estali. Bestetik, zakarrontziak itxita eta garbi mantendu.
Zure gorputzeko usainek ere erakar ditzakete, esaterako lurrin edo xanpu usaintsuek. Horretaz gain, hobe omen da jantzietan kolore distiratsuak eta ilunak saihestea, eta kolore argiak eta neutroak (zuria, beixa, urdin argia…) erabiltzea.
Dena den, gogoan izan habia bat topatzen baduzu, ez duzula hura kentzen saiatu behar. Arriskutsua izan daiteke, batez ere asiar liztorra bada. Halakoetan udaltzaingoari edo suhiltzaileei deitu eta kokapena jakinarazi.