Nerbioiko bataila

Nerbioiko bataila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nerbioiko-bataila/@@download/image/20113315970rega_1361475237.jpg
2011/04/01
erreportajea
Testua: Raul Perez
30 urte igaro dira aurrenekoz Deustu eta Ingeniariak Nerbioi ibaian lehiatu zirenetik. Aurten hilaren 17an ikusiko dute elkar.

Oxford eta Cambridge buruz buru aritzen dira urtero Tamesis ibaian. 250.000tik gora pertsonak ikusten dute zuzen-zuzenean lehia, eta telebistan, 500 milioi ikuslek. Gurean bada horrekin antza duen estropadarik. Ingeniariek eta Deustok neurtzen dituzte indarrak udaberrian Bilbon, Nerbioi ibaian. Ingeniariak urdinez, eta Deustu gorriz.

1981an egin zuten aurreneko aldiz estropada. Bilboko Ingeniarien Goi Eskolak erronka bota zion Deusturi. Erronka bota bai, baina Deustu jaun eta jabe izan zen urte hartako maiatzaren 16an. Bai urte hartan, baita ondorengo seietan ere. 1988an lortu zuten Ingeniariek aurreneko aldiz nagusitzea. Denera, Deustuk 18 aldiz irabazi du eta Ingeniariek 12 urtetan eskuratu dute erretilua edo bandeja. Hori baita jokoan dagoena.

Bilboko Albiako lorategien ondoko Iruñea tabernan gordetzen dute garaikurra urtean zehar, eta bakarrik estropadaren egunean ateratzen dute, irabazleak harro-harro erakuts dezan. Tabernan bertan egiten da estropadaren aurkezpena. Ez da aurkezpen arrunta, ez horixe! Erronka kutsua dario. Aurreko urteko galtzailearen ordezkariak arraun bat lurrera botatzen du, eta beste taldekoak hartu egiten du. Erronkari baietz esatea irudikatzen du horrek. Hori guztia talde bakoitzak izendatutako aita-amabitxien aurrean egiten dute.

Olinpiar Jokoetan erabiltzen diren outriggers ontzietan lehiatzen dira bi taldeak. Aulki mugikorreko estropada da, eta patroiak eta zortzi arraunlarik osatzen dute eskifaia. Ikasleek –bigarren mailatik gorakoak– eta lizentziadunek parte hartzen dute, bai Bilbo eta baita Donostiako fakultateetakoek. Abiapuntua Erandio izaten da, eta jomuga udaletxe parea. 7.408 metro, guztira, lau itsas milia. Gutxi gorabehera, 25 minutuko lana izaten dute. Aurreko urteko galtzaileak aukeratzen du zein itsasbazterretatik egin nahi duen arraun, eta proba amateurra izanagatik, epailerik ez da falta, besteak beste, ontzi bat bestearen bidean sar ez dadin.

Jon Sardon: “Ondo irtetea irabazteko gakoa da”



26 urteko donostiarrak gorriz jantzita egiten du arraun, Deustuko zortzikoan. Estropadak Bilbo aldean oihartzun handia duela dio.Zer nabarmenduko zenuke estropadaz?    Aulki mugikorrak ikusle gutxi erakartzen ditu. Nik parte hartu dudan zortziko estropaden artean hau da jendetsuena, eta Bilbon sona handia du; Deustuko zubia zabaltzen dute gu pasatzen garenean eta hedabideek garrantzia ematen diote.
Zein da gakoa?
Ondo irtetea. Izan ere, aurreneko 1.000 metroetan ibaia nahiko zabala da, eta tarte horretan estropadaren burua hartzea komeni da. Zati hori pasata ibaia estutu egiten da eta kontrarioa aurreratzea oso zaila da. Oso oker ez banago, lau bider irabazi dut proba eta lauretan aurretik gindoazen lehen 1.000 metroak igarota. Hortik aurrera atzean doanarentzat, psikologikoki, oso gogorra izaten da.

Hainbat tokitako ikasle eta ikasle ohi elkartzen zarete. Nola moldatzen zarete entrenatzeko?
Azael Rodriguez da gure entrenatzailea. Esperientzia handia duenez, ba berak antolatzen ditu entrenamenduak eta nork gure arraunkera dugunez, bera arraun egiteko aldaera horiek guztiak bateratzen saiatzen da. Estropada baino hilabete eta erdi lehenago hasten gara entrenatzen, normalean igande arratsaldetan, alegia bakoitzak bere klubarekin entrenamendu saiorik ez duen tarte bakarrenetakoan.

Nolakoak izaten dira estropada aurreko uneak?
Pisaketa egiten da aurrena, sinadura kontrola jarraian, unibertsitateko ordezkari batzuek harrera egiten digute eta, behin hori dena eginda, beroketa ariketak, uretan sartu eta egurra irteeratik helmugara bitartean! Urduritasun puntua izaten da, aurkariaren erreferentzia handirik ez duzulako.

Nolakoa da bi taldeen arteko lehia?
Giro polita izaten da. Batzuetan zure arraun taldeko kideren bat dago beste zortzikoan. Horrelakoetan, espioitza lana egiten saia zaitezke, baina aurretik aipatu bezala Deustu eta Ingeniariak ez gara arraun talde arruntak eta, beraz, ezin da jakin aurkariaren sasoi puntua zein den. Hain justu, sortzen den giro horregatik aurrerantzean ere estropadan parte hartzea gustatuko litzaidake.

Estropada eremuko marka aurkariak du. Ontzeko asmorik bai?
Urtero intentzio horrekin ateratzen gara, baina ibaiko korronteak direla edo haizea dela oso zaila da.

Arkaitz Goñi: “Estropada jatorrizko espiritua berreskuratzen ari da”



Elastiko urdina soinean egingo du arraun 30 urteko hernaniarrak. Aulki mugikorreko ohiko estropadak baino askoz gogorrena dela dio.

Zerk egiten du berezi lehia?
Oso-oso luze egiten da. Aulki mugikorreko estropadak 2.000 metrokoak izan ohi dira, sei bat minutukoak; honek, ordea, 6.000 metro baino gehiago ditu.  Bestalde, estropadak jatorrizko espiritua berreskuratu du; duela lau bat urte Astilleroko zortzikoa atera zen Deustuko ontzian eta Oriokoa Ingeniarienean, alegia ez zuten inongo loturarik eskolekin. Azken bizpahiru urteetan berriz ere ikasle eta ikasle ohiekin osatzen dira taldeak.

Zer oroitzapen dituzu lehiatutako estropadez?
Lehenengo urtean ika-mika izan zen. 45 segundoko aldearekin irabazi genuen, baina kanporatu gintuzten, Deustukoei arraunekin enbarazu egin genielakoan. Azkenean, kirol legez jokatu genuela aitortu eta irabazletzat jo gintuzten. Hori bai, urte hartan estropada eremuko marka ondu genuen, baina izandako gorabeherak medio, epaileek ez zuten aintzat hartu. Erabaki salomonikoa izan zen nolabait: garaipena aitortu bai, baina markarik ez.

Zer estrategia izaten duzue?
Topera atera eta burua hartu, aurreneko bihurgunea barrutik eman ahal izateko. Baina horrek ez du ziurtatzen estropada aise irabaziko duzunik. Gu duela bi urte kale txarrenetik joan ginen, eta ez genuen estropada irabazi, orpoz orpo ibili ginen estropada osoan.

Aurtengo estropadari begira nola dago Ingeniarien zortzikoa?
Ez dakit. Estropada baino aste gutxi batzuk lehenago hasten gara entrenatzen. Gehienok arraunlariak garenez, ba ez dugu aparteko lanik egin behar. Argi dut, ordea, arrauna utzita estropada honetan parte hartzeari ere utziko diodala, oso gogorra bailitzateke urte osoan lehia honi begira lan egitea.

Estropada ostekoa ere berezia izaten da.
Bai, elkarte gastronomikoan elkarrekin bazkaltzen dugu arraunlari guztiok, eta ondoren elkartearen inguruan pare bat trago hartu eta parranda botatzen dugu denok Hernanin.

Ezagutzen al duzu tankera honetako beste estropadarik?
Oxford-Cambridge, Betis-Sevilla eta halakoak badaude. Nik Ingalaterran egiten den The Head Of The River Race-n parte hartu izan dut eta ikusgarria da 400 ontzi inguru ikustea; hemen lau besterik ez dira ikusten. Gurean traineruek denboraldia baldintzatzen dute guztiz, han, ordea, ez dago trainerurik eta aulki mugikorrak indar handia du.

Beharbada ingelesak Nerbioira ekarriz gero mendean hartuko zenituzkete...
Bai zera! Han irabazten dutenak Olinpiar Jokoetan aritutakoak dira, Messiren parekoak dira. Fisikoki beste koska batean daude.

Historia txikia


30 urteko historiak bitxikeriarik ez da falta. 1991an ibilbidea laburtu behar izan zuten, eguraldi makurragatik. Idoia Korta –Jose Luis Kortaren alaba- izan zen parte hartzen lehen emakumea (Deustu, 1994an) eta Ruth Martinez izan zen irabazten lehen emakumea (Ingeniariak, 2005). Eta bada bai urdinez bai gorriz estropada irabazi duenik. Melquiades Verdurasek 19 urte zituela irabazi zuen Ingeniariekin eta 19 urte igaro ostean, Deustuko ontzian jardun zen. Talde bateko zein besteko arraunlariek kirol legea utzi dute agerian behin baino gehiagotan. Horren lekuko, 25. Edizioan gertatutakoa: Deustuk irabazi zuen, baina epaileek kanporatu egin zuten, estropadaren hasieran izandako gorabehera batzuk zirela medio. Hala ere, Ingeniariek Deustuko nagusitasuna onartu eta aurkariak jo zituzten irabazletzat. Hurrengo urtean kontrakoa gertatu zen. Ahalegina eta gero indarrak berreskuratzeko, bazkaria egin ohi dute Bilboko Elkarte Gastronomikoan eta urtero menua berdina izaten da: porrusalda, pistoa bilbotar erara, bakailaua pil-pilean, idi txuletoia eta suflea.