NEDS filmak lortu ditu Zinemaldiko sari potoloenak

NEDS filmak lortu ditu Zinemaldiko sari potoloenak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/neds-filmak-lortu-ditu-zinemaldiko-sari-potoloenak/@@download/image/20109254951NEDS.jpg
2012/12/13
berria
NEDS filmak lortu ditu Zinemaldiko sari potoloenak

Donostiako zinema jaialdian, pelikula onenaren Urrezko Maskorra etaaktore onenaren zilarrezkoa (Connor McCarron) eskuratu ditu filmak.



(Aitor Abaroa GAZTEZULOren zinema adituak NEDS filmari buruz eginiko kritika)

Peter Mullan aktorea guztiok ezagutzen dugu. Braveheart (1995) edo Trainspotting (1996) bezalako filmengatik. Eskoziarrak lanik onenak, ordea, My Name Is Joe (1998) bezalako pelikula txikiagoetan eskaini dizkigu. Hain zuzen ere, errealismo sozialaren maisu Ken Loachen adibidea jarraituz, zuzendari legez ere bide polita egiten ari da. Bere lehen filmean, Orphans (1997), umezurztegi bateko gaztetxoen bizitza erakutsi zigun. The Magdalene Sisters (2002) gogorrean, aldiz, haurdun geratzen ziren gazte irlandarrek jasaten zituzten tratu txarren berri eman zigun. Donostian aurkeztu duen NEDS honetan, Hezkuntzarik Gabeko Delinkuenteak (Non-Educated Delincuents) ditu hizpide.

Filmaren aurkezpen prentsaurrekoan esan zuenez, bere gaztaroan oinarritutako filma da, eta ziurrenik, pisu horrek ez dio askatasun nahikorik utzi zuzendariari. Mullanek esana da, filmean berak antzezten duen aita alkoholiko horrek baduela bere aita zenaren antzik. Hala, errealismora gehiegi hurbiltze horretan esango nuke kale egiten duela filmak, klixean erortzen baita. Lehen hezkuntza amaitu berri duen John gazte argiak etorkizun oparoa du aurretik, baina noski, aitak amari emandako jipoiek, anaia herriko makarrarik handiena izateak, klasekideek ikasle ona izateagatik irain egiteak, okerreko bidera eramango dute. Hain da justifikagarria, are gehiago gaur egun, ezen ez zaidala sinesgarria egiten.

Egiari zor, esan behar da aktore taldea aparta dela, filmaren gauzarik onenetakoa. Glasgow inguruetan egindako castingak fruitu onak eman ditu eta batez ere, alor komikoa jorratzen dutenean filma zeharo dibertigarria suertatzen da. Lagun betaurrekodunak aipamen berezia merezi du. Eta zer esan koadrila ezberdinen arteko borrokez. Ez dira A Clockwork Orange (1971) zoragarriaren ultra-biolentzia koreografiak, baina zuzendariak aktoreekin ondo landutako eszenak izaki, plastizitate ederra ematen diote filmari. Gutxi gehiago. Filmak ordu eta erdira amaiera ederra luke, protagonistak aita hiltzeko saiakera egin ostean, baina Mullanek behartu egiten du filma, ikusleak ondoren datorren eszena bakoitza azkena dela espero duen bitartean. Are gehiago, protagonistak eskumuturretan aiztoak itsatsita heriotzaren bila egiten duen bidaia lisergikoa guztiz delirantea da. Hala, kredituak ikusteko desiran dagoen ikuslea lur jota uzten du, bat-batean, film guztian azaldu ez duena irudi batean azaltzeko, Mullanek lekuz kanpo sartzen duen metaforak.