Natalia Tena: "Euskal azentua dudala esaten didate!"

Natalia Tena: "Euskal azentua dudala esaten didate!" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/natalia-tena-euskal-azentua-dudala-esaten-didate/@@download/image/natali_copia_1401712202.jpg
2014/06/04
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa
Natalia Tena: "Euskal azentua dudala esaten didate!"
Hona hiru bide Natalia Tena (1984) aktore ingelesa ezagutzeko: Harry Potter sagako filmak, ‘Game of Thrones’ telesaila eta estreinatu berri duen ‘10.000 km’ filma. Laugarrena: kalean gurutzatzea.


Harry Potter sagako azken lau filmetan Nymphadora Tonks magoaren papera egiteagatik egin zen ezagun Natalia Tena. Jende askok baina, Game of Thrones telesail arrakastatsuan jarraitzen du; martxan da laugarren denboraldia, eta guztietan agertu da Osha izeneko pertsonaiaren azalean. Eta duela gutxi, Carlos Marqués-Marcet Bartzelonako zuzendari gaztearen lehen film luzea estreinatu du: 10.000 km. Tenak eta David Verdaguerrek gorpuztutako bikotea du filmak protagonista; lan kontuak direla eta, Los Angelesera joan da Alex, eta Bartzelonan geratu da Sergi. Ordura arte bikote egonkorra zena, pixkanaka apurtzen hasiko da, teknologia berriek egunero elkar ikustea ahalbidetu arren.
Londres eta Eibar artean ere badira kilometro batzuk, baina errazagoa da lantzean behin hegazkina hartu eta familia bisitatzera etortzea. Agian, hurrengo aldian, Molotov Jukeboxeko bost taldekideekin batera etorriko da gurera, akordeoia eskuetan herriren bateko jaiak alaitzera.

Milaka kilometrok banatutako bikotearen istorioa kontatzen du ‘10.000 km’ filmak. Gaur egun, teknologia berriak baliatuta, errazagoa da distantziak banatutako harremanak mantentzea?
Bai, teknologia berriek munduaren beste puntan bizi diren familikide eta lagunekin harremana mantentzea ahalbidetzen dute. Baina era berean, filmak erakusten duen bezala, bikote harremanetan, sentimenduak eta sexua tarteko direnean, pertsonek elkar ukitzea behar dute, elkar usaintzea.

Aktoreek asko bidaiatzen duzue. Identifikatuta sentitu zara?
Ez, ezta gutxiago ere. Ez naiz batere ordenagailu zalea. Alde batetik, horregatik erabaki nuen filma egitea, nik bizi izan ez dudan esperientzia hori bizitzeko. Izan ere, badakit distantziak banatutako harremanak zailak eta gatazkatsuak izan daitezkeela. Adam Burke gure musika taldeko gitarra jotzailearen neska-laguna italiarra da, bi urte pasatxo daramatzate elkarrekin, eta asko maite dute elkar. Baina noski, biran gaudenean bideotxat bidezko harremana dute, eta ikusi dut frustrantea izan daitekeela. Adibidez, ikamika txikiak aurrez aurre konpondu ezin direnean arazo handi bihur daitezke. Alde horretatik, zorteduna naiz, Sam alboan dut eta! [Sam Apley bikotekidea Molotov Jukebox taldeko biolin-jotzailea da].

Filma ikusten den bezala errodatu duzue: David Verdaguer Bartzelonan zegoen, zu Los Angelesen, eta bideotxatak benetakoak dira. Zaila izan da?
Sarritan oso frustrantea izan da. Filma biok batera gauden 26 minutuko plano sekuentzia batek irekitzen du. Hori errodatu genuen lehenengo. Eta gero, zuzendaria aktore batekin bakarrik egon zitekeenez, lehenengo Bartzelonan geratu zen lantalde guztia Daviden sekuentziak errodatzen. Ni Diegorekin, soinu teknikariarekin, bakarrik nengoen Los Angelesen, ordenagailuko pantailaren beste aldean. Interneteko konexioa moztu egiten zen... Baina beste alde batetik, esperientzia interesgarria ere iruditu zait, izan ere, askatasuna izan dut lasaitasun osoz antzezteko.

Orain arte ingelesez soilik lan egin duzu. Zaila izan da gaztelaniaz errodatzea?
Zuzendariak gidoia ingelesez bidali zidan, baina irakurri nuenean oso astuna egin zitzaidan, ez zuen batere umorerik. Aldiz, filmaren jatorrian dagoen katalanez errodatutako film laburra ikusi nuen, eta bikaina iruditu zitzaidan, oso organikoa, oso naturala, eta umorearentzako tartea ere bazuen. Beraz, filma gaztelaniaz izan zedin eskatu nion...  eta gero sartu zitzaidan beldurra! Nik badakit gaztelaniaz, baina txikitatik eskolan ingelesez bakarrik ikasi dut, eta entonazioan-eta sarritan ez dut asmatzen. Zuk ulertuko nauzu, euskalduna zara!

Baita zure aita ere!

Bai, eibartarra da! Eta nire ama ere bai, hein batean. Aitona gerra garaian joan zen Extremaduratik Euskal Herrira, gutxinaka familia osoa bertaratu zen, eta ama ere txikitatik bizi izan zen bertan. Ez dakit egia ote den, baina esaten didate euskal azentua dudala!

Euskaraz badakizu?
Agur! Kar, kar, kar. Besterik ez. Nire familiaren kasua arraroa da: nire ama Euskal Herrira joan zenetik oso euskalduna sentitu da, eta bere garaian euskaraz ikasi zuen. Baina nire aitak, bertakoa izan arren, ez zuen ikasi. Garai hartan euskarak bizi zuen egoeragatik edo.

Zu oraindik garaiz zabiltza...
Bai, baina oso zaila da. Euskarak ‘x’ eta ‘k’ gehiegi ditu!

Euskal Herrira etortzen zara?
Ez umetan bezainbeste, baina noizean behin bai. Asko gustatzen zait euskal gastronomia. Batez ere soziedadeak gustatzen zaizkit, elkarte gastronomikoak. Hegoaldean ere badute janari ona, eta beste gauza erakargarri batzuk. Baina iparraldea... Esango nuke hotzagatik-edo zuen sukaldaritzak baduela beste zerbait, oinarri indartsu bat.

Irakurle askok Harry Potterren filmengatik ezagutuko zaituzte. Nymphadora Tonks magoaren paperak eman dio bultzadarik handiena zure ibilbideari?
Ziurrenik bai. Ordura arte jauzi txikiak eginez joan naiz. About a Boy (Chris Weitz, 2002) filmarekin hasi nintzen, eta horrek ahalbidetu zidan Londresen agente bat izatea. Hala ere, ez nuen aktore izateko asmorik. Are gehiago, beka bat eman zidaten Australian filosofia, psikologia eta teologia ikasteko... baina maitemindu egin nintzen! Bekari ezetz esatea erabaki nuen, eta aste horretan bertan, Ingalaterrako antzerki konpainia garrantzitsu batetik deitu zidaten antzerki obra batean protagonistarena egiteko. Bost urtez aritu nintzen antzerkia egiten, eta zinean tarteka paper txiki batzuk baino ez nituen egin, adibidez, Mrs. Henderson Presents (Stephen Frears, 2005), Judy Denchekin. Eta halako batean, Harry Potterren filmak egiteko deitu zidaten.

Eta gaur egun, telebistako fenomenorik handienean, ‘Game of Thrones’ telesailean, Osha izeneko pertsonaiarena egiten duzu. Zergatik da telesaila hain arrakastatsua?
Hainbeste familia eta pertsonaia daude, ikusle oro sentitzen dela pertsonaietako batekin identifikatuta. Bestetik, oso basatia da, eta fikzioa dela jakin arren, uste dut jendeari erakargarri egiten zaiola duela mende batzuetako Ingalaterra horrelakoa zela imajinatzea: sexua, biolentzia eta heriotza. Eta noski, telesaila ona da George R. R. Martinen liburuak bikainak direlako.

Laugarren denboraldia amaitzear da, eta dagoeneko ekoizleek beste bi sinatu dituzte. Oshak jarraitzea espero duzu, ala burua moztuko dizute?
Ez dakit. Baina nik Georgei argi esan diot gainontzekoak hil eta erregina izan nahi dudala! Ea kasurik egiten didan. Zaleen babesa lortu behar dut! Facebooken Osha erregina izatea nahi dutenen taldea sortu beharko dut.

Aktore lanaz gain, Molotov Jukebox musika taldeko kide ere bazara. Zer ematen dizu musikak aktore lanak ematen ez dizunik?

Txikitatik bizi izan dut Gabonetan mahai inguruan familia osoak kantatzea, adibidez, eta ingelesek ez dute horrelako ohiturarik. Esango nuke musika berezkoa dudan zerbait dela, eta aktore lana aldiz, lanbide bezala aukeratu dudana. Hala ere, antzerkia egiten dudanean kontzertuetan bizitzen ditudan antzeko sentipenak izaten ditut. Zuzenean energia askatzen duzu, eta publikoak energia hori bueltatu egiten dizu. Gainera, iruditzen zait antzerkia eta musika zuzenean egiten dituzunean zure buruaz ahazten zarela, eta egoa desagertu egiten dela. Zinea egiten duzunean, aldiz, kamera zuri begira duzunean, harrokeria gehiago dago, edo beldur edo segurtasun falta gehiago.

‘Carnival Flower’ diskoko ‘Neon Lights’ kantaren bideoklipa plazaratu berri duzue.
Niretzako kanta garrantzitsua da, Londresi eta bertako etorkinei eskainita baitago. Londres ez da Ingalaterra, Londres da. Etorkinen bizkarrean eraikitako hiria da. Nire gurasoak Euskal Herria utzi eta bizitza hobeago baten bila joan ziren bertara, eta zuten guztia sakrifikatu zutelako dut nik orain daukadan bizitza pribilejiatua. Eurei eta bizitza hobearen bila beste herrialde batera doazen guztiei eskainitako kanta da.

Bertako zinema edo musika jaialdiren batean zu ikusteko aukerarik izango dugu?
Espero dut 10.000 km filma Donostiako Zinemaldira eraman ahal izatea. Eta Molotov Jukeboxekin ere nahiko nuke Euskal Herrian jo. Nire lehengusu Igor etorri zen Londresera kontzertu bat ikustera, eta beti galdetzen dit Euskal Herrira noiz joango ote garen!