Nagore Laffage, hamar urte memorian

Ostiral honetan hamar urte beteko dira Diego Yllanes medikuak Nagore Laffage gaztea bortxatu eta erahil zuenetik San Fermin jaietan. Iruñean hainbat omenaldi egin dizkiote, indarkeria sexistarik gabeko jaiak aldarrikatuz eta justiziaren erabaki lausoak gogor kritikatuz. Donostian ere, Laffage gogoan izango dute larunbatean; Helena Taberna zuzendariaren Nagore filma eskainiko dute Tabakaleran.
Dokumentalean parte-hartze garrantzitsua du Nagoreren amak, Asun Casasolak, benetan emakume adoretsua izaki, berak eramaten baitu istorioaren hari nagusia. Hain zuzen, bere alabari egindako omenaldietan adierazpen gogorrak egin ditu: "Ziur nago 'Manada' asko egon direla. Horregatik, ezinbestekoa da salaketa jartzea, emakumeok ez gaudelako bakarrik".
ZAPI MOREA SAN FERMINETAN
Manadaren sententziaren harira sare sozialetan San Ferminetara emakumeak ez joateko edota beltzez janzteko proposamenak aireratu dituzte, baina Iruñeko elkarte feministek argi utzi dute asko borrokatu dutela kaleak denentzat izan daitezen; beren proposamena zapi moreaz joatea da, baina normal jantzita, San Ferminak denen festak direlako.