Alferrak izateko programatuak gaude

Alferrak izateko programatuak gaude Jarduera fisikoren bat burutzeko sofatik altxatzea kostatzen bazaizu ez kezkatu, ez zaude bakarrik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nagiak-izateko-programatuak-gaude/@@download/image/70397_desktop_bebf8c6c415bcef01d4e797cbb7c9c12_photo.jpg
2019/08/28

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Jarduera fisikoren bat burutzeko sofatik altxatzea kostatzen bazaizu ez kezkatu, ez zaude bakarrik.
Alferrak izateko programatuak gaude

Ia egunero ikusten dut iragarkiren bat ariketa egitera animatzen gaituena. Errealitatea oso bestelakoa da ordea, helduen %30 inguruk ez du behar adina ariketa fisiko egiten eta portzentaia handituz doa mundu osoan. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera urtean 3,2 milioi heriotza, heriotza bat 10 segundoko, lotzen zaizkio ariketa faltari. Hori jakinik zergatik egiten zaigu horren zaila ariketa fisikoak egitea intentzioa izanik ere?

Arrazoia eta emozioen arteko gatazka
Gure intentzio osasuntsuenen eta aurkako bulkaden arteko borroka azaltzeko prozesu bikoitzen modeloak deitutako teoria garatu da. Modelo hauetan, gure jokabideak azaltzen dituzten mekanismoak bi kategoriatan banatzen dira: mekanismo arrazionalak, sistema pentsakorrak kudeatuak, eta mekanismo emozionalak, bulkada sistemak kudeatuak. Azken honek modu automatikoan antolatzen ditu gure jokabideak. Horrela, batzuetan gure sistema pentsakorra martxan jartzea erraztu dezake, baina beste batzuetan justu aurkakoa lortzen du. Baina zergatik jarduten dute askotan gure bulkadek gure osasunaren aurka?

Ahalegin minimoaren legea
Paradoxikoa badirudi ere sedentarismoak badu bere zentzua ikuspegi ebolutibotik behatzen badugu. Elikagaiak eskuratzea zaila zenean jokabide sedentarioekin energia aurreztu zitekeen eta hori ezinbestekoa zen biziraupenerako. Honek azaldu dezake egun jarduera fisikoak konstantzia batez egitea kostatzearen joera.

Eraginkorrak, ez nagiak
Haatik, ez dugu sinetsi behar gure ahaleginak minimora gutxitzeko eboluzionatu dugunik, fisikoki aktiboagoak izateko ere eman dugu aldaketa. Orain dela 2 miloi urte, gure arbasoak ehiztari-biltzaile izatera pasa zirenean jarduera fisikoa euren egunerokotasunean zegoen, egunean batez beste 14 kilometro ibiltzen zirelarik.

Beraz, hautapen naturalak jarduera ariketa fisiko ugari jasan eta aldi berean energia aurreztea lortzen zutenak lehenetsi zituzten. Indibiduo hauek, jarduera fisikoa burutzen zutenean, hormona antsiolitikoak, minaren aurkakoak eta euforia sortzen zutenak jariatzen zituzten.

Zorionez prozesu hormonal hauek guregan berdin mantendu dira, jarduera fisikoa burutzen dugunean ongizate egoera hori askatzeko prest. Horregatik, bizitza aktiboago batera bidean lehen pausuak ematean esfortzuak murriztera bultzatzen gaituen indar horretaz jabetzea ezinbestekoa da. Kontzientziazio honekin errazago aurre egingo diogu sedentarismora eraman nahi gaituzten etengabeko tentazioei.

Bestalde, gure arbasoen antzera, ez dugu jarduera fisikorik praktikatzen ez bada beharrezkoa edo behintzat dibertigarria. Beraz, joera osasuntsuak gusturago egiteko hauek atsegin bihurtzea ere bada beste gakoetako bat. Hortaz, beharrezkoa da gure ingurua berrantolatzea tentazioak murriztu eta motibatzeko.

Horren harira, politika publikoek azpiegiturak eta espazio publikoak garatu beharko lituzkete inguruak egokituz ariketa fisikoa egiteko. Eraikin berrien arkitekturak ere gure jarduera fisikoa bultzatu beharko luke egunean zehar, eskailaren sarrerari lehentasuna emanez adibidez. Ondoren noski, guk izango dugu azken hitza, gure esku egongo baita aukera horiek aprobetxatzea ala ez, baina behintzat ez dadila aitzakiarik egon!