Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak disko batean bildu dituzte

Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak disko batean bildu dituzte 14 kantuz osatua dago eta belaunaldi, eskualde eta ibilbide ezberdinetako emakume bertsolariek hartu dute parte. Bihar, hilak 11, aurkeztuko dute Barañainen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nafarroako-emakume-bertsolarien-ahotsak-disko-batean-bildu-dituzte/@@download/image/Nafarroako_emakume_bertsolariak.jpg
2021/06/10
14 kantuz osatua dago eta belaunaldi, eskualde eta ibilbide ezberdinetako emakume bertsolariek hartu dute parte. Bihar, hilak 11, aurkeztuko dute Barañainen.
Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak disko batean bildu dituzte

Nafarroako emakume bertsolarien bertso-sortak eta ahotsak jasotzen ditu Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak diskoak. Herrialdeko bertsozale elkarteak sustatu du proiektua eta bi helburu nagusi ditu: Nafarroako kulturaren ondare diren bertso-sorta idatziei bultzada eman, jaso eta ikusgarri egitea, batetik, eta tradizionalki landutako bertsoen aldaera horrek gaur egun ere lekua baduela ikusaraztea, bestetik. Horretaz gain, bertako emakume bertsolariei ahotsa ematea, elkarren arteko sarea sendotzea eta esateko dutenari bozgorailu bat ematea ere bada asmoa. 

Diskoak bertsoa oinarri duten 14 kantu ditu, ahotsez edota musikaz lagunduta, banaka ala taldean kantatuak. Plazan modu profesionalean, aldizkako jardunean edo bertso eskolan aritzen diren bertsolariek hartu dute parte. Belaunaldi, eskualde eta ibilbide ezberdinetako emakume bertsolariak dira, beraz. Tartean dira, besteak beste, Saioa Alkaiza, Erika Lagoma, Lide Arrieta, Estitxu Fernandez, Kristiñe Txoperena, Bittori Elizalde, Idoia Granizo eta Amaia Lasheras. 

Elkarteak adierazi duenez, bertso-sortak "anitzak dira edukiz eta genero perspektibatik eta feminismotik idatzitakoak" dira. Emakumeek bertso eskoletan eta oholtza gainean bizi dituzten esperientziak, gorputzari eta sexualitateari buruzko kezkak eta bertsolaritzari buruzko hausnarketak ageri dira. Estilo aldetik ere orotarikoa da: biluziak direnak, ahots hutsezkoak; pieza klasikoagoak, piano eta biolontxeloarekin; eta baita bertsoa eta raparen arteko nahasketa ere. 

Bertsolaritzan emakumeek izandako parte-hartzeari ere keinu egin nahi izan diote. Diskoko azken kanta 2020an hil zen Luzia Goñi bertsolariaren bertso batekin egina da. Goñi plazetan kantari ibili zen lehen emakumeetako bat izan zen eta Estitxu Arozenak, Txapelketa bat irabazitako lehen emakumeak, jarri dio ahotsa haren bertsoari.

Eskoletan lantzeko
Hezkuntza Arautuko bertsolaritza programan eta Bertso Eskoletan lantzeko material pedagogiko baliagarria izan liteke eta horregatik sare horretan zabaldu nahi dute lana. Egun, 2.800 ikaslek jasotzen dute urtero bertsolaritza programa Nafarroako hezkuntza sarean, eta 300 inguru ari dira asteroko Bertso Eskoletan bertsogintzaren edukietan trebatzen. Diskoak emakume bertsolari garaikideen sorkuntza, gaiak eta bestelakoak lantzeko balioko die.

Aurkezpena bihar

Barañaingo Kultur Plazan aurkeztuko dute diskoa bihar, hilak 11, 19:00etan. Parte hartu duten bertsolarietako batzuk izango dira bertan eta bat-bateko bertso-saioa ere antolatu dute Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperena bertsolariekin. 

Egitasmoa ez da ekitaldi horretara bakarrik mugatuko, ordea; hainbat bertso saio eskainiko dira Nafarroako herrietan, aurkezpena egiteaz gain, emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko aukera emateko. 

Diskoa salgai
Aurkezpena egin eta gero, salgai jarriko dute diskoa Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan, Iruñeko Karrikirin,  Lesakako Arrano tabernan eta Erratzuko Altxuko dendan, 10 euroko salneurrian (8 eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideentzat).