Musikarekin lan egin; ona ala txarra ote?

Albiste hau idatzi bitartean, ordenagailuko bozgorailutik Oasis taldearen Wonderwall abestiaren bertsio akustikoa entzuten da. Bulegoan ia egunero entzuten dugu musika; batzuetan entzungailuekin, zenbaitetan guztiok entzuteko moduan, eta bestetan isilik jarduten dugu. Lantoki askotan erabiltzen da musika girotzeko helburuarekin; musikak gure garuna estimulatzen duela ez da sekretua, baina; arreta mantentzen laguntzen du, edo distraitu egiten gaitu?
Musikak eragin positiboa edo negatiboa izan dezake, egoeraren eta musika aukeraketaren arabera. Hala, adibidez kirola egitera bagoaz, musika egokia erabiltzeak gure erritmoa mantentzen lagunduko digu. Erritmo biziko musikak gure garuna esnatuko du, erne ipiniz, eta hobeto sinkronizatuko gaitu praktikatu behar dugun jarduera fisikoarekin. Aldiz, bilatzen duguna lan egitea, irakurtzea edo ikastea bada, egokiagoak izango dira erritmo lasai eta doinu leunak.
Adituek diotenez, gomendagarriena bakoitzak bere playlist pertsonala osatzea da, gutako bakoitzari abesti ezberdinek estimulatzen gaituztelako. Baina, nola osatu arreta mantentzeko zerrenda perfektua? Hasteko, lehen abestiak gure motibazioa pizten duen gustuko kantua izan beharko luke. Gustuko kantu bat entzuten dugunean, dopaminak gora egiten du, alaitsaun eta zoriontasun sentsazioa sorraraziz. Dena den, gustuko abesti bat edo bi besterik ez dira gomendatzen, bestela gure arreta xurgatuko baitute.
Bestalde, letradun abestiak arretaren etsaiak dira; hobe beraz musika instrumentala aukeratzea. melodia lauak aukeratzea ere komeni da, bat-bateko igoerarik edota ezustekorik gabekoak, gure burmuina arretatik aldendu ez dadin. Zertxobait monotonoa izango da, baina ez gaitu distraituko.
Mozart efektua
1993. urtean, Francesa Rauscher psikologoak esperimentu bat egin zuen. Ikasle batzuk azterketa baterako hamar minutuz prestatu zituen Mozart entzunez, eta beste hainbeste ezer entzun gabe. Emaitzen arabera, Mozart entzun zuten ikasleek hobeto egin zuten azterketa. Dena den, esperimentuak ez zuen ondorio errealik atera, eta soilik haurrek arreta mantentzeko produktuak saltzeko marketing kanpaina moduan erabili zen. Orduan, zerbait berezia gertatzen da garunean Mozart entzuten badugu? Egia da musika bera entzuteak gure garunaren gaitasun kognitiboa hobetzen lagundu dezakeela, eta beraz, musikak onura handiak eskaintzen dizkiola gure memoriari edota arrazonamenduari; baina Mozart ez da berezia, eta konpositora austirarraren sonatak hamar minutuz entzuteak ez gaitu argiagoak bilakatuko.