MUNDUA: YUKON

MUNDUA: YUKON BIZITZA BAINO HANDIAGOA https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mundua-yukon/@@download/image/mundua.jpg
2023/10/09
erreportajea

Testua: Xabat Izagirre

BIZITZA BAINO HANDIAGOA
MUNDUA: YUKON

IBAI HANDIA
Yukon, Kanadako ipar-mendebaldeko muturrean kokaturiko lurraldea, natura eta abentura maite dutenentzat jarduera eta esperientzia ugari eskaintzen dituen helmuga zoragarri eta esploratu gabea da. Azaleraz Euskal Herria baino hogeita bi aldiz handiagoa da eta Portugaleteren pareko biztanle kopurua du, 45.000 inguru. Yukon ibai itzelak –3.000 kilometroko luzera du– ematen dio izena eskualdeari eta gwich'in jatorrizko hizkuntzan “ibai handia” esan nahi du. Zirkulu Polar Artikoaren iparraldean dagoenez, baldintza klimatikoak muturrekoak izatera irits daitezke urteko hilabete askotan. Neguan, esaterako, termometroa zero azpitik berrogei gradura arte jaits daiteke eta eguzkia bizpahiru orduz soilik irteten da. Ez dago esan beharrik, beraz, udan (ekainetik abuztura) joatea dela egokiena.

LEHEN NAZIOAK
Gaur egungo Yukongo populazioaren %25 inguru herri indigenak dira, tradizioz ehiztari-biltzaileak eta herrialde eta naturarekiko lotura oso estua dutenak. Guztira zortzi hizkuntza-talde eta hamalau etnia bereizten dira. Eskualdeko lurra eta baliabideak kudeatzeko, 1993 eta 2005 urteen artean hamaika etniak hainbat itun sinatu zituzten. Horri esker, beraien bizitzetan eragina duten erabakiak eta legeak egiteko gaitasuna dute. Talde hauetako bakoitzak bere historia, ohitura eta sinesmen propioa du, eta harrotasunez adierazten dute belaunaldiz belaunaldi igarotako ondare aberatsa. Ospakizunen artean hedatuenetarikoa Tinglit etniak uztaila amaieran egiten duen Haa K_usteeyí (“Gure erara”) jaialdia da. Hiru egunez Tinglit kulturaren musika, kirola, gastronomia, artea eta artisautzaz gozatzeko aukera aparta da.

URRE SUKARRA
Klondike ibaia eskualdearen historia modernoarekin estuki lotua dago, XIX. mende amaieran gertaturiko fenomeno bat dela-eta. 1896. urtean, George Carmack urre-miatzaileak Klondike ibaiaren ertzean hainbat urrezko pipita aurkitu zituen. Albistea berehala hedatu zen eta ondorengo hiru urteetan 100.000 pertsona inguru gerturatu zen bertara, aberasteko asmoz. Garaiko urre-sukarrak bultzatuta, Yukonera joan zirenen %96k ez zuen deus eskuratu, eta gutxi batzuek lortu zuten aberasteko adina urre. Historiako pasarte hau ezagutzea ezinbestekoa da bertako kultura ulertzeko, hamarkada batzuk lehenago hasi zen kolonialismoaren eztandaren garaia izan baitzen.

AURORA BOREALA
Aurora polarra atmosferaren goiko geruzetan arku, banda edo errezel moduan agertzen den argi-fenomenoa da. Hego hemisferioan gertatzen denean, “aurora austral” izena ematen zaio, eta ipar hemisferioan, berriz, “aurora boreal” izenez ezagutzen da. Noiz, non eta nola ikuskatu jakinez gero, fenomeno ikusgarri eta ezohiko honetaz gozatzeko aukera paregabea dago Yukonen. Aurora borealak ikusteko aukerarik onena neguko lehen asteetan izaten da, gau ilun eta oskarbietan –ahal dela, ilargirik gabeak–, 22:00etatik 03:00etara. Esperientzia osoa nahi dutenentzat, oso gomendagarriak dira eskualdeko bidaia-agentzia askok eskaintzen dituzten txango gidatuak.

KLUANE PARKE NAZIONALA
Yukonen eslogana “Bizitza baino handiagoa” da, eskualdeko paisaia eta ingurune natural amaigabe eta zabalei erreferentzia eginez. Kluane Parke Nazionalak, hego-mendebaldean kokaturik, ohore egiten dio, zalantzarik gabe, esaldi horri. Munduko izotz eremu ez-polar handienak eta Kanadako hogei mendi altuenetatik hamazazpi hartzen dituen leku babestua da, Logan mendia barne, herrialdeko tontorrik garaiena (5.959m). Naturarekin lotutako dozenaka jarduera egiteko aukera dago parkean: arraunketa, raftinga, parapen-tea, trekkinga… Ibilbideen artean azpimarratzekoa da Kluane Plateau deritzona. Bide honek hamaika kilometroko luzera du eta Kluane goi-ordokiaren gailurretik ikuspegi ikusgarriak eskaintzen ditu. Kontuan izan, hori bai, ibilbideak ez daudela seinaleztatuta eta ez dagoela inolako mantentze-lanik. Hartz arre eta beltzekin topo egitea ere nahiko ohikoa izaten da.

ALASKA HIGHWAY
Alaskako errepidea Yukon zeharkatzen duen bide ikonikoa da, Kanadako paisaia ikusgarrienetako batzuk esploratzeko aukera ematen duena. Bere garaian "Panamako kanaletik egindako lanik handiena eta gogorrena" deitua, Alaskako autobidea 16.000 langilek eraiki zuten 1942ko martxotik urrira, AEBetako lurralde kontinentala Alaskarekin lotzeko. Gidatzea gustatzen bazaizu, errepide horren 2.232 kilometroen sekzioetako bat egitea gomendatzen dizut, aho zabalik geratzeko moduko paisaiak zeharkatzen baitira. Horretarako, Yukon Sights and Sites aplikazioa deskargatzea oso baliagarria da, zonalde bakoitzean egin daitekeenaren gomendio ugari baitaude.