MODAREN TRAPU ZIKINAK #3: SOINEAN DARAMAGUN AZTARNA

MODAREN TRAPU ZIKINAK #3: SOINEAN DARAMAGUN AZTARNA Lehengaiak, ehunak eta, azkenik, arropa gehiago, azkarrago eta merkeago produzitzeko eromena lurzorua, airea eta ura kutsatzen ari da neurri gabe. Eta katearen amaieran gu, geure osasuna. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/modaren-trapu-zikinak-3-soinean-daramagun-aztarna/@@download/image/MODA_ZABORRA.jpg
2017/07/18
erreportajea

Igone Mariezkurrena

Lehengaiak, ehunak eta, azkenik, arropa gehiago, azkarrago eta merkeago produzitzeko eromena lurzorua, airea eta ura kutsatzen ari da neurri gabe. Eta katearen amaieran gu, geure osasuna.

Arropa fabrika bat osorik etorri zen behera 2013ko apirilaren 24an Bangladeshko Daca hiriburu kanpoaldean. Zorigaiztoko gertakari hark 1.138 hildako eta beste milaka zauritu eragin, eta low cost & fast fashion delakoaren miseriak utzi zituen agerian. Eraikin hartan, besteak beste, Primark markarentzat josten ziharduten langileek 28 euro irabazten zituzten hilabetean. Mendebaldeko dendetara etiketetan josita iritsi diren SOS mezuek ere eman diote buelta munduari, eta gaiaren inguruko literatura asko sorrarazi dute. Orain badakigu maila planetarioan 40 milioi lagunek egiten dutela lan baldintza horietan, eta %80 emakumeak direla.


Ez da hain ezaguna, ordea, arropa kontsumo konpultsiboaren beste albo-kaltea, ingurumenean eragiten duen inpaktuaren dimentsioa. Elikagaienaren ondotik, modaren industria da guztietan suntsitzaileena.
 
Pestizidak
Biodibertsitatea urritzen duten monolaborantzak edo landare bakarreko laborantza estentsiboak izugarri hedatu dira azken urteotan, batez ere moda industriak hainbeste galdatzen duen kotoia modu intentsiboan hazteko. Errendimendu handiagoa eta, beraz, irabazi ekonomiko potoloagoa ematen duten hazi transgenikoak jaun eta jabe dira, eta intsektu-izurriak ekiditeko plagizidaz fumigatzen dituzte plantazioak. Zomorroak, baina, erresistente bilakatzen dira eta, horrenbestez, aldiro-aldiro pozoi berriak eta kantitate handiagoan isurtzen dituzte. Gurpil zoro honek lurzorua antzutzen du eta, hala, lur-jabeek eremu berrietara hedatzen dute sarraskia.

 


Produktu toxiko hauek lur azpiko ur-sistemetara pasatzen dira, gero animalietara eta azkenik, bioakumulazioz, gizakiongana heltzen dira. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) hainbat txostenek ohartarazi dutenez, pestizidak, malformazio genetikoak eragiteaz aparte, egungo gaitz zabalduenen erantzule dira: dermatitisa, minbizia, Sentsibilitate Kimiko Anizkoitza (SKA), ugalketarako gaitasunaren galera gizonezko askoren artean...
 
Ura
Berandu baino lehen ur eskasiak gerrate berriak eztandaraziko dituela irakurtzen ari garen garai berean, moda industria hornitzeko kotoi-plantazioek mundu mailako ur kontsumoaren %2,6 xurgatzen dutela jakinarazi du Environmental Justice Foundation-ek. Azken produktuak (jantziak) Mendebalde aberastura heltzen diren arren, albo-kalteak herrialde pobretuek jasaten dituzte gainera. Hala, adibidez, Europar Batasuneko herrialdeetara bideratutako arropa bolumen osoa produzitzeko behar den uraren %80 baino gehiago Indian eta Uzbekistanen kontsumitzen da. Guk soinean daramaguna janzteko, haien ura xahutzen dugu.


Xahutu ez ezik, kutsatu ere bai. Izan ere, garapen bidean diren herrialdeetara deslokalizatutako ehun-fabrikek euren hondakin kimiko-toxikoen %70 (tinteak, zuritzaileak...) zuzenean botatzen dituzte ibaietara, inolako depurazio-prozesurik gabe.


Gehiegizko ureztatzeek, pestizidek eta produktu kimikoen isurketek ondorio lazgarri eta hilgarriak dakartzate hiritarrentzat, eta ur gezetako ekosistemetan bizi diren espezieen desagertze-tasa beste batzuena baino bost aldiz handiagoa da World Wildlife Found (WWF) erakundearen arabera. Ozeanoen degradazioan ere badu erantzukizunik low cost & fast fashiona sustengatzen duen industriak: atmosferara igortzen ari den gehiegizko C02a itsasoen azidotasun-maila igotzen ari da.

Energia
Lehengaiak naturalak nahiz sintetikoak izan, hauek ehun bilakatzeko eta ehun horiekin arropak egiteko energia asko behar izaten dute fabrikek. Hori baino lehen, laborantza-makineria martxan jartzeko ere elektrizitate eta erregai kopuru ikaragarriak xahutzen dituzte eta, azkenik, prozesuaren amaieran, arropa produkzioa Mendebaldeko dendetara garraiatzeak ere erregai kontsumoa eta kutsadura dakartza.


 
Hondakinak
Eta zergatik edo zertarako horrenbesteko baliabide xahutzea, hainbeste gehiegikeria eta halako sarraskiak? Erantzuna atsekabegarria da: kaltea han eraginda, Asian ekoizten dituzten arropak Europan gutxi batzuetan erabili eta Afrikako zabortegietara bidaltzen ditugu bueltan.


Pentsa, Erresuma Batuan, esaterako, hiritarrek bi milioi tona arropa baino gehiago botatzen dituzte zaborretara urtero (30kg hiritar bakoitzeko). Polyesterra eta petroliotik eratorritako beste ehunak nagusiki Afrikako zabortegietan pilatzen dira sekulako mendi sintetikoak osatuz. Ez direnez biodegradagarriak, erre egiten dituzte toxikotasuna airera askatuz. Bestela, arropa-pila horiek ur gelditan hondoratzen dituzte (deskonposatzea bizkortzeko edo) gaixotasun berrien eta malariaren aldaera ezberdinen agerpena eraginez.


KEINU TXIKI HANDIAK


Eta zer egin dezaket nik moda industriak ingurumenean eragiten dituen inpaktuak gutxitzeko? Inurri bat gara inurritegian, baina uste baino botere handiagoa dugu, gure ohiturak aldatzeak arrastoa uzten du, eta industriaren erabakiak baldintza ditzake.
 
Partekatzea
Berria erostea ez da arropa geureganatzeko modu bakarra. Pisukideekin, anai-arrebekin edota lagunekin arropa trukatzeko zein konpartitzeko formulak bila daitezke, elkarri denbora baterako maileguak eginez adibidez, edota etxean jantzi komunak biltzen dituzten armairuak osatuz. Gaizki-ulertuak egon daitezkeela aurreikusten baduzue, finkatu erabilera-irizpide/taula batzuk... App-en bitartez edota online ere topatuko dituzu munduan barrena arropak trukatu, alokatu edota uzteko prest dauden norbanako, marka eta dendak.


Eman begirada bat eta ikusi nola funtzionatzen duen moda kontsumo konpartituak nazioartean: Sharewear.se, Rentez-vous.com, Renttherunway.com... Azken batean, Spotify, AirBnB, Uber, BlaBlaCar edota Netflix modukoen funtzionatzeko erak modara ere ekartzea da kontua.


 
Bigarren eskuko azokak
Eman bizitza beste norbaitek jada erabiltzen ez duen arropari eta, era berean, aukeratu zaborrontzia baino patu hobea dagoeneko janzten ez duzun horrentzat, beste bati erabilgarri izango zaio eta! Prezioak bidezkoagoak eta zentzuzkoagoak izango dira, ziur. Euskal Herriko eta mundu osoko plaza, karrika nahiz gaztetxeetan aurki ditzakezue halako azokak, baina birtualki salerostea nahiago duzuenentzat, hona hemen aukera batzuk: Depop.com, Vinted.com, Chicfy.com, Refashioner.com, Poshmark.com, Tradesy.com, Marketplace.asos.com.
 
Eco-friendly diseinatzaileak
Alboratu irudi-garbiketa egiteko asmoz ziurtagiri garestitan oinarritutako linea ‘berde’ solteak kaleratzen dituzten arropa-kate handiak, eta aukeratu ingurumenarekiko benetako errespetuz aritzen diren markak: Bohodot bainujantziak (Herrialde Katalanak), Urban Fawn bitxiak (Espainia), Edun arropak (Irlanda), People Tree arropak (Britania Handia), Maëla poltsak (Euskal Herria), Reformation arropak (AEB), Veja oinetakoak (Frantzia), The Modubat arropak (Euskal Herria).
 
Jatorri eta irtenbide sozialak
Arroparen ekoizpen prozesuaren pauso bakoitzean parte hartzen duten langileen baldintza duinak bermatzea ere bada, neurri handi batean, kontsumitzaileon ardura. Zabaldu begiak eta gogoa. Ez oparitu zeure dirua India, Bangladesh edota Pakistan bezalako herrialde pobretuetan eskulangileak (maiz umeak) esplotatu eta Mendebalde aberastuan diseinatzaileak estresak eta presioak jota modu prekarioan aritzera behartzen dituzten frankiziei. Horren ordez, bidezko merkataritzari edota nekazari eta jostun kooperatibei lan/diru–ekarpena egiten dieten markak aukeratu, baita atzean proiektu sozial jakin bat duten horiei ere. Esate baterako, Heavy Eco markapean (heavyeco.tumblr.com) merkaturatzen den arropa Europa ekialdeko hainbat presok Estoniako kartzela batean jositakoa da. Hemper motxilena (hemper.es) ere adibide polita da: kalamuzkoak dira eta Nepalgo emakumeek egiten dituzte eskuz; diru-sarrera honek etxearen sustengua eta seme-alabentzako hezkuntza bermatzen die. Bestalde, jada erabiltzen ez duzun arropa horri irtenbide soziala emateko hautua egin dezakezu. Asko eta askotarikoak dira hemen jantziak bildu eta herrialde pobretuetara bideratzen dituzten GGKEak. Adibidez, titi-zorroa erabiltzea maila sozial altuari lotu ohi zaio Indian eta, beraz, gezurra badirudi ere, jantzita daramaten emakumeek aukera gehiago izaten dituzte lanpostu bat lortzeko eta, oro har, tratu hobea jasotzen dute plaza publikoan. Horregatik, guk soberan ditugunak hara bideratzeak emakume asko ahaldunduko ditu (www.calcutaondoan.org).


 
Garbiketa
Saihestu arropak oso maiz garbitzea, soilik benetan beharrezkoa denean, eta ez jarri garbigailua martxan danborra beteta egon arte! Aukeran, erabili xaboi naturala, Sarean makina bat tutorial aurkituko duzu zeurea egiteko.   
 
Moda beganoa. Benetako alternatiba?
Beganismo uholde garrantzitsua dator Europatik eta, modaren kasuan, bereziki Berlin, Munich edota Milan bezalako hirietatik. Larruaren merkatuari aurre egiteko, hondakin organikoen berrerabileran oinarritutako ehun beganoak asmatzen ari dira. Orange Fiber izeneko ehuna, adibidez, Adriana Santocito eta Enrice Arena gazte italiarrek patentatu zuten 2013an laranja azaletatik abiatuta. Italiarra da, baita ere, Filati Maclodio enpresak merkaturatu duen Milkofil ehuna, esne-proteinatik ateratako zuntza erabilita. Jason Chen taiwandarrak, bestalde, SCafe materiala sortu du eta kafe-hondar erabiliekin bereziki kirol-mundura bideratutako oihalak lortzen ditu.


Baina, zer nolako prozesu kimikoak behar dira halako eraldaketak lortzeko? Eta zer gertatzen da prozesu horietatik eratorritako hondakin kimikoekin? Jasangarritasunak abizen ugari ditu, alde askotatik begiratu beharreko poliedroa da.
 
Begiak zabaltzen hasteko...
Bilioiak mugitzen dituen industria honek zergatik ez du bere langileen segurtasuna bermatzen? Noiz arte eutsi dakioke baliabide natural eta humanoak gainustiatzen dituen merkatu bati? Ze zentzu du beste batzuen pobreziaren kontura sasi-aberats sentiarazten gaituen industria batek? The True Cost (Andrew Morgan, 2016) dokumentalak (Netflix, Apple TV, Amazon) erantzunak topatzen lagunduko dizu.


Soinekoak urratzeko moduko datu batzuk

Pestizidak
- Maila planetarioan baliatzen diren pestiziden %25 kotoi–plantazioetan erabiltzen dira.
- Kotoi hektarea bat hazteko, OMEk arriskutsutzat dituen 1kg pestizida isurarazten dituzte lur-jabeek.
 
Ura
- 1kg kotoi–zuntz ekoizteko (bakero batzuen pisua, gutxi gorabehera) 15.000 litro ur behar dira. 2.700 litro ur kotoizko kamiseta baterako, eta 9.000 litro ur zapata pare bat ekoizteko.
- Mundu mailan uretara isurtzen diren toxikoen %20k ehun–industrian dute jatorria.
- Pestizidek, tinteek, zuritzaileek eta bestelako substantzia toxikoek kutsatutako urek 2,2 milioi hildako eragiten dituzte urtero garapen bidean diren herrialdeetan. Milioi erdia bost urtetik beherako umeak dira.
 
Energia
- Mundu mailako C02 isurketen %10ek ehun-industrian dute jatorria.
 
Hondakinak
- AEBetako zabortegietara 12,4 milioi tona arropa iristen dira urtero. Jantzi horietako bakoitzak, batez beste, 6 erabilaldi izaten ditu.