MODAREN TRAPU ZIKINAK #1: KURBA ARRISKUTSUAK

MODAREN TRAPU ZIKINAK #1: KURBA ARRISKUTSUAK Neurri handiko gorputzak eta arropak beti existitu izan dira, baina modaren industriak ez ditu bere egin orain gutxi arte, ustiatzeko moduko merkatu gisa ulertu dituen arte. Eta horrela egin du eztanda ‘curvy’ fenomenoak, bere argi-ilun eta bihurgune arriskutsuekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/modaren-trapu-zikinak-1-kurba-arriskutsuak/@@download/image/MODA06.jpg
2017/05/16
erreportajea

Igone  Mariezkurrena

Neurri handiko gorputzak eta arropak beti existitu izan dira, baina modaren industriak ez ditu bere egin orain gutxi arte, ustiatzeko moduko merkatu gisa ulertu dituen arte. Eta horrela egin du eztanda ‘curvy’ fenomenoak, bere argi-ilun eta bihurgune arriskutsuekin.
MODAREN TRAPU ZIKINAK #1:  KURBA ARRISKUTSUAK

Etiketak eta konplexuak gainetik kenduta, emakumeei euren gorputzak onartzen lagundu nahi diegu. Zenbakiek ezin dute nesken zoriontasuna, estiloa eta erakargarritasuna baldintzatu. Edertasuna anitza da. Benetako emakumeak ikusarazi eta ahaldundu behar ditugu. Curvy izatea bizitzeko jarrera bat da, indartsua eta sexya... bla, bla, bla... Marketin estrategia eragingarri batekin asmatu izana ez diegu ukatuko behintzat, ala? Ez zen, ba, zaila. Salmenta aurreikuspen guztiak gainditu dituzte eta negozioaren eragin-eremua egunez egun zabaltzen ari da. Curvy uholdearen atzean dauden enpresen kontu korronteek fakturazio-zifra itzelak jaso dituzte martxan jarri eta urte apur batzuen buruan!

Ez dira gutxi, mauka usainduta, kontzeptu berri honetara batu direnak. Calvin Klein edota Ralph Lauren bezalako marka garestiek badituzte ‘Plus Size’ bilduma bereziak, eta low cost kate askok ere beste horrenbeste egin dute (H&M, Forever21, Violeta by Mango, Dorothy Perkins... Kasu! Inditex-ek oraindik ez!). Horretaz gain, 42 neurritik aurrerako arropatan espezialdutako firma berriak sortzen ari dira, batez ere online saltzeko: Scarlett and Jo, Behatti, Persona by Marina Rinaldi, Ashley Stewart, Taille Plus... Harrigarria da, perretxikoen modura ugaritzen ari dira! Modelo agentziak ez dira atzean geratu, jakina, mundu mailako entzutetsuenek badute jada beren ‘Plus Size Division’ delako neurri handiko modeloen katalogoa (Agence Plus, Model Team, Ford Models...), eta publizitatearen industria nahiz hedabide berezituak arduratu dira izar berriak distirarazteaz: Myla Dalbesio, Ashley Graham, Tara Lynn, Jennie Runk, Candize Huffine, Jada Sezer, edota Anita Marshallen aurpegi eta kurbek beren lekua egin dute curvy emakumeen nazioarteko top ten-ean, beste askoren eredu bilakatuz; ‘fashion talent’ formatuko Curvy Supermodel telebista-saioa, adibidez, arrakasta borobila izaten ari da Alemanian.

 

"Violeta kateak jada 50 milioi euro ekarri zizkion bueltan Mango enpresari"


Emakume erreal(ar)en iraultza?
2014an, Mango enpresak 20 milioi euroko inbertsioa egin zuen Violeta izeneko XXL kate berezia abiarazteko. Eta zergatik ez dituzte, ba, neurri handiago horiek bilduma arruntetan integratzen?, pentsatu genuen askok gure artean. “Ez dugu neurri handiei loturiko marka bat izan nahi, ezta Mango-ren luzapen bat ere, baizik eta emakume errealaren gorputzera egokitutako patroiak eskaintzen dituen kate independentea”, zioen orduan Violeta Andic zuzendariak zuzentasunez. Eta zergatik ez dute, ba, patroien berrikuspen orokor bat egiten aparteko linea bat sortu ordez?, pentsatu genuen jarraian. Urtebeteren buruan heldu zen erantzuna: Violeta kateak jada 50 milioi euro ekarri zizkion bueltan Mango enpresari.

 


Lehenik eta behin, geure buruari galdetu beharko genioke nor demontre eta nolakoa ote den curvy joera honek ustez askatu nahi duen emakume ‘erreal’ hori, izaki ukigaitz hori... izan ere, benetakotasunek ez lukete, kasu honetan, hirugarren pertsonako singularrean funtzionatu behar. Gu gara (pluralean), neskak, askotarikoak. Izango da 90-60-90 tankerakorik ere bai noski, baina ez dira inolaz ere gehiengoa. Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) arabera, obesitatea bikoiztu egin da azken 30 urteotan maila planetarioan; helduen %40 baino gehiago obesoak dira, eta umeen ia %15 ere bai. Horrenbestez, badirudi munduko neska gehienon gorputzak hurbilago daudela 42tik gorako neurri horietatik 36tik baino.

 

Curvy kontzeptu berri honek XXI. mendeko gizateria kolpatzen duen gaitz larri eta kontrolgabeenetako batetik edaten du: obesitatea.


Baina, harrotasun-bandera gisa hartzeko moduko kurbak al dira XXL horiek? Hemen aurreneko ertza, lehendabiziko bihurgune arriskutsua. Moda industriaren mainstream estetikak anorexiara eta bulimiara amilduarazten ditu milaka gazte. Erdibide errealik ez balego bezala, ordea, curvy kontzeptu berri honek XXI. mendeko gizateria kolpatzen duen gaitz larri eta kontrolgabeenetako batetik edaten du: obesitatea. Formarik gabeko gorputz argal-argalek gosea iradokitzen duten neurri berean, orain hizpide dugun korronte honek eta bere makinariak idealizatzen dituen modeloen fisiko motak, herritar gehienen kasuan, elikadura-ohitura hiperkalorikoetan eta sedentarismoan du jatorria. Ez dirudi, beraz, oso zentzuzkoa gorpuzkera hauek goresteak.

Industriak boho-chic, grunge edota lady estiloak asmatu, eta unisex edota bilduma ekologiko nahiz jasangarriak sortu eta ustiatzen dituen modu berean, curvy fenomeno hau, ez gaitzaten engaina, gehiago saltzeko asmoz pentsatu eta diseinatutako estrategia bat besterik ez da, aire liberatzailez atondua. 42 neurritik gorako emakumeek urterik urte hazten ari den merkatu-nitxoa osatzen baitute (gogoratu OMEren datuak), eta luzez eskaintza faltagatik kontsumitu ez dutenak ere asko dira; pastela handia dela alegia.

Espezializaziotik bereizkeriara
Erosle potentzial hauei moda moderno eta lotsagabea eskaintzea aurrerapausoa da ezbairik gabe, baina zergatik aparteko bilduma, marka, denda eta modeloen bitartez? XXL emakumeak (eta gizonak!) ahalduntzetik urrun, ‘Plus Size’ espezializazioak getizazioa dakar maila guztietara, bereizkeria, ez integrazioa. Shoppinga esperientzia soziala bada, maiz adiskideekin egiten duguna, zergatik kontsumitzaileak (lagun taldea) banatu neurrien arabera?! Pikutara emakumeon autoestimua! Enpresek ez gaituzte ahaldundurik nahi. Zenbakien soinuan egiten dute dantza eta, antza, bolumena handiagoa da bi muturreko eskaintza eginda; benetakotasun ezberdinak, aniztasuna, bilduma berberetan uztartu eta islatzea ez die merezi. Arrazoiak pisuzkoak dira, ez ahaztu: Violeta kateak 50 milioi euro ekarri zizkion bueltan Mango enpresari lehenengo ekitaldian.



XXL kaiolak
Horiek guztiak esanda, azken hausnarketa bat, ez aurrekoak baino arinagoa: kurben sasi-iraultza honek enegarrenez garamatza emakumeok ‘gauza’ bihurtzera, neskak itxuraren arabera etiketatu edo balioztatzera eta, gainera, edertasun-eredu irreal bat elikatzera. It girl gaitzari aurre egitetik urrun, curvy fenomenoak neska gizenagoengana ere zabaldu du zentzugabekeria. 90-60-90 tankerakoen kasuan bezalaxe, Myla Dalbesio, Ashley Graham, Tara Lynn, Jennie Runk eta enparauen XXL gorputzetan ez baitago zelulitis arrastorik, ez zimurrik, ez biguntasunik, ez orbanik, ez ile urdinik, ez belarri/sudur handirik... Hauek ere makillaje, filtro, argiztapen, kamera-angelu eta Photoshop kolpez eraikitako ezinezkoak dira. Kaiola berriak; handiagoak bai, baina berdin-berdin itogarriak.

ALBERTO MARTINEZ, Curvy modeloa: “Moda-argazkilaritzak fantasia behar du, baina ez genuke horregatik satanizatu behar”

Ingeles filologian lizentziaduna eta antzerkian lehen urratsak egindakoa, curvy uholdearen harira ate profesional berri bat zabaldu zaiola ikusi du Alberto Martinezek (Erandio, 1973), eta ez du zalantzarik izan: moda-argazkitarako modelo izateko ikasketak hasi ditu Köö Köö agentziaren eskutik. Hobe berandu inoiz ez baino…


Zerk animatu zaitu 43 urterekin bide profesional berri hau urratzera?
Modelo gisa ez nuen aldez aurreko esperientziarik, baina antzerkian ez ezik filmeren batean figurazioak egindakoa nintzen eta esan dezagun kamera aurrean aritzea beti gustatu izan zaidala. Egia da, ordea, orain urte batzuk ez zitzaidala burutik ere pasatzen ni, nire gorpuzkerarekin, modelo izan nintekeenik…


Eta zergatik orain bai?
Ba orain modelo klasikoentzako ez ezik, modelo gizenagoentzako lan eskaintzak ere iristen direlako agentzietara. Eta ez bakarrik modaren sektorean aritzeko! Farmazia-produktuen iragarkietan, produktu kosmetiko batzuen kasuan ere bai… gero eta gehiago ikusten ditugu neurri handiko modeloak publizitatean, baita Osakidetzaren euskararen aldeko kanpaina batean ere! Uste dut gorputzen aniztasuna normalizatzeko lehen pausoak direla…


Baina lorpen txalogarria al da XXL moduko gorputz ez osasuntsuak normalizatzea?
Tira, hasteko, gorputz ez osasuntsurik badago, hori anorexikoena da. Hori esanda, kontua ez da bizitza-ohitura ez osasungarriak sustatzen ari garela. Ulertu behar dugu badagoela jendea, bere burua zaindu arren, berez gorpuzkera handia duena edo metabolismo jakin batengatik gantza sortu eta pilatzeko joera duena. Zergatik geratu behar du jende horrek modatik eta, orokorrean, publizitatetik kanpo, baztertuta? Badago, baita ere, denetik jan arren, eta kirola ez eginagatik argal-argala den jendea eta modeloak; baina hauek ez ditugu kritikatzen euren ohiturengatik, ezta alde batera uzten ere…


Zuk zaintzen al duzu zeure burua?
Bai, noski. Gorputzari ez diot astindu handirik ematen, baina ibiltzera irteten naiz egunero; ilea eta azala zaintzen ditut; janzten dudanari ere denbora eskaintzen diot… Nire itxurak arduratzen nau, noski.


Zure ikaskideak ere ‘curvy’ al dira?
Ez! Ni naiz bakarra! Gainera, beste ikasturteren batean aritu izan dira curvy neskak, baina uste dut ni naizela lehenengo mutila! Tira, ikasten ari garena denontzat da baliagarria. Blokeoak ekiditen irakasten digute, naturaltasunez posizio ezberdinak txandakatzen, begien eta ahoaren adierazkortasuna lantzen dugu…


Trikimailurik?
Niri, adibidez, arropa iluna gomendatu ohi didate, kiloak disimulatzeko, gorputza estilizatzen duelako. Gero egia da makillajeak, ile orrazkerak, argiak… ere laguntzen dutela… Moda-argazkilaritzak fantasia behar du, ez da errealitatearen erretratu fidela, baina ez genuke horregatik satanizatu behar.


‘Curvy’ modeloen kasuan, zein dira kontratatzaileek gehien baloratzen dituzten aspektu fisikoak?
Moda publizitaterako baldin bada, nesken kasuan, aurpegi politak bilatzen dituzte gehienbat; sentsualitatea eta bolumen sexyak ere bai. Mutilon kasuan, gehiago erreparatzen diote altuerari, plantari eta begiradari.


Ezinezko edertasun-ereduak elikatzen dituela eta pertsonak ‘gauza’ bihurtzen dituela da moda-publizitateari egin ohi zaion kritika nagusia. Ze iritzi duzu zuk?
Uste dut moda bereziki zorrotza eta bortitza izan dela emakumeekin. Edertasuna argaltasunaren sinonimotzat jo izan du baina, aldi berean, bular handiak ere idealizatu ditu, hanka sendoak… ezinezko konbinazioak! Azken urteotan modak gizonok ere integratu gaitu, eta hori nabari da jendartean, mutilak gero eta gehiago arduratzen dira euren itxuraz eta gero eta gehiago lantzen dute euren gorputza. Saiatu behar dugu integrazio hau ez dadin hain suntsitzailea izan.