Azkar hitz egitearen atzean ezkutatzen dena

Azkar hitz egitearen atzean ezkutatzen dena Hainbat arrazoirengatik biziagotzen dugu abiadura hitz egiterako garaian, eta hori aldatzeak lanketa eskatzen du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azkar-hitz-egitearen-atzean-ezkutatzen-dena/@@download/image/elevate-nYgy58eb9aw-unsplash.jpg
2026/05/05

Testua: Maitane Legarreta

Hainbat arrazoirengatik biziagotzen dugu abiadura hitz egiterako garaian, eta hori aldatzeak lanketa eskatzen du.
Azkar hitz egitearen atzean ezkutatzen dena

Denok dugu inguruan azkar hitz egiten duen norbait, edo gu geu izaten gara bestela. Pentsamenduak hitzen aurretik doazela dirudi, hitz egiten duenak asko dakiela gaiari buruz, edo hori dela hitz egiteko bere modua. Urduri gaudenean ere gertatzen da, edo pazientzia falta izan daitekeela susmatzen dugu bestela.

Defentsa psikologikoaren seinale ere izan daiteke. Barneko emozio deserosoak saihesteko modua izan liteke, barruan gertatzen denaren gainetik igaro ahal izateko, eta ez sentitzeko esaten duzunak benetan barruan eragiten duena.

Komunikazio nahasmendua ere izan liteke. Zenbait pertsonak azkar hitz egiten dute, arrapaladan irteten dira hitzak. Sarritan antsietatearen edo estresa eragiten duten inguruko faktoreengatik izaten da, eta normalean umetatik ezarritako zeozer izaten da.

Pertsona horrek ez du lasai adierazteko espaziorik izan, eten egin dutelako, zalantzan jarri dutelako edo ez delako balioetsia sentitu. Hori dela eta, azkar komunikatzen ikasten du, hitza hartzeko eskubidea irabazi beharko balu bezala. 

Halako egoeretan, ez da erraza geldoago hitz egitea. Deserosoa izan liteke, saihestu nahi dugun horrekin konektatzera behartzen gaituelako. Abiadura mantsotzean, gorputza, emozioak, zalantzak eta beldurrak agertzen dira. Barneko emozioak onartzen ikastea dakar. Ez da lan makala beraz.

Lanketa horretaz gain, bestelako gomendioak ere badira. Azkarrago hitz egiten ari zarela jakinarazteko esan diezaiokezu ingurukoei. Ur botila bat aldamenean izatea ere lagungarria izan liteke. Bertatik ur trago bat egin dezakezu tarteka, geldialdiak egin ahal izateko. Lagunartean, ikasgelan, lantokian eta jendaurrean hitz egiterakoan balio dezake.

Ikasgelako edo lantokiko aurkezpen formaletan, berriz, prestatutako diapositibetan edo oharretan seinaleak jar ditzakezu, geldialdia egin behar duzula gogorarazteko. Garrantzitsuak diren atalen artean egin daiteke, esaterako, eta entzuleek galderarik baduten galdetu.