Instants aplikazioa: editatu gabeko behin-behineko irudiak eta BeReal-en esentzia

Instants aplikazioa: editatu gabeko behin-behineko irudiak eta BeReal-en esentzia Irudiak behin bakarrik ikus daitezke, eta desagertu egiten dira egun bat igaro eta gero. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/instants-aplikazioa-editatu-gabeko-behin-behineko-irudiak-eta-bereal-en-esentzia/@@download/image/Pantaila-argazkia 2026-05-04 123534.png
2026/05/06

Testua: Maitane Legarreta

Irudiak behin bakarrik ikus daitezke, eta desagertu egiten dira egun bat igaro eta gero.
Instants aplikazioa: editatu gabeko behin-behineko irudiak eta BeReal-en esentzia

Instants izeneko mugikorrerako aplikazio berria probatzen ari da Meta, Espainian eta Italian. Plataforma honetan erabiltzaileek behin behineko irudiak partekatzen dituzte. Behin ikusitakoan desagertu egiten dira, eta 24 orduz soilik irauten dute.

Snapchat eta BeReal-en izpirituari jarraiki, une bakoitzeko izaera eta benekotasuna islatu nahi du. Instagramen edukia editatu eta landu daiteke, baina hemen bestelako joera da nagusi. Bideoak eta argazkiak momentuan bertan partekatzea da asmoa, modu informalean eta buelta askorik eman gabe.

Ezin dira irudiak mugikorreko argazki galeriatik igo. Kamerarekin argazkia atera eta zuzenean igotzeko aukera soilik ematen du, editatu gabe. Testua erantsi daiteke baina bidali ondoren ezin da aldaketarik egin. Bat-bateko edo uneko irudiak Instagramen dituzun jarraitzaileekin edo Lagunik Onenen zerrendan daudenekin parteka daitezke.

Aplikazioa Android eta iOs sistementzat dago erabilgarri. Deskargatu, ireki eta Instagrameko kontuarekin hasi behar da saioa. Horrekin batera, zure kamera erabiltzeko baimena eman beharko diozu, eguneko argazkia atera ahal izateko. 

Izatez, Instagramek badu antzeko funtzio bat. Mezuen atalean, lagunak eta haien oharrak ikus daitezke, haien aldartea deskribatzeko balio duten testu laburrak. Ohar horiekin batera, uneko irudiak ere agertzen hasi dira tarteka.

Probak egiten ari dira orain, Instansten hainbat bertsio aztertzen, erabiltzaileek zer duten gustuko ikusteko. Horren arabera egingo dituzte aldaketak.