Modan dagoena

Modan dagoena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/modan-dagoena/@@download/image/47p51-1.jpg
2004/12/03
erreportajea
Amagoia Iban
Modan dagoena


Honakoa esan du Bingen Zupiria Euskal Telebistako zuzendariak duela gutxi: "Maiz esaten digute audientziei gehiegi begiratzen diegula, baina modan dagoena eskaintzen dugu". Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan esan du hori, lasai asko esan ere, eta Ameriketako Estatu Batuetan izan berri diren hauteskunde biharamunean ETBk eskaini zuen ikuskizuna gogorarazi dit.

Euskarazko katean, goizeko zazpietan, AEBetako eskuinaren Fox katearekin lotura egin, eta hantxe utzi gintuzten haraino hainbat kazetari propio bidalita zeuzkan etxeak. Audiorik gabeko ikuskizun yankie hura ikusi behar gero! ETBko norbait, halako batean, konturatu zen ezer ez zela entzuten, eta audioa konektatu zuen. Estatubatuarren ingelesa ulertzeko belarria egin gabe zeukanak ikasteko aukera paregabea eduki zuen; guztia esate aldera.

Hori guztia gertatu bitartean, eta AEBetako hauteskunde biharamun goizean jarraitzen dugu oraindik ere, ETB2n "Los ángeles de Charlie" ari ziren ematen. Modan dagoena, alegia, Bingen Zupiriak esango lukeen moduan. Gai horri buruz informazioa lortzeko gaztelaniazko kate gehiago badaudenez, teleikusleak eduki zuen eguneko informazioa jasotzeko beste biderik, euskaldunok ez bezala.

Horixe da hizkuntza nagusien komunitateek daukaten abantaila. Askotan ahanzten dugu euskaldunok mass-media arloan daukagun aukera urritasuna, inguratzen gaituzten erdaldunekin alderatuta. Ahanztura hori ere, nolabait esatearren, oso modan dago. Horra hor, beraz, modan dagoenak derrigorrean ona izan beharrik ez daukala ikasteko adibide bat gehiago. Eta ikastea modan dago, ezta?

“Basetxea K” saioa behera



“Basetxea K” saioaren aurtengo edizioak %18ko sharearekin amaitu du azaroa. Irailean, ETB-1eko aurtengo saiorik ikusiena izan zen, 261.000 ikusleekin —%21,8 sharea—. Hala ere, egunak joan, egunak etorri, ikusleak gutxitzen ari dira. Zergatik ote?