'Milimetroak' egitasmoa sortu du Ikastolen Elkarteak, Kilometroak jaiaren sarea zabaltzeko asmoz

Egun oso eta toki bakarreko Kilometroak jai eredua aldatzeko asmoa adierazi dute antolatzaileek, eta eredu berri horren bidean sortuko dute Milimetroak. "Jai parte-hartzaileagoa egin nahi dugu; ikastola batetik ikastola guztietara salto egingo duena eta herritik atera eta Gipuzkoara hedatuko dena, baita Euskal Herrira ere. Eta egun batetik urte osora zabalduko dena; komunitate osoaren parte-hartzea sustatuko duena, bereziki ikasleena. Era berean, ikastolek berezko duten kultur sorkuntzari plazak eskainiko dizkie, besteak beste”, azaldu du Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko kideak.
Milimetroak eskualdeka antolatuko da eta aurten Oarsoaldean eta Tolosaldean izango da, apirilaren 26an eta maiatzaren 20an, hurrenez hurren. Hala azaldu dute antolatzaileek: "Ekimenaren helburua hainbat ekintzaren bitartez ikastola desberdinen komunitateak harremanetan jartzea da, horien parte hartze erreala sustatzea eta euskarari espazio berriak eskaintzea kultur adierazpide desberdinen bidez, ahalik eta modu ludikoenean”.
Gai bana aukeratu dute Tolosaldean eta Oarsoaldean Milimetroak ekimena girotzeko. Naziotasuna izango du ardatz lehenak, aurrez-aurreko elkar ezagutzaren bidetik. Eskualdeko ikasleen arteko harremana eta elkar ezagutza sustatuko dituzte eta keinu egingo diote Euskal Herrian antolatzen diren ikastolen aldeko beste lau jaiei (Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats). LH6 ikasleen arteko topaketak egingo dituzte online eta eskualdeko ikastolen kasuan aurrez aurre, Ibarran bertan. Ibarrako ikastolako ikasleek anfitrioi lanak egingo dituzte, eta Uzturpe ikastolak abiarazitako Infinitu Irribarra ekimena baliatuko dute horretarako.
Oarsoaldean, berriz, herritarren eta herrien burujabetzaren inguruan antolatu dute apirilaren 26ko eguna. Egun horretan beteko da, hain justu, Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrena eta data baliatu nahi izan dute. "Egun munduko hainbat bazterretan gertatzen ari diren erasoaldi guztien kontzientzia hartzeko" diseinatu dute ekimena. DBH 4ko ikasleen arteko topaketa bultzatuko dute, eta Oarsoaldeko Haurtzaro, Pasaia-Lezo eta Orereta Ikastolak izango dute hitzordua antolatzeko ardura. Goizean lau ikastoletako ehun ikaslek Picassoren Gernika obraren bertsio koloretsua margotuko dute.
2022ko Kilometroen antolaketa Ibarrako Uzturpe ikastolak hartu duela gogorarazi dute, eta “egitarau oparoa" izango duela urtean zehar eta urriaren 2an ospatuko den azken festarekin emango diotela ekitaldiari amaiera. Datozen urteetan eskualde gehiagotara heltzeko asmoa dute, pixkanaka Gipuzkoako ikastolen ekarpena lurralde osora zabaldu dadin.