Mikel Lizarralde: “"Frogak emanez hasten dut saio bakoitza”"

Mikel Lizarralde: “"Frogak emanez hasten dut saio bakoitza”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-lizarralde-quotfrogak-emanez-hasten-dut-saio-bakoitzaquot/@@download/image/mikel_lizarrald_1371120812.jpg
2011/10/07
elkarrizketa
Testua: Antxoka Agirre, Argazkiak: Lander Garro
Umetan familia bazkarietan etorkizuna iragartzeko eskatzen zioten osaba-izebek postrearen ondoren. Gehienek ez zuten oso serio hartzen, baina gurasoak kezkaturik zeuzkan auzokide baten heriotza edo irakasle baten haurdunaldia iragarri eta asmatzen zituen mutiko ilegorriak. "Bakarrik zaude?"  galdetzen zioten,  eta "ez"  erantzuten zuen, "Luis izeneko gizon bat dago nire ondoan, eta sei behatz dituen emakume bat".   

Duela urte batzuk Marilyn Rossner medium ezagunak sekulako dohaina zuela esan zion, Kanadara joan behar zuela gehiago sakontzera. International Institute of Integral Human Sciences (IIIHS) eskola gomendatu zion. Montrealgo erakunde honen titulazioak aitorpen ofiziala du hainbat estatutan (Kanada, AEBak, Alemania, Israel…) eta baita NBERen babesa ere. Urretxuarrari sei hilabeteko beka eman zioten eta bi urtez luzatu zen bere egonaldia. Urteko Igarle Onenaren Saria irabazteko beta ere izan zuen Euskal Herrira itzuli aurretik.  

Donostian ireki duen dendan egin dugu zita. Irribarre zabal batekin hartu gaitu, koloretako kristal, kandela eta kutxatxoz inguratuTa. Onena txoko magikora jaistea izango dela dio eta eskailera estu batzuetan behera eraman gaitu. Gela txiki bat da, ilun samarra, eta erdian egurrezko mahai bat du tapiz batez estalia. Kandela zuriak pizten dituen bitartean hizketan hasi gara eguraldia dela eta ez dela, trafikoa e.a. "Zu Zarautz ingurukoa zara" dio intsentsua zabaltzen ari dela. "Ez zinen jada igarle lanetan hasiko, ezta?!".  "Ez, ez. Hizkeragatik asmatu dizut" egiten du barre. Mahai gainean kristal batzuk kolokatu ondoren grabagailua martxan jartzeko moduan garela dio. Rec.     

Mediuma, igarlea, tarotista. Zein da aldea?

Jendeak nahastu egiten ditu baina oso ezberdinak dira. Mekaniko, txapista eta gidari izatea bezalakoa da. Tarota arketipoetan oinarritzen da. Normalki erabiltzen direnak Erdi Arokoak dira baina gaur egun ere existitzen dira: nagusia eta langilea, aberatsa eta pobrea... Arketipo horiek esanahi ezagunak dituzte eta esanahi horiek interpretatu egin daitezke. Igarle dohaina daukanarentzat tresna bat da, pertzepzioei atea irekitzeko bide bat. Igarlea iraganeko eta etorkizuneko gertakariak asmatzeko gai den pertsona da. Aurrean duenaren energia edo aura ikusteko dohaina dauka baita ere. Prozesu psikiko baten bidez, oraindik ulertzen ez dugun garunaren mekanismo baten bidez jasotzen du informazio hori. Igarleak tarotistak izan daitezke, baina beste tresnaren bat ere erabil dezakete edo esku hutsik lan egin. Mediumak, berriz, igarle izateaz gain, fisikoki gure artean ez daudenekin kontaktatzeko dohaina dauka. Hildakoekin hitz egin dezake eta hauen bidez informazioa eman, mezua jasotzen duenarentzat ezaguna edo ezezaguna izan daitekeen informazioa.  

Zuk nola egiten duzu lan? Nolakoa da zure kontsulta bat?

Mediuma eta igarlea naiz. Batzuetan  kontsulta osatzeko tarota erabiltzen dut bukaera aldera, baina ez beti. Garai batean tente eta begiak itxita egiten nuen, baina konturatu nintzen batzuetan denboraren nozioa erabat galtzen nuela… hasten nintzen kanalizatzen eta ezin nuen amaitu. Orain nahiago dut eserita egon eta lasaiago egin. Normalean begiak irekita egiten dut gainera, behin perfekzionatzen duzunean ez baituzu begiak itxi beharrik. Hasi aurretik beti galdetzen diot etorri denari ea baden zerbait nahiago duena ez esatea. Normalean jendea oso irekita etortzen da eta dena entzun nahi izaten du. Gero, beti erritual bera jarraitzen dut: kandela zuriak pizten ditut, intsentsua zabaldu, kristal batzuk jarri… eta hor daukadan iturritxo hori beti martxan egoten da uraren bidez energia mugiarazteko. Eseri aurretik gauzak ikusten hasten naiz askotan, bezeroaren ahotsaren bidez iristen zaizkit, baina beste batzuetan pertzepzioa indartzeko eskuak hartu behar izaten ditut hasieran.

Deskribatu al ditzakezu pertzepzio horiek?

Izan daiteke sentsazio bat edo irudi bat… Sarritan ahots batek esaten dit halako hemen dagoela. Beste batzuetan izena bakarrik entzuten dut eta zentzua bilatu behar izaten diogu. Gaur goizean, adibidez, Pedro entzuten nuen eta galdetu egin diot bezeroari: "Zein da Pedro? Hemen bada norbait Pedro izena duena". Esaldi solteak izan daitezke, usainak ere bai, edo ahoko sentsazio bat. Normalean irudiak eta hotsak izaten dira, baina denak batera ere etor daitezke.

Irudiak diozunean, zer esan nahi duzu?

Normalean silueta bat izaten da, gerritik gorakoa edo bularretik gorakoa. Aurpegiaren zatirik handiena ez da ikusten baina bai traza batzuk… aurpegiaren forma, begiak… lausotuta dagoen kristal baten bitartez ikusiko banu bezala.

Trantzean sartzera iritsi izan zara?

Bai jaso izan nuen entrenamendua trantzean sartzen ikasteko baina ez zait gustatzen. Kontzientzia pixka bat gorago igo behar da eta hor izpiritu bat oso gertu jartzen da eta gure gorputza erabiltzen du komunikatzeko. Ez da zure gorputzean sartzen dela eta kontrola erabat galtzen duzula, baina esperientzia deseroso batzuk izan nituen eta egiteari utzi nion. Orain hasita nago berriro, baina kontsultetan ez eta beti ere modu oso light. Ez didazue sinetsiko baina etxean egiten dugu igande arratsalde batzuetan pelikula bat ikustera joan beharrean- irribarre egiten du.  

Azaldu zenezake esperientzia deseroso  horietakoren bat?

Ba adibidez ezin hitz egin izana lepoa moztu zioten norbait etorri zelako. Hemen, eztarrian bola bat sentitzen nuen oso fuertea. Ezin irentsi, ezin hitz egin.  Gogor samarra.

[Komunikabideetan ere entzun izan ditugu horrelakoak, baina bertatik bertara errespetu gehixeago sorrarazten dute. Errespetu puntua lehen begiratuan Mikelek tipo zentzudun baten traza guztiak dituelako. Harridura puntua erabateko ziurtasunez eta naturaltasunez kontatzen dituelako gauza hauek. Eta, zergatik ez esan, aurrean ditugun kandelen argitara ikus ote ditzakeenen errezeloaren itzal bat ere bai.]

Nahi duzunean konektatzen duzu? Lantokitik kanpora ere nahikoa lan izango duzu bestela.

Ikasi egiten duzu ixten eta irekitzen, baina ikasi bitartean askotan kaletik gauza pila bat sentitzen dituzu. Denborarekin konturatu naiz fisikoa indartuta, kirola eginda edo naturarekin sustraituta, eta meditazioa landuta errazago kontrolatzen dudala atea. Hala ere, ikasi eta gero ere, batzuetan... plaf! konturatu gabe etortzen zaizu… Aurreko batean, tabernan pintxoak jaten ari nintzela, "honek diru arazoak ditu, beste hura tripetatik libratu ezinda dabil…" hasi zitzaidan. Baina zerbait etortzen bazait kasurik ez egiten eta intuizio horretan ez sakontzen ere ikasi dut.  

Umetatik izan dituzu gisa honetako esperientziak. Nola gogoratzen dituzu lehenengoak?

Gu herritik kanpora bizi ginen eta industriagunea zeharkatu beharra zegoen etxera heltzeko. Akordatzen naiz oso umea nintzenean jende pila bat ikusten nuela bide horretan. Sei behatz zituen emakume bat ikusi nuela esaten nien etxekoei. Gerora deskubritu dut nire birramonak sei behatz zituela, argazki guztietan eskuan liburu bat duela ageri da behatza ezkutatzearren…  Gauza  mordoxka izan nituen: zortzi bat urterekin parkean zegoen neska bati izeba izango zela esan nion eta asmatu; ikastolako ume baten amona hil egingo zela esan nuen eta asmatu…

Ez zintuzten beldurtzen kontu hauek?

Nik uste nuen normala zela, mundu guztiak ikusten zituela. Gogoratzen naiz, adibidez, ohitura handia hartu nuela Olatzeko mojen hilerrira joatekoa... Ama Loiolakoa da eta oso sarritan joaten ginen bertako familiako etxera. Oso katolikoa ere bazen eta Loiolan geundenean Olatza eramaten ninduen Ama Birjinari loreak jartzera. Baina bakarrik ere joaten nintzen; nire lehengusu guztiak askoz zaharragoak ziren eta dezente tokatu zitzaidan bakarrik ibiltzea. Ermitaren ondoan, pixka bat beherago, baserri bat dago mojen lurrak lantzen zituena, eta haren atzean mojen hilerria, eta txakurrarekin paseatzera irteten nintzenean beti egiten nuen geldialdia bertan. Eserita egoten nintzen, tarte polit bat, ikusmiran. Gero zapaburuak harrapatzera joaten nintzen eta etxera bueltan amari kontatzen nion andre bat entzun nuela  negarrez, edo andre batek lapida garbitzeko esan zidala… Niri ez didate inoiz batere beldurrik eman.

Gurasoak kezkaturik egongo ziren, ezta?

Bai. Pixka bat koskorragoa nintzenean, bederatzi hamar urterekin, familia bazkari handi horietako jolasa postrearen ondoren Mikelek etorkizuna iragartzea izan zen bolada batean. Gehienek ez zuten oso serio hartzen, baina batzuek baita gaizki ere, tartean gurasoek… Gero, hamaika urte nituela, familiako oso gertuko lagun baten heriotza ikusi nuen eta biharamunean hil egin zen. Horrek asko markatu ninduen. Errua nire buruari botatzen hasi nintzen, ezer ulertu ezinik: "Nik hori ez banu pentsatu, orain bizirik egongo litzateke". Gaizki pasatu nuen eta gurasoek ez zekiten niri nola lagundu. Gainera oso katolikoak ziren eta alde horretatik ere egoera zaila zen eurentzat.

Topatu zenuen norbait zerbait esplikatu ahal izan zizuna?

Ba, egia esan, ez. Intuitiboki karta-sorta espainiarrarekin hasi nintzen jolasean, eta konturatu nintzen gauza dezente ikusten nituela. Horrek ere ez zuen grazia handirik egin familian, baina nik neurearekin jarraitu nuen. Gogoratzen naiz institutuan kartak botatzen hasi nintzela eta urte baten buruan utzi egin behar izan nuela: gero eta jende gehiago etortzen zitzaidan, batzuk maitasun kontuez galdezka, beste batzuk adarra jotzera… Tarotari buruzko liburuak irakurtzen hasi nintzen, Chopraren liburu batzuk ere bai… Bake pixka bat edukitzeko arrebaren liburuen azalak jartzen nizkien nireei. Circulo de Lectores-eko bazkidea zen arreba: Terenci Moix, Los pilares de la tierra, J.J Benitez…  Behin Antonio Galaren azalaren azpian ezkutaturiko taroteko liburu batekin harrapatu ninduten etxean, kar, kar.

Kontatu iezaguzu nola ezagutu zenuen Marilyn Rossner.

Hori aurrerago izan zen, unibertsitatean kazetaritza ikasten ari nintzela. Donostian eman zuen hitzaldirako sarrerak lortu zizkidan lagun batek. Hitzaldiaren bukaeran gerturatu eta berehala oso konexio ona izan genuen. Esan zidan sekulako dohaina neukala eta Kanadako bere eskolara joan behar nuela sakontzera. Momentu hartan Arrasate Telebistan ari nintzen lanean baina nahikoa erreta nengoen, kanpora ateratzeko gogoa ere baneukan, tarotarekin nahikoa sartuta nenbilen berriro ere… Sei hilabeteko beka bat eskaini zidaten eta joatea erabaki nuen.

Sei hilabeterako joan eta bi urte egin zenituen bertan.

Kristoren destenplearekin, Montrealen neguan zero azpitik hogei gradutik beherako tenperatura izaten baita kasik egunero, baina oso gustura. Nire dohaina ulertzeko balio izan zidan, jendearen mesedetan nola erabili nezakeen ikusteko, nire burua kokatzeko… Materia guztiak iruditu zitzaizkidan ikaragarri interesgarriak: meditazioa, psikologia, reikia, auraren irakurketa, telepatia… Asko ikasi nuen eta bizitza aldatu zidan.

Montrealgo poliziarekin lankidetzan ere aritzen omen zineten.

Harley Monte irakasleak poliziaren medium bezala ere egiten zuen lan eta asteazkenero mediumitatea garatzeko klasea izaten genuen berarekin. Klasea bukatu ondoren, berak hautaturiko ikasle talde bat poliziak pasatako kasuak lantzeko gelditzen ginen. Desagertutako umeen kasuak izaten ziren, eta guk bildutako pertzepzioekin puzzle moduko bat osatuta zortzi edo bederatzi topatu zituzten. Gehienak hilda, baina bahitutako mutiko bat ere topatu zuten bizirik. Oso kasu gogorrak ziren denak, prentsan oihartzun handia izan zuten.

Titulua atera berritan Urteko Medium Onenaren Saria ere irabazi zenuen.

Urtean behin alor honetako mundu mailako aditu garrantzitsuenak biltzen dituen hamar eguneko hitzaldi ziklo bat antolatu ohi du IIIHSak NBEren babesarekin, eta eskolaren promozio berriko ikasleei froga batzuk jartzen zaizkie azken egunean. Nirea 2005ekoa izan zen, bostehun bat lagun zeuden publikoan, eta publikoko jendearekin loturiko kontuak asmatu beharra zegoen denen aurrean. NBEko ikuskatzailea, eskolako irakasleen ordezkariak eta hainbat aditu zeuden epaimahaian, eta benetako ohorea izan zen niretzat saria.  

[Gelako horma bat tituluz betea dauka. Medium Onenaren Sari hori seinalatzen digu, IIIHSko titulua, Ingalaterrako SNUan jasotako ikastaroena, Sri Lankako Open Universityn buruturiko masterra… Bistakoa da Euskal Herrira itzuli zenetik ez diola ikasteari eta bidaiatzeari utzi. "Datorren astean Taiwanera joango naiz, ikastaro batera", dio. Lanik ere ez zaio falta: bere kontsultaren itxaron zerrenda 2013ko urtarrilerainokoa da, Izarpe igarle eskola ireki du, Alaia erakundearekin elkarlanean ari da…]

Ze jende etorri ohi zaizu kontsultara?

Denetarik. Harritu nauena da jende gazte euskaldun asko etorri zaidala. Ni gaztea eta euskalduna naizelako izango da agian… Azken hilabeteotan kanpoko jende gehiago ere nabaritu dut: Madrildik, Valladolidetik, Errioxatik, Frantziatik… Gaur goizean Greziatik etorritako gizon bat izan dut, bi abioi hartu behar izan ditu ona iristeko; pasada bat iruditu zait!

Zeren bila etortzen dira?

Galdu duen senideari gauza garrantzitsuak esateke gelditu zaizkiona etor daiteke. Lanean edo maitasunean zalantzaren bat argitu ezinik dabilena. Edo bere patuari edo etorkizunari buruz zerbait jakin nahi duena…  Azterketa egin nahi didan baten bat ere bai. Aurreko batean, adibidez, aurpegian orbain handi bat zeukan gizon bat sartu zen dendara; "Zauria nola egin nuen asmatzen baduzu, orduan etorriko naiz kontsultara"...  

Hara! Nik ere baneukan gogoa nire frogatxoa egiteko. Ez dakit oso metodo serioa den baina…

Bota.

Zein izango da nire hurrengo galdera?

Kar, kar. Izarperi buruz, agian?

Ez.

Nire ilobekin ere egiten dut jolas hori. Zenbat saskiratze lortuko ditut? Ze koloretakoa izango da pasako den hurrengo autoa? Dena ezin dugu jakin, noski, eta tontakeria bat baldin bada, are gutxiago. Jendeak uste du begiratu batean denetarik ikusten dudala, garuna irakurtzen diedala… ez da horren erraza.  

Etorkizuna iragartzea posible bada, ordea, zergatik ez dira hainbat sufrimendu eta heriotza eragozten? Fukushima, Haitiko lurrikara…

Lehen esan dizudan bezala, ez dakigu dena. Eta gehienetan, espezifikoki bilatzen ez baduzu, ez zaizkizu agertuko gauzak. Pentsa munduan zenbat gertaera izaten diren aldi berean… Gerta daiteke, gainera, igarrita ere inork kasurik ez egitea. Niri gertatu izan zait: Marta del Castillori –Sevillan desagertutako neska gaztea– buruzko zantzu batzuk bildu nituen ikasle batzuekin batera, baina poliziak ez zigun erantzun ere egin.  

Nola igarri igarlea benetakoa ote den? Komunikabideetan ageri ohi direnek normalean behintzat ez dute oso itxura ona izaten.

Kontsulta frogak eta datu zehatzak emanaz hastea ezinbestekoa da. Adibidez: ama zara, honetan egiten duzu lan, 2006an halako gertatu zitzaizun edo joan den urtean horrelako. Telebistan ateratzen diren horiek penagarri samarrak dira eta normalean ez dute ezer esaten. Lehen hamar minutuetan ezer zehatz eta konprobagarririk kontatu ez badizu, alferrik zabiltza igarle horrekin.  

Izarpen ematen duzuen tituluak zenbait berme eskainiko ditu, beraz.

Kanadan, Ingalaterran edo Holandan egiten den bezala, Gobernuak erregulatu beharko luke hau guztia, edo bestela Europar Batasunak. Baina, bien bitartean, gu gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara, seriotasunean eredu berri bat ezartzen. Izena ematen dutenei sarrera proba bat egiten diegu. Gero, hau gainditzen dutenek 540 kreditu osatu behar dituzte, eta honek benetako inplikazioa eskatzen du. Azkenik, tituluari dagozkion bi ikasturteak gainditu ondoren, azken azterketa bat gainditu beharra dago.  Aurten bik bakarrik atera dute.

Denok omen daukagu, izatez, seigarren zentzumena deitzen diogun hori.

Umetan denok daukagu askoz ere intuizio indartsuagoa, inguruko energiak sumatzeko gaitasuna. Gero sei, zazpi, zortzi urterekin galdu egiten dute gehienek, neurri handi batean arrazoi cartesiarrari lehentasuna eman eta sentsazio horiek baztertzera garamatzan hezkuntza bat jasotzen dugulako. Benetan dohain esanguratsu bat duten pertsona helduekin topo egitea zailagoa da. Hortik zehar ibili naizenean eskola asko ezagutu dut eta baita denetariko jendea ere: dohaina arazo psikiatrikoekin nahasten dutenak, euren bizitzarekin zer egin ez dakitenak, eta baita honetarako balio dutenak ere. Izarpeko tituluak izateak esan nahi du dohaina izateaz gain badakitela jendeari laguntzeko erabiltzen, terapeutak direla, hautemateaz gain badakitela esaten e.a.    

Rossner Donostian izan da aurten ere, eta besteak beste belaunaldi berriek intuizio hori garatuagoa ekarriko dutela esan zuen.

Bai. 'Haur berriak' deitzen zaien belaunaldiak dira, 90ko hamarkadatik aurrera jaiotakoak. Litekeena da ekarpen politak egitea.

Nola antolatzen dituzue materia ezberdinak?

Derrigorrezkoen artean lau adar daude. Lehenengoa psikosoziologia eta psikologia transpertsonala da. Sanazioaren adarrean, reikiaren eta kristaloterapiaren artean aukeratu behar da. Hirugarrena igarletzaren adarra da: tarota, eskuen irakurketa, numerologia eta astrologiaren arteko konbinaketa ezberdinekin bost aukera eskaintzen dizkigu. Azken adarra, mezuen zirkulua deritzona, neuk ematen dut. Oso praktikoa da eta denetarik lantzen dugu: meditazioa, telepatia, psikometria… Guztira, derrigorrezkoeak eta hautazkoak gehituta, 26 ikasgai dira.

Unibertsitateko karrera bat ematen du.

Gaur egun edonork eros dezake tarot bat, faszikulu bidez jasotako lau gauza irakurri eta kontsulta bat jarri. Horrek ez du esan nahi, ordea,  gai hauetan zer ikasia eta zer sakondua ez dagoenik.

Mikel Lizarralderen kuttunak:



Liburua: The Clan of the Cave Bear (Jean Marie Auel, 1980) eta Eztia eta ozpina (Patxi Zubizarreta, 1995).
Musika: Michael Buble. Titulua aterata Montrealdik itzuli edo ez zalantzan nenbilela bere Home abestia entzuten hasi nintzen txoko guztietan.
Taroteko karta: Rider Waite karta-jokoa.
Espiritu bat: Asko. Baina anai bat daukat zeruan eta bera da bereziena.
Meditatzeko txoko bat: Mendian, errekatxo batean hankak sartuta.