Mikel Linazisoro: "Tokion 20 urte edukiko ditut, adin polita da han egoteko"

Mikel Linazisoro: "Tokion 20 urte edukiko ditut, adin polita da han egoteko" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/10/10
berria
Testua: Igone Mariezkurrena Argazkiak: Galder Izagirre
Mikel Linazisoro: "Tokion 20 urte edukiko ditut, adin polita da han egoteko"
Bost urte zituenean eskalatzen hasi, bost geroago entrenamenduei esker 7a mailako lehenengo bidea kateatu eta, orduz geroztik, Mikel Linazisorok (Bergara, 2000) paretetan gora bezain erraz eta bizkor egin du aurrera: 8a+ 11 urterekin, 8c hamabirekin, 9a hamahirurekin eta 9a+hamabostekin . Bere herriko rokodromoan lotu gara kirol eskaladak bizi duen loraldiaren ikono honekin, "Urteak dira ez naizela hona etorri... aldatuta dago".


Progresio meteorikoa zurea, motel! Zer ematen dizute etxean jaten?!
Ba bai… lehiatzera oso ohitua nago, txikitatik, beharbada hori izango da kontua… –barrez–. Umemoko bat nintzela hasi nintzen eskiatzen, anaia nagusiaren bidea jarraitu nahian-edo. Kasik eskiatzen hastearekin batera hasi nintzen, baita ere, entrenatzen eta, tira, entrenatzen duzunean, normalean, txapelketetan zure indarrak neurtzeko izaten da; ez dut ulertzen entrenamendua lehiarik gabe. Horregatik, hamar urterekin Durangoko rokodromoan sakatzen hasi nintzenean, modu naturalean heldu nion, aldi berean, konpetizioari. Eta emaitzak etorri dira. Dena dela, neure burua gainditzeko grinagatik edo besteen aurka aritzeagatik baino gehiago, lehiatzea gustatzen zait Bergaratik atera eta bidaiatzeko ateak zabaldu dizkidalako; bestela sekula aurkituko ez nituzkeen hormatan gora egiteko aukera eman didalako.

Hamasei–hemezortzi urte bitartekoen kategorian lehiatzera pasatu berri zara. Aldea nabarituko zenuen noski; aurreikusten zenuen neurrikoa izan da?
Eskaileran maila bat igotzen duzun bakoitzean nabaritzen duzu kategoria berriko gazteena izatera pasatzen zarela. Europako azken Txapelketa honetatik ez naiz oso pozik itzuli, finalaurrekoetan pauso bat gaizki irakurri eta jausi egin nintzelako. Baina ez diot adinari egozten; uste dut hamasei urtekoak eta hemezortzikoak oso parekatuta gabiltzala gure kategorian.



Dena dela, ohituta zaude zu baino jende nagusiagoarekin eskalatzera, maila honetan zure adineko asko ez baitabiltza inguru hurbilean behintzat…
Egia da orain arte eskalatzaileak jende nagusia izaten zirela gehienbat, baina esango nuke 2013tik hona gero eta gazte gehiago gabiltzala, gero eta gazteago gainera. Horretaz aparte, nahiz eta ni normalean maila altuko eskalatzaileekin aritu, eskoletan (mendian, aire zabalean) eta rokodromoetan zailtasun oso desberdineko bideak topa ditzakezu bata bestearen ondoan. Horregatik, ni entrenatzen ibili naiteke eta alboan nire adin bereko lagunak eduki, hasiberriak kasu batzuetan. Hori da eskaladaren aberastasuna. Gero, badaude koba batzuk eta beste zenbait eskola bide oso teknikoak dituztenak, eta horietan ibiltzen diren eskalatzaileen artean, bai, ni naiz gaztetxoena –irribarre lotsatiz–.

Kirol hau gertutik ezagutzen ez dutenentzat: txapelketak zergatik izaten dira beti rokodromoetan eta ez aire zabalean, harkaitzean?
Konpetizioak kanpoan izango balira, hau da harkaitzean, lokalizazioa eta kateatu beharreko bidea(k) aldez aurretik filtra litezke, baten bat lehenago hurbildu liteke ezkutuan probatzera eta orduan akabo. Abiapuntuak berbera izan behar du guztiontzat, ezin dugu aldez aurretik bidea ezagutu, irakurri edo probatu.

Eta dohain fisikoei dagokionez, zer? Zergatik zara hain ona? Entrenamenduari zor al diozu dena?
Zerbait izango dut berezkoa –algaraka–… ez? Bi eskalatzaile mota daude, eta ni denetarik egiten aritzen naizenez, bietatik dut zerbait. Sokaz eskalatzeko, bide luzeagoak izaten direnez, gorputz fina edukitzea komeni da, ez oso astuna pisuak beherantz tiratzen duelako, baina gogorra eta erresistentea. Gantzik ez! Eta, noski, nork bere pisua ahalik eta hoberen mugitzen jakin behar du –barrez–, normalean txiki samarrak eta arinak izaten dira, ez oso altuak. Gero, blokean ibiltzen direnek, bide laburretan, potentzia behar dute batez ere, indarra; horiek dira muskulatuak, ‘mazauak’ –barrez–. Ni sokarekin ibiltzen naiz gehiago, baina astunegia naiz oraindik, egia da pisua altuerari zor diodala neurri batean, baina eskiatzen topera ibili nintzen garaitik muskulu gehiegi dut oraindik hanketan. Urteekin galdu beharko dut, ez didate ezertarako balio eskaladan, hamar kilo motxilan eramatea bezalako zerbait da…

2020an, Tokion, eskalada kirol olinpiko bilakatuko da azkenean. Zure planen artean dago?
Bai, gustatuko litzaidake. Hala ere, oso berde dago kontua. Batzorde Olinpikoak oraindik ez du argi nola planteatuko duen txapelketa ezta nolakoa edo zein izango den hautaketa prozesua. Ikusi beharko! 20 urte izango ditut, gaztetxo –irribarre lotsatiz beste behin–, baina adin polita da han egoteko.


Mikel Linazisororen elkarrizketra osorik irakurri nahi?



Gustatu al zaizu Mikel Linazisorok kontatu diguna? Bitxikeria mordoa partekatu du eskalatzaileak gurekin! Gehiago irakurtzeko gogoekin gelditu bazara, dagoeneko kioskoetan salgai dagoen 177. alean aurkituko dituzu galdera hauen erantzunak:

- Eskia aipatu duzula… aukeratu behar izan zenuenean, zergatik egin zenuen eskaladaren alde?

- Ze aldaketa ekarriko du Tokiok diziplinarentzat berarentzat eta eskalatzaileentzat?

- Kirol garestia da hau?

- Kuadrillakoek zer diote honetaz guztiaz?