Mikel Laboaren esperimentazioan oinarritutako erakusketa Donostian

Mikel Laboaren esperimentazioan oinarritutako erakusketa Donostian Euskal musikariaren lana hartu dute abiapuntu 'Komunikazio-Inkomunikazio' erakusketan. Herri-kultura eta esperimentazioaren arteko zubiak ditu aztergai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-laboaren-esperimentazioan-oinarritutako-erakusketa-donostian/@@download/image/laboa erakusketa.jpeg
2021/06/03

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Euskal musikariaren lana hartu dute abiapuntu 'Komunikazio-Inkomunikazio' erakusketan. Herri-kultura eta esperimentazioaren arteko zubiak ditu aztergai.
Mikel Laboaren esperimentazioan oinarritutako erakusketa Donostian

Donostiako Tabakalera zentroak Mikel Laboaren (1938-2008) lan esperimentalean ardatza duen Komunikazio-Inkomunikazio erakusketa antolatu du. Oier Etxeberriak osatutako erakusketan herri-kulturaren eta sorkuntza esperimentalaren arteko harremana aztertzen da. Bien artean joan-etorriko zubiak eraiki zituen musikariak eta bere musika-ekoizpenean berebiziko garrantzia izan zuen. 

Laboaren lekeitioak hartu dituzte oinarri, ahots-joko, oihu, ohiko soinu eta onomatopeiez osatutako abesti esperimentalak. Laboak lengoaia propioa sortu zuen horien bidez eta bere ezaugarri bilakatu zirela ere esan dezakegu. Komunikazio-inkomunikazio izenburua jarri diote erakusketari; berak Lluis Llachekin batera emandako kontzertu batean estreinatu zuen aurkezpen apurtzaile eta abangoardistari jarri zion izen bera. Tabakalerara hurbiltzen denak, ibilbide bat egiteko aukera izango du, artxibo eta dokumentu historikoetatik hasi eta obra historiko eta garaikideetaraino. Horretaz gain, Tabakalerak berak sustatutako beste ekoizpen batzuk ere badira. 

Lanak zazpi ataletan banatuta aurkezten dira, eta soinu-erregistroa, erregistro bisuala eta testu-erregistroa gainjartzen diren paisaia bat osatzen dute. Erakusketa bi aretotan banatu dute: Erakusketa-aretoa eta Lau Pareta aretoa, biak Tabakaleraren lehen solairuan daudenak. Erakusketa-aretoak Komunikazio eta Inkomunikazio atalak hartzen ditu bere bi aldeetan, Lekeitioak lana begirada garaikide baten bidez berrikustea proposatzen duena. Aretoaren beste aldean aurkezten diren lanek soinu-arloan gauzatutako garapen teknologikoen, gerraren eta biek giza-komunikazioaren garapena zehazten duten moduaren arteko loturak azpimarratzen dituzte. Lau Pareta aretoan, berriz,  Lekeitioak-Antigonak lana ipini dute. Bertan, Donostiako kultur-giroa markatu zuen ekitaldi bat aipatzen da: New Yorkeko The Living Theatre taldeak Bertolt Brechten Antigona lanarekin egin zuen emanaldia. Gertakari horrek Lekeitioak lanaren dimentsio tragikoa esploratzeko balio du. 

Erakusketak hainbat artistaren lanak biltzen ditu: Asier Mendizabal, Kimia Kamvari & Nader Koochaki, Amaia Urra, Remigio Mendiburu, Vicente Ameztoy, Francisco de Goya eta Jose Luis Zumeta, esaterako. Bestalde, Maialen Lujanbiok, Xabier Erkiziak eta Itxaro Bordak azken berrogeita hamar urteotan Euskal Herrian ahotsaren praktika hedatzeko garrantzitsuak izan diren hainbat artistaren pieza musikalak bildu dituzte playlist batean; besteak beste, Esther Ferrer, Joxean Artze, Itxaro Borda, Loty Negarti, Mursego, Alex Mendizabal eta Ibon RG artisten lanak izango dira entzungai erakusketaren sarreran egongo den instalazioan.

Erakusketa abuztuaren 29ra arte egongo da zabalik Donostiako Tabakalerako lehen solairuan, asteartetik igandera.