Mezua idatzi sahararrentzat

Bigarren urtez bertan behera geratu da Oporrak Bakean programa eta, horren ondorioz, Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren 10 eta 12 urteko haur sahararrak ez dira etorri familia euskaldunetara edo udalekuetara udako bi hilabeteetan. Egitasmo honi esker, haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatuen kanpalekuetatik kanpo igarotzeko aukera izaten dute, eta familia euskaldunek herri sahararra lagundu eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera izaten dute.
Covid-19ak sortutako arazoez gain, gerra ere bada, Mendebaldeko Sahara eta Maroko guda deklaratuan baitaude 2020ko azaroaz geroztik; su-etenaren amaieraren ondorioz soldadu sahararrak gerran daude, beraz. Egoera hau ikusirik, Mezuak hodeietan kanpaina jarri dute abian Oporrak Bakean programan parte hartzen duten elkarte, eragile, eta harrera familiek, elkartasunari era batera edo bestera eutsi ahal izateko. Elezaharraren arabera, sahararrak lainoen seme-alabak omen dira eta "hodeiek mugarik gabe bidaiatzeko aukera dutenez", ahalik eta mezu gehien bidaltzea da helburua. Izan ere, "iristen diren mezu guztiak aberasgarriak izango dira, monotonia hautsiko baitute".
Edonork parte har dezake mezua idazten, "animoak emanez, udako planak kontatuz zein bestelako edozer". Norberak nahi duen hizkuntzan, hodei baten barnean, idatzi behar du mezua. Mezu guztiak azaroan eramango dira saharar errefuxiatuen kanpalekuetara, baina teknologia baliatuko da lehenago helarazteko. Mezua idaztean, eskaneatu edo argazkia atera eta oporrakbakean@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu dute. Gutunez gain, beharrezko materialak eta herritarren dohaintzak eramateko asmoa dute.
Oporrak Bakean webgunean edo Facebook orrialdean kontsultatu ahalko da mezua helmugara iritsi ote den, eta saharar kanpalekuetatik bueltan etortzen diren mezuak ere ikusi ahalko dira, baita kanpainan zehar bildutakoaren laburpena kontsultatu ere.