Merina Gris: “Pop bortitza genero edo etiketa bat baino, gure musikaren deskribapen grafikoa da”.

“Pop bortitza” egiten omen duzue. Zer islatzen du etiketa horrek?
Guk musika bizitzeko dugun modua islatuko luke kontzeptu horrek. Gure musikak melodia eta egitura konbentzionalak ditu, baina mezua islatzerakoan tinbrea, soinua eta kodea beste modu batean lantzeko beharra sentitzen dugu. Guk musika horrela kontsumitu eta ulertzen dugunez, formak garrantzia handia du. Pop bortitza genero edo etiketa bat baino, gure musikaren deskribapen grafikoa da.
Aurpegiak ez erakustearenak esanahi bereziren bat du? Sortzerako garaian askeago sentitzen zarete?
Bai, baina askeago sentitzea ondorio bat da edo bigarren plano batean geratzen den zerbait da. Artean igorlearen rola ezinbestekoa iruditzen zaigu, identitate horrek ematen duen testuingurua… Askotan, egileak garrantzia gehiegi hartzen du ordea, eta lantzen duen artearen gainetik egon ohi da. Kantu bat entzun ohi dugu, sortu duen pertsonarekiko ditugun aurreiritzien baitan. Gure kasuan, testuingururik gabe kaleratu nahi izan dugu gure musika, “zer” horrek, “zein”-ek baino garrantzia handiagoa izan dezan. Gainera, paradoxa da, baina konturatu gara aurpegiak estalita agertzeak, gehiago indartu duela gure nortasuna.
Zuen aurpegiak estaltzen dituzue, baina ondoren zuen aurrerapen kantuko bideoklipetan hainbat aurpegi ezagun ikusi ahal izan ditugu (Izaro, Eneko Sagardoy, Cris Belako). Nola laburbilduko zenukete zuen proposamena?
Lagun artean egindako musika eta ikus-entzunezko proposamena da Merina Gris. Ukaezina da, protagonista ezagunak izateak ematen dion indarra, baina kasu hauetan aspaldiko laguntasun batetik sortutako kolaborazioak dira, aldebikoa den miresmen batetik jaio dira. Izarorena txantxa bat balitz bezala irudikatu nahi izan genuen eta hortik sortu ziren Eneko eta Crisen proposamenak ere.
Zer beharri erantzuteko sortu zenuten proiektu berezi hau?
Gure behar pertsonalei. Musikariak garenez horrela “hitz egiten” dugu guk, baina beste edozein artistak izan ditzakeen behar berberak ditugu. Pertsona zein sortzaile bezala, gune artistiko eta sozial baten beharra geneukala sumatzen genuen. Gu eroso egoteko gune bat. Gure errealitate guztien erdian kokatzen zen eta existitzen ez zen gune bat. Hori da Merina Gris, guk, guretzat sortutako zerbait. Orain, jendearekin hori elkarbanatzeko garaia iritsi da. Gu bezala sentitzen den edo gure musikarekin lotura sentitzen duen edonor da ongietorria.
Zuen musikan irudiak ere sekulako garrantzia duela argi dago. Ez zaizue iruditzen horrek musika bigarren plano batean utzi lezakeela?
Ez, osagarriak dira, baina hierarkia bat dago. Nahiz eta proposamena ikus-entzunezkoa den, argi dugu musikarik gabe ez legokeela Merina Grisik, baina bideo edo estetika landu bat gabe egon zatekeen. Dena den, musika eta irudiak elkar elikatzen dira eta ezinbestekoa da bigarren hori ere guretzat. Ez diogu gai honi buelta gehiegirik eman, musika gure identitatea dela argi izan dugunez, burutapen estetikoak, janzkerak, argazkiak, diseinuak eta bideoak erraz sortu dira. Guzti horren batura da Merina Gris eta komunikatu nahi duguna horrela transmititzeko beharra sentitu dugu. Gainera zergatik banandu bi elementuak? Pelikula bat ikustera goazenean ez dugu berau audiorik gabe imajinatzen, ez dugu pentsatzen batak besteari kalterik egingo dionik, baldin eta, bietako bat (irudia ala musika) oso kaskarra ez bada bederen.
Kolaborazio ugariz osatutako lana da, bai alderdi musikalean eta baita estetikoan ere. Zer dela eta?
Artistikoki une politak bizitzen ari gara proiektu honekin. Oso gustura gaude egiten dugunarekin eta hori ez da beti gertatzen. Egoera honek asko errazten du guztia, lagunartean baikaude edota aurretik ezagutzen ez genuen jendearen lagun egin baikara. Izarok esan zuen bezala, bakarrik ezin da. Mentalki arlo askotan egotea gustatzen zaigu, gure ogibideek diziplina askotarikora bultzatzen gaituzte eta horregatik gozatzen dugu proiektua dimentsio bat baino gehiagotan planteatzen. Inguruan gurekin batera lan egin duten edo aldamenean dauzkagun harribitxi horiek dira gurekin kolaboratu duten artistak. Zorte handikoak gara zentzu horretan.
Ed is Dead ekoizle ezagunarekin egin duzue lan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ez gara nekatzen errepikatzeaz: Ed onena da. Ez asko dakielako soilik, baizik eta pertsona oso didaktiko eta apala delako. Hasiera hasieratik harreman erabat horizontala eraiki dugu berarekin. Gainera, eta garrantzitsuena, gugan sinetsi du lehen minututik, baita beste askok sinesten ez zutenean ere. E-mail bat bidali genion Besteek zer kantuaren demoarekin eta “I-KA-RA-GA-RRI-A” batekin erantzun zigun. Beraz, ez genuen bi aldiz pentsatu. Berak adina jakingo bagenu bezala hitz egiten digu. Surrealista izan bada ere, gozamena eta ohorea izan da horrela tratatzen zaituen norbaitekin lan egitea. Aldi berean, irakasle moduko bat ere izan da. Gainera, gu bezain frikia da eta hori ere oso garrantzitsua izan da elkar ulertu ahal izateko.
Zuen zuzenekoetara hurbiltzen denak zer aurkituko du?
Gure gogoak, gure pasioa eta gure energia kantuak jotzen ditugun bitartean. Guk geuk sortutako musikak guri helarazten diguna jendeari ere transmititzeko saiakerak dira kontzertuak. Gainera, batez ere, ordenagailu bidez egindako musika den arren, argi geneukan zuzenekoetan talde formatua nahi genuela, gure kantuak jo nahi genituela, nahiz eta beste formatuak ere erakargarriak suertatzen zaizkigun. Gu talde egituretatik gatoz, gure musika zuzenean jotzetik, eta hor sentitzen gara erosoen.
Apirilaren 28an, Punto Zero Jaialdian J Martina proposamen freskoarekin arituko zarete, lehenengoz Bilbon. Euskal eszenan zerbait aldatzen ari dela uste duzue? Sortzerako garaian, euskaldunok, aurreiritziak gainetik kentzea lortu dugu?
Baietz espero dugu. Lehen baino aurreiritzi gutxiago daudela antzematen dugu, baina ezingo genuke ehuneko ehunean ziurtatu. Azken finean, morrontza eragiten dute aurreiritziek, muga propioak sortzea eta hondamendia. Jendeak gure musikarekiko aurreiritziak ez izatea nahi badugu, ezinbestekoa da guk ere, sortzerako garaian hauek aldentzea. Beti geratzen da zerbait, gizakiak baikara, baina hori gainditzen saiatu beharra dago. Norbait bere buruarekin zintzoa denean benetakoa dela esan ohi da, eta hori kanpotik nabaritzen da. Pertsona bakoitzak bere gustuak eta estiloa baditu ere, zintzotasuna transmititzen dela uste dugu. Hortaz, Euskal Herrian egoera zein den ez badakigu ere, argi dugu inoiz baino kolore gehiago ikusten ditugula eta ezusteko polit ugari hartzen ari garela.
Aurreiritziak aipatuta, ezin aipatu gabe utzi, zuen abesti gehienak euskaraz badira ere, gaztelaniazkoren bat baduzuela. Bi hizkuntzetan aritzeko hautua modu naturalean sortu zen?
Ez dugu ulertzen norbaitek hizkuntza konkretu batean aritzeko hautua modu naturalean ez egitea. Errespetatzen dugu, baina gure ustez hori ez da bidea. Gauzak sentitzen ditugun moduan egitea gustatzen zaigu eta oraingoan ere hori egin dugu, besterik ez. Hizkuntza ezberdinak gure errealitatearen zati dira, gure musikaren beste hainbat ezaugarriren antzera.
Etorkizunera begira, zein dira proiektu honekin betetzea gustatuko litzaizuekeen helburuak?
Egiten duguna egiten jarraitu ahal izatea, era duinago batean (baita zentzu ekonomikoan ere). Eta noski, sentitzen duguna egiten jarraituz, ahalik eta komunitate handiena sortzea, eta eurak, gurekin batera, hunkitzea.