Mary W. Shelley: Frankensteinen sexua

Mary W. Shelley: Frankensteinen sexua https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Mary W. Shelley: Frankensteinen sexua
XVIII. mendean H. Walpole-k idatzitako "Otranto-ko gaztelua" obrak hasiera emango dio nobela gotikoa bezala ezagututakoari. Genero honetan, beldurrezko nahiz fantasiazko giroak nahasten dira, gehienetan gaztelu misteriotsuen inguruan garatzen direlarik gertakizunak. Beranduago, A. Radcliffe-k "Udolfo-ko misterioak" eleberri mardula argitaratuko du. Lan honek, aurrekoaren hari berberak darabiltza, haratago badoa ere. Inguruabar hauen erdian, 1816. urteko udan, Shelley andrea lagun batzuekin dabil Suizako bazterretan. Horien arteko batek, Lord Byron poetak hain zuzen ere, denborapasa modura, beldurrezko narrazio bat asmatzeko erronka jaurti die besteei. Erronka honen fruitu jaioko da "Frankenstein" figuraren hazia. Mary W. Shelley-ri ipuin bitxi bat otu zitzaion, guztiak liluraturik utzi zituena. Prometeoren figuran oinarritua dago narrazioa, hain zuzen ere, ausartegia izan den sortzaile zigortuaren mitoan. Haren senarra zen P.B. Shelley poetak bultzatuta, eleberri itxura emango dio Maryk ipuinari. 
Hemendik aurrera, munstruo xarmangarriaren eragina eta hedadura geldiezina bihurtuko da. Neurri handi batean, zineari zor diogu hori: Boris Karloff-ek antzezturiko zuribeltzeko film zaharretatik hasi eta berrikiago ezagutu dugun K. Brannagh-en film luze modernora heldu arte, bidean ezin dezakegularik ahaztu "Frankenstein gaztetxoa", non zinez gogoangarria baita Igor zerbitzariaren konkorraren pasadizoa. Hala ere, Frankenstein-en mitoa ugaltzen asko lagundu duen arren, zineak eleberriaren metafora edo esanahia mugatzea erdietsi du, Frankenstein bera torlojudun izaki bihurtu eta beldurrezko generoan ainguratuz. Beste era batera esanda, munstroa bere fikziozko sortzaileari gailendu zaio. Shelleyk islatu nahi izan zuen sortzailearen figura, jainko baten moduan jokatzera ausartzen dena, apur bat difuminaturik geratu da sortu duen "munstro" arbuiatuaren aldean. Maiz gertatzen den moduan, filmea eta eleberria ez datoz bat arlo askotan. Kasu honetan hala ote den egiaztatzeko, nobelara hurbildu besterik ez dago. "Hiria" argitaletxeak kaleratu du berriki euskarazko bertsio-laburtua.