Martxel Arribillaga: "Ero batek ezingo luke hau egin"

Martxel Arribillaga: "Ero batek ezingo luke hau egin" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxel-arribillaga-ero-batek-ezingo-luke-hau-egin/@@download/image/martxel_01_1398768664.jpg
2014/05/05
elkarrizketa
Argazkiak: Galder Izagirre. Testua: Maialen Goñi
Azkenaldian arriskuzko kirolak modan jarri diren arren, bada bizikletarekin egindako jauzi akrobatikoen mundua aspalditik menderatzen duen euskaldun bat, bakarra bere espeziean.


Iragan apirilean, Aste Santuko oporraldiarekin batera, zabaldu zituen ateak Igantziko IrriSarri Land abentura parkeak. Beste hainbat ekintzaren artean, enduro –erresistentzia–, freeride –estilo librea– eta dirt jump –jauziak– modalitateak lantzeko bereziki prestaturiko bizikletentzako zirkuituak ditu. Bertan elkartu gara Martxel Arribillagarekin (Bera, 1993), eta babeskiak jartzen harrapatu dugu, argazki saiorako prestatzen. Auskalo zenbat alditan egin duen honezkero mekanikoki jarraitzen duen prozesua… Izan ere, hamabi urterekin BMX edo bike moto cross bizikletekin entrenatzen hasi zen; 70eko hamarkadan Kalifornian sortutako joera da, moto-kros gidarien akrobaziak imitatzeko tramankulu arin, birakari eta txikiak behar zituztela ohartu baitziren orduko txirrindulariak. Arribillagak, baina, MTB edo mountain bikea zuen nahiago, BMXak baino bi kilo gehiago soilik pisatu arren, askoz egonkor eta oldarkorragoa dena. Eta bi urteren buruan, "hazi eta indartu" zenean, harekin hasi zen jauzika.

Zazpi urte igaro dira ordutik, eta bere izena nazioarteko dirt jump rider onenen zerrendan sartzea lortu du. Mundu mailako txapelketetan lehiatzen da, babesle sendoak ditu, eta jauzi erakustaldiak eskaintzen dituen Funbox Factory taldea sortu du. Lasaia eta umila da, ordea. Goi mailako Bero eta fluidodun instalazioen mantenua ikasten du goizez, eta gogor entrenatzen da arratsaldetan. Guk ere aldapan gora bidali dugu, beheranzkoan txoria bailitzan hegan egiten ikusteko. Eta leher eginda amaitu duenean eseri gara berarekin solasera.

Nola dator urtea? Zein txapelketa dituzu agendan gorriz markatuta?
Orain urte batzuk denboraldi osoko txapelketa egutegia izaten nuen, zortzi bat proba espainiar estatuan; denboraldi amaieran pilotuen artean onenak aukeratu eta lehiaketa bakarrera gonbidatzen zituzten estatuko onena izendatzeko. Nik behin izan nuen txapelketa hartan parte hartzeko aukera, 2010ean, ordura arte gazteegia bainintzen, eta irabazi egin nuen. Pilotu berri onenaren saria ere eman zidaten. Hurrengo urtean, aldiz, txapelketa osoa antolatu beharrean proba bakarra egin zuten Madrilen, Festibike azokan, eta hura ere eskuratu nuen. Baina ordutik hona ez da apenas lehiaketarik antolatzen, eta Madrilgo proba ere bertan behera geratu zen iaz. Aurten, beraz, ez dakit bakarren bat izanen dudan… Nazioartekoei dagokienez, aldiz, maiatz hasieran Suitzara noa, Alemaniara ondoren, eta Austriara gero. Garai batzuetan topera ibiltzen naiz, hilabete osoa kanpoan egiten dut, Europan bereziki. Eta aurten ere dezente mugituko naiz irailera bitarte.

Eta zein da helburua?
Bidaiatzea, mundua ezagutzea eta pertsonalki haztea, baina horrez gain, eskarmentatu eta gustura lehiatzea. Iazko marka hobetzea ere gustatuko litzaidake: munduko rankingean, nire modalitatean aritzen diren 400 pilotu ingururen artean 49. postuan geratu nintzen.

Orain arte ez da euskaldunik zure mailara heldu.
Ez! Hegoi Ado izan zen mundu honetan sartzen lehena; berari esker ikasi nituen lehen trukuak, eta gerora lortu ditudan hainbat, berak inoiz egin ez dituen arren, elkarrekin atera ditugu. Ez dit soilik bizikletan ibiltzen irakatsi, maila pertsonalean ikaragarri lagundu dit. Eta berarekin eta bere anaia Enekorekin egindako bidaiek askorako balio izan didate.

Eta aldiz, hedabideetan, apenas egin dizugu lekurik. Zergatik?
Ez dakit… Beharbada, afizioa egon arren, kirol honek ez duelako behar adinako laguntzarik jasotzen gurean, eta honenbestez, oihartzunik ere ez duelako. Gainera, ez dugu non entrenatu. Azpiegiturak behar ditugu jendea erakarri eta kirol honek indarra hartu dezan.

[MTB dirt jump modalitateko probetan lurrezko hainbat aldapa izaten dira, bata bestearen segidan, eta gidariek banan bana horietan jauzi egin behar dute, ahalik eta truku ikusgarrienak eginez].

Irten aurretik badakizu zein truku egingo duzun salto bakoitzean?
Jaitsiera bakarra bada bai, jauzi bakoitza goitik behera pentsatzen dut. Baina demagun hamar saltoko erronda bat duzula. Orduan zailagoa da. Beharbada salto bakoitzean zer egin aldez aurretik pentsatu duzu, baina gerta liteke lehen jauzian arazoren bat izatea, eta bigarrenerako behar zenuen abiadura galtzea; orduan inprobisatu egin behar duzu, airean batzuetan, aldaparen azken unean bestetan. Esaterako, Kanariar Uharteetan egindako azken erakustaldian banekien finalera heltzeko zer egin behar nuen, eta zorionez, dena ongi joan zen. Baina oso zaila da. Baliteke, baita ere, lehiakideren batek espero zenuena baino truku hobea egitea! Orduan, plana aldatu eta hura baino zerbait ikusgarriagoa egin behar duzu, ez dago besterik.

Txapelketan izango dituzun aurkariak aldez aurretik aztertzea komenigarria izango da orduan.
Bai. Haien bideoak eta argazkiak ikusten saiatzen naiz duten maila identifikatzeko. Eta nik ateratako truku berrien irudiak ez ditut proben aurretik sare sozialetara igotzen, kopiatu ez ditzaten.

Txapelketetan epaimahaiak ebazten du irabazlea nor den, saltoaren zailtasun maila, teknika, exekuzioa… kontuan hartuta. Sentitu al duzu inoiz saria merezi arren, ez dizutela eman? Eta alderantziz?

Alderantziz ez! Baina merezi arren askotan ez didate eman. Katalan artean dabilen euskalduna naiz, eta hara noanean onena izan behar dut lehen postuak lortzeko. Haietako norbaitekin berdintzen badut, 10. postura noa! Subjektibotasunak paper garrantzitsua du, epailearen arabera balorazioa aldatu egiten da, horregatik jartzen dituzte hiru! Baina hala ere…

Oro har, zenbat metroko saltoak egiten dituzu?
Bost eta hamar metro artekoak.

Eta zein da sekula egin duzun jauzirik handiena?
Hamazazpi metrokoa. Alpeetan izan zen, eta errekor bat lortu nuen: erreka baten gainean hamazazpi metroko backflipa –atzeranzko jauzia– egin nuen eskurik gabe.

Zein prozesu jarraitzen duzu truku bat hutsetik ikasterako orduan?

Norbait trukua egiten ikusten dut lehenik, eta segidan buruan imajinatu eta zein mugimendu egin beharko nituzkeen pentsatzen dut. Buruz behera jarri behar banaiz, foam pit edo aparrezko igerilekura egiten dut salto bizikletarekin, airean trukua egin eta gaizki eroriz gero, minik ez hartzeko; bizikleta gainean soilik egon behar banaiz, aldiz, gurpilik gabeko bizikletarekin ohe elastikoan egiten ditut probak, eta hortik aparrera pasatzen naiz. Eta aparrera tente erortzen ikasten dudanean, orduan bai, aldapa arruntera igarotzen naiz. Baina nik bakarrik entrenatzen dut, ez dut akatsak zuzentzen dizkidan inor alboan, eta horregatik, zenbaitetan bideoz grabatzen ditut jauziak, besoak, hankak, gorputza… nola jartzen ditudan aztertu eta pixkanaka zuzentzen joateko. 

Truku guztiak asmatuta daude, ala posible da berriak sortzea?
Ziur badela asmatu gabekoren bat, baina auskalo! Nik behintzat ez dakit zein den. Normalean mugimenduen arteko konbinazioak izaten dira, horiek zailtzen baitituzte trukuak.

Aitaren pabilioia baliatu duzu orain arte zure entrenamenduetarako. Zein entrenamendu dinamika jarraitzen duzu?
Astean lau aldiz gimnasiora joaten naiz indarra lantzeko ariketak egitera. Edo hala beharko luke, azkenaldian kale egen baitut! Igeri egiten dut, prestakuntza kardiobaskularra egiteko eta artikulazioei mesede egiten dielako, baina bereziki pabilioia da nire entrenamendu gunea. Bi orduz egoten naiz, lehenik beroketak egiten ditut, luzaketak, eta ondoren saltoka hasten naiz. Akrobazia batzuk, itzulipurdiak, eta ondoren aparrera egiten dut salto truku berriak ikasi edo ikasitakoei azken ukituak emateko, lurrean egingo banitu ziurrenik kristoren ostiak hartuko nituzkelako! Eta ez nago horretarako prest. Badira truku batzuk zeintzuetan burua gorputza baino altuago dudan. Baina beste batzuetan buruz behera jartzen naiz, eta akatsen bat eginez gero, akabo!

Eta jauzi handiak entrenatzeko, nola moldatzen zara?

Sei metro artekoak aparrezko igerilekura egiten ditut, baina hortik aurrerakoak… aparrean justu-justu atera eta zuzenean lurrean egin. Backflip bikoitza, esaterako, ez dut sekula aparrean egin, ez didalako bi itzuliak emateko denborarik ematen, bai ordea airbagean –airezko koltxonetan–, eta orain Igantziko parkean saiatuko naiz. Baina lurrean sekula probatu gabeko akrobaziak zuzenean lehiaketetan egin izan ditut, eta ziurtatzen dizut ez direla sekula ongi ateratzen.

Eta aitaren pabilioia izango ez bazenu…
Ezingo nuke kirol honetan aurrera egin. Aparrezko igerilekua, aldapak, jauziak… guztia aita eta bion artean eraiki dugu. Eta IrriSarri Land gabe ere, ziurrenik askoz zailagoa litzateke hobetzen jarraitzea. Aldapak egiten ikasi dut, eta entrenamendu zelaikoak nik bakarrik egin ditut.

Zein lotura izango duzu zuk parkearekin?
Nire entrenamendu gune nagusia izango da aurrerantzean. Eta horrez gain monitore bezala ikastaroak emateko aukera badut, primeran!

Baina maila pertsonaletik haratago, harrobia lantzeko eta kirola gure artean zabaltzeko aukera ere eskainiko du, ezta?

Bai noski! Eta nik ere horren parte izan nahiko nuke. Une honetan goi mailan nabil, eta kirol honetan hasi nahi dutenei laguntzea eta babesa ematea asko gustatuko litzaidake.

Talentua, zure burua gainditzeko motibazioa, ingurukoen babesa… Asko dira maila honetan lehiatzeko beharrezko baldintzak. Baina agian ezinbestekoena marken laguntza da. Nola lortzen da babesletza?
Oso zaila da. Egun, babesle on bat lortzeko nabarmendu egin behar zara, onena izan. Eta ondoren ateak jotzen hasi, ia ezinezkoa baita haiek zure bila etortzea. Hala ere, marka horiek zu bezalako ehun gazte dituzte ate-joka, eta zorteaz gain, norberak egindako lana funtsezkoa da haien atentzioa erakartzeko. Nire babesle onena Scott etxea da, eta aurrera egiten eta nazioartean nire izena ezagutarazten lagundu dit.

Zer ematen du babesle batek?

Nire kasuan, materiala eta bidaien gastuak euren gain hartzen dituzte, bereziki, estatu mailan. Eta Nilox markak ere babesten nauenez, Europako joan-etorrien kostuak estalita ditut. Baina hortik haratago, marka indartsu baten baitan egoteak ospea eta txapelketa ezagunetan parte hartzeko aukera ematen dizkizu. Izan ere, zenbaitetan ni naiz probetan izena ematen duena, baina beste askotan haiek gonbidatzen naute.

Zenbat emakume aritzen dira zuekin goi mailako txapelketetan?

Bakar bat ere ez. Saltoka aritzen ziren bi neska ezagutu nituen, baina ez zuten lehiaketetan parte hartzen. Egia da kirol honetan indar handia behar dela, lurrera erortzen zarenean, zenbat eta indartsuago egon, orduan eta hobeto jasango baituzu kolpea. Ni neu ere lehertu egiten naiz erorketetan. Eta uste dut neska gehienei ere hori gertatuko litzaiekeela. Ez da beldurragatik, hau baino gauza arriskutsuagoak egiteko ausardia duten neska asko baitago.

Baina ausarta izatea bezain garrantzitsua izango da ezetz esaten jakitea.

Bai. Iraganean saltoak egin eta egin aritzen nintzen, eta kolpe pila bat hartzen nituen. Baina egun badakit zer egin dezakedan eta zer ez, eta erortzeko aukera dudala ikusi arren saltoa egitea erabakitzen badut, ongi eroriko naizela ziur dakidalako da. Akatsak egin daitezke, baina tontakeriak egiteagatik mina hartzea absurdua da, ezin dut halakorik onartu. Era berean, lehiaketetan posible dudana baino pixka bat gehiago ematen saiatzen naizenez, normala izaten da kolpeak hartzea. Baina sekula ez aldez aurretik gauzak ongi neurtu ez ditudalako.

Lesio larririk izan al duzu inoiz?
Ugari izan ditut. Oinetako bi behatzak hautsi nituen erorketa batean, eta bizkarra ere ikaragarri kargatzen zait, hiru hilabetean behin joaten naiz espezialistarenagana eta muskuluak erabat gogortuta ditudala esaten dit, flipatu egiten du. Orkatila bateko lotailuak ere hautsi nituen behin, baina ez nintzen sendagilearenera joan, eta ordutik, min ematen dit tarteka. Amnesia bat ere izan nuen backflip bat gaizki atera eta lurrera buruz erori nintzelako, eta beste behin beheko ezpaina erabat lehertu nuen, hortzik gabe geratu nintzela pentsatu nuen! Orain aho-babeskia eramaten saiatzen naiz, baina uff… goragalea eragiten dit! Eskolatik etxera bidean autoan jarrita ekartzen dut, ohitzen joateko. Horrez gain orkatiletako, belaunetako eta ukondoetako babeskiak erabiltzen ditut, eta kaskoa, noski. Salto handietarako integrala edo aurpegia ere estaltzen duena, eta txikia egunerokoan, sustoren bat izan arte, orduan kasko integrala jartzen baitut uneoro.

Azkenaldian Xtreme bezala definitutako arriskuzko kirolak modan jarri direla esango zenuke?
Bai, eskalada, alpinismoa… geroz eta jende gehiagok praktikatzen ditu. Baina horiek dirt jumpa baino seguruagoak iruditzen zaizkit, lotuta daudelako. Gu, aldiz, askotan erortzen gara, eta erortzen garen bakoitzean lehertu. Eta jendeak ausardia hori miresten du, horregatik jarri da modan.

Dena den, modan jartzea gauza bat da, eta errekonozimendua jasotzea beste bat. Kirol honek eskuratu al du halakorik? Ala oraindik ero koadrilatzat zaituztete?
Ero batek ezingo luke hau egin. Lehen jauzian… agur. Ausardia behar da, ados, baina zure mugak ongi ezagutzea funtsezkoa da, eta horiek pixkanaka urruntzen joatea. Ez bat-batean, pausoz pauso baizik, lorpen txiki bakoitzarekin.

Surflariek, esaterako, etengabe errepikatzen dute berena ez dela kirol hutsa, bizi estilo bat baizik. Zuena ere hala da?
Bai, bizi estilo bihurtzen ari da. Jendeak estetika jakin bat jarraitzen du: eguzkitako betaurreko modernoak, bisera lauak, praka estuak… Ez zait batere gustatzen. Askotan, gainera, hala joaten direnak ez dira bizikletan ibiltzen, ez behintzat gure mailan, eta itxurakeriak egiten dituzte. Tontakeria asko dago.

Zer sentitzen duzu airean zaudenean? Disfrutatzeko gai zara, ala presiopean diharduzu?
Zenbaitetan gozatu egiten dut, baina askotan beldurtuta egoten naiz. Bietako bat, baina aspertuta sekula ez. Gehien gustatzen zaidana jauzi normalak egitea da, trukurik egin gabe. Baina akrobazia ikusgarriak egin eta jendearen erreakzioa sentitzeak adrenalina topera jartzen dit. Unerik onena amaierakoa da, ongi erori zarela ikusten duzun momentua. Irten aurretik, ordea, etxean entrenatzerakoan izan ezik, urduri egoten naiz, haizeak, eguzkiak, aldapen kalitateak, ikusleek, denak eragiten baitute jauzian.

Jo dezagun lehiaketetatik erakustaldietara. Zer da Funbox Factory eta zein helbururekin abiatu zenuen?

Erakustaldiak antolatzen dituen talde bat da, eta kirol hau ezagutaraztea du helburu. Irteerako aldapa eta erorketakoa dituen gurdi bat muntatu dugu, eta ordu erdian jarri eta jasotzen dugu. Ikuskizunak edozein lekutan egiteko aukera ematen digu, eta jendeari ikaragarri gustatzen zaio, benetan ikusgarria baita. Herritarren gehiengoak ez du sekula halakorik ikusi, eta edozein salto txikirekin oihuka hasten dira.

Eta etorkizunean, demagun, hogei urte barru, zein leku uste duzu izango duela bizikletak zure bizitzan?
Auskalo! Baina mundu honetan jarraitu nahiko nuke. Praktikatu ez arren, ikustera joango nintzateke. Hobetzen ez dudala ikusten dudanean erretiratuko naiz, nire kabuz jarraitzeko. Eta nire seme-alabak bizikletan ibiltzea espero dut, eta nire aitak ni lagundu ninduen bezala, nik ere haiek laguntzea.

Martxelen kuttunak


Pelikula bat: Avatar (James Cameron, 2009).
Talde bat: Zakillers bilakatu den Sexty Sexers.
Miresten duzu…  Aita.
Ez duzu sekula ahaztuko… Espainiako pilotu onenaren saria eskuratu nuenekoa.
Amets bat: Gorputza lehertu gabe honetan jarraitzea.