Marina (Ojos de brujo): "“Internet tresna liberatzaile gisa saldu digute, baina mafia hutsa da”"

Marina (Ojos de brujo): "“Internet tresna liberatzaile gisa saldu digute, baina mafia hutsa da”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/marina-ojos-de-brujo-quotinternet-tresna-liberatzaile-gisa-saldu-digute-baina-mafia-hutsa-daquot/@@download/image/20113314812mari_1361474587.jpg
2011/04/01
elkarrizketa
testua: Igone Fernandez Argazkiak: Amets Badiola
Hamarkada bat eta gero, Ojos De Brujo taldea desegitear da. Iaz, urte amaieran,
 'Corriente vital' bilduma diskoa plazaratu zuten. Agur esateko duten modu onena da. 

Urte hauetan guztietan zazpi disko, auskalo zenbat zuzeneko, bizipen ahaztezinak, makina bat lagun eta La Fabrica de Colores izeneko diskoetxea ere pilatu dituzte motxilan Ojos De Brujokoek. Jarraitzaileekin azkeneko aldiz biltzeko abiatutako biraren baitan Barakaldon egin dute geldiunea, eta aukera probestu dugu soinu proban zehar Marina Canillas abeslariarekin elkartu eta hitz egiteko.

Sentsazio arraroa izango da bira bati ekitea jakinik azkenekoa izango dela, bai behintzat Ojos De Brujo gisa.

Mmmm... gazigozoa da. Alde batetik, gozoa da agur alaia delako, baikorra eta lagunez inguraturik eginiko disko batekin. Baina tximeletak ditugu sabelean, urte asko 'lapurtu' dizkigun zerbait uztera goazelako. Urduritasun hori atsegina da garai berriak datozelako, nahiz eta aldaketak beti ematen duen bertigo pixka bat.

Zergatik hartu duzue uzteko erabakia?

Denbora asko daramagu erritmo zorabiagarrian eta etenaldi bat behar dugu atseden hartu, atzera begiratu, egin duguna baloratu eta jarraitu nahi dugun ala ez erabakitzeko. Gainera, nik behintzat, sumatu dut azken bolada honetan sinkronizazio musikal gutxiago genuela taldean, adostasunak ez dira lehen bezain erraz iristen eta nire senak esaten dit unea heldu dela.

Proiektua 1999 inguruan jaio zen. Taldekideek Formenteran ezagutu zenuten elkar, baina Bartzelonan mamitu zen. Ez da kasualitatea Bartzelonan gertatzea, ezta?

Garai hartan, dudarik gabe, ez. Orain, zentzu horretan, hiria pixka bat gainbeheran dagoela iruditzen zait, baina urte haietan Bartzelona izugarrizko hazitegia zen. Kalean giro berezia arnasten zen, talde pila bat zebiltzan fusioarekin eta mestizajearekin esperimentatzen. Taberna eta lokaletan musika berritzailea entzuten zen... orain... ez dakit, agian ni naiz aldatu dena eta desberdin bizitzen duena.

Zerbait aldatuko zen 10 urte hauetan... zer geratzen da talde "kaletar" hartatik eta okupatutako etxeetan jaiotako abesti haietatik?

Tira, nik ikuspuntu pertsonaletik hitz egingo dizut. Ni betikoa naiz, nire lagunak betikoak dira, okupatutako etxeetan ezagututakoak. Orain seme-alabak ditugu eta ez gara okupa bizi, baina gure esentzia betikoa da. Dudarik gabe, adinak eta denborak baretu egin gaitu. Lehen harriak altxatzen nenbilen etengabean, bilatzen, urduri... orain gehiago gozatzen dut behaketarekin edo pazientziarekin.

Duela urte batzuk 'karka' xamarra irudituko zitzaizun esaten ari zarena.

Ba bai –barrez–. Hilabete hauetan aspaldiko abestiak entzuten jardun dut eta, egia esateko, lehengo diskoak oso hurbilekoak sentitu ditut baina, era berean, oso urrunekoak. Lan bakoitzak oso ondo islatzen du zegokion une musikala, baina ez datoz bat nik orain bizi dudan momentu pertsonalarekin. Nire barrena aldatu da eta, adibidez, dagoeneko ez dut gogorik burua astintzeko hardcore kontzertuetan, ulertzen? Eta askotan izan naiz e! Orain etxe okupatuetara semearekin joaten naiz, antzerkia ikustera –barrez–.

Uzteko arrazoiak bestelakoak direla diozu, baina oso zaila zirudien taldeak bere burua berrasmatzen jarraitzeak nahastu daitekeen guztia nahastu eta gero. Flamenkoa rockarekin, jazzarekin, reggaearekin, funk, rap, elektronika, erritmo tribalak...

Bai, hala dirudi, baina beti sor daitezke gauza berriak. Gertatzen dena da nik jada ez neukala edo ez daukadala gogorik hainbeste nahaste-borrasterako. Eta, hain justu, mota honetako erabakiak hartzeko unean sortu dira desadostasunak gure artean. Batzuek ildo beretik jarraitu nahi zuten baina nik, adibidez, nahiago nuen abestiak gehiago landu, hainbeste erritmo aldaketa eta mozketa ez egin... utzi melodiari garatzen eta emozioa izan dadila geratzen dena, mareatu gabe.

Agurtzeko, bilduma disko bat egitea hautatu duzue. Betiko abestiak, baina besteen begietan.

Apaltasun adierazpen bat da. Orain arte den-dena guk egin dugu, produkzioa barne, eta ondo dago, baina guk gure zilborrera begiratu ordez, gure abestiak beste batzuen esku uzteko gogoa genuen; beste jendeak, beste artistek nola ulertzen gaituzten ikusteko. Beste zenbaitentzat hain erraza dirudiena guretzat hautu arriskutsu eta ausarta izan dela uste dut, ikara genion, baina zoragarria izan da. Noizean behin kanpo perspektiba hotz hori edukitzea ona da, guri urte hauetan guztietan falta izan zaiguna.

Diskoen produkzioa ere zuen gain hartu izan duzuela aipatu duzu. Zer gertatuko da orain La Fabrica de Colores plataformarekin?

Koloreak ekoizten jarraituko du –barrez–. Gutako bakoitzak bere bidea urratuko du. Max, adibidez, a capella lan bat prestatzen ari da, Carlitosek jazz disko bat atera nahi du, eta nik ere ikuskizun musikal bat estreinatu nuen orain bi hilabete Lorcaren obra batean oinarrituta eta nik konposatutako abestiekin... interpretazioa alboratuta nuen azken aldian eta horri heldu nahi diot. Bestalde, inoiz argitaratu gabeko 80 bat abesti ditut koaderno batean bilduak eta hauei hautsak kentzeko gogoa dut. Ni-tik, beste inor ordezkatu gabe.

Egile eskubideen auzian, non zaude?

Izugarrizko kakanahastea daukat. Kontraesan asko sortzen zaizkit. Argi dago musikaren industriak hartu duen norabidea ez dela ona, baina abiapuntua edo nondik datorren ere ez. Sortzaileon kontura beti aberastu izan da jende asko, eta horiek, egoera dena delakoa dela ere, ez dira sekula galtzaile. Hala ere, kontu asko eztabaidatu daitezke. Internet eta Spoty fy, adibidez, izugarrizko tresna dira, eta sortzaileok ere erabiltzen ditugu. Baina, era berean, egile eskubideak nahi ditut nire lanen gaineko kontrol guztia ez galtzeko. Izan ere, ez dut nahi telebista kateak nire kontura aberastea adibidez, edo ez dut nahi COPEk Ojos De Brujo jartzea, ez dut nahi Falange Nacional-ek gure abestiak erabiltzea... ulertzen? Baina, noski, inongo irabazi asmorik gabe erabili nahi duenari zergatik ez diot utziko? Kontua da ez dela bidezkoa hau guztia erregulatzeko betikora jotzea, publikoari dirua ateratzera alegia. Eta, bide batez, esango dut Internet mundu liberatzaile gisa saldu digutela, baina mafia besterik ez dela, harrapatuta gauzkana eta dirua ateratzen diguna.

Marina, 'Canillas'. Hain justu 'mafia sare' horretan irakurri dut jaio zinenean zure gurasoek ikusi zuten lehenengo gauza hankatxoak izan zirelako duzula goitizen hori. Alderantziz jaio zinen, ala?

Ez, ez –barrez–, buruz jaio nintzen denak bezala! Badakit hor zehar dabilela hori, baina ez dakit nondik atera duten. Valentziako lagunek esaten zidaten Canillas, oso orkatila estuak ditudalako aitak eta amonak bezala.  

Intuizioz jokatzen duzu beti?

Tira... esan diezazuket bizitzan intuizioz hartu ditudan erabaki guztiak onak izan direla. Orain 12 edo 13 urte gauetik egunera aldatu nintzen Valentziatik Bartzelonara, eta begira! Han etxe okupatu batean bizi nintzen, fanzineak egiten, emakumeen kooperatiban kolaboratzen, jantoki sozial begetariano batean... esan nahi dut ez zuela zerikusirik zetorrenarekin... baina Ojos de Brujo sentitu egin nuen, "hau da nik orain nahi dudana", gaur arte.

Beldurrik gabe?

Begira, agur esateko erabakia hartu dugunetik sumatu dut maila pertsonalean eta gizarte gisa izugarrizko arazoak ditugula amaierak eta aldaketak onartzeko, beldur diegu, txartzat hartzen ditugu. Baina ez da egia, amaierak beti dira onak, zerbait bukatzen bada beste zerbait berria hastera doalako da. Bizilegea da, baita ere, aldaketa eta, beraz, txorakeria da pentsatzea ez garela aldatuko. Geure burua eta ingurukoak engainatzen tematu ordez, hobe da uneoro sentitzen duguna onartzea eta zintzo jokatzea.

Tantoak, parpailak eta belarritako handiak ere zure izaerarekin bat datoz ala gidoiaren exijentziak dira?

Ez, nirekin bat datoz. Haurra nintzenean ikaragarri gustatzen zitzaidan mozorrotzea, eta gero ere, emakumeen kooperatiban, Valentzian, arropak birziklatzen ikasi nuen: tindatzen, serigrafiatzen, moldatzen... edozein performance aprobetxatzen nuen gauza bereziak janzteko. Horrek, gainera, inspiratu egiten nau.

Zergatik halako pasioa flamenkoarekiko?

Txikitatik gustatu zait, batez ere amak jartzen zuelako. Etxeko oroitzapenak ekartzen dizkit, barruraino iristen zait eta ileak puntan jartzen dizkit. Baina ez dut familia Andaluzian edo horrelako ezer...

Baina eragin gehiago ere jaso duzu.

Bai, noski. Hardcore asko entzun izan dut, eta euskal rocka ere ikaragarri. Ruido de Rabia, Anestesia, Ferminen laguna naiz eta Negu Gorriaken garaitik jarraitu dut... gainera uste dut puntu rockero horrek baduela zerikusirik Ojos de Brujoren pultsio edo irrikarekin.

Euskal Herrian bat baino gehiago penatu du zuen agurrak, badakizu ezta?

Badakit, bai. Euskal Herrian betidanik aritu gara bereziki gustura. Gainera, Ojos de Brujorekin hasi aurretik nik Euskal Herriko parrandak ongi ezagutzen nituen: Gasteizkoak, Lekeitiokoak... 'zarata' egiten beti izan zarete onenak! Garai hartan flamenkoa Euskal Herrian sartzea ezinezkoa zen, ezta kolpeka ere! –barrez– Espainiarekin lotzen zen, panderetarekin... eta gainera Euskal Rock Erradikala zenuten, niri asko gustatzen zitzaidana! Baina lauzpabost taldek ireki dute edo dugu bidea eta zoragarria da ikustea nola orain gaztetxeetan flamenko ikastaroak antolatzen diren. Oso maila onarekin gainera! Eboluzio polita izan da.
http://www.youtube.com/watch?v=zIIBu10evGQ