Manex Agirrek eta Martin Abarrategik irabazi dute Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa

Manex Agirrek eta Martin Abarrategik irabazi dute Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa Txapeldunek elkarri jantzi zioten txapela. 200 lagun elkartu ziren Legutioko finalean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/manex-agirrek-eta-martin-abarrategik-irabazi-dute-arabako-binakako-bertsolari-txapelketa/@@download/image/biak.JPG
2021/05/24

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Txapeldunek elkarri jantzi zioten txapela. 200 lagun elkartu ziren Legutioko finalean.
Manex Agirrek eta Martin Abarrategik irabazi dute Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa

Sei bertsolari aritu ziren kantuan larunbatean Arabako Binakako Bertsolari Txapelketan: Iñaki Viñaspre eta Unai Anda; Manuel Bendala eta Oihane Perea; eta Martin Abarrategi eta Manex Agirre. Azken bikote honek lortu zuen lehen edizio honetako txapel bikoitza eta elkarri jarri zioten irabazlearen ikurra buru gainean. Bikote irabazleak 828 puntu lortu zituen eta zortzi puntuko aldea atera zien bigarren geratutako Anda eta Viñaspreri. Bendalak eta Pereak hirugarren egin zuten eta 816 puntu eskuratu zituzten. Bukaerako agurretan, Agirrek bertso eskolari eskaini  zion garaipena eta taldearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen: "nirea berriz bidali nahi dut/gure bertso eskolara/pandemiaren erantzun gisa/ere balio du hara/hemen ezin da funtzionatu/taldean ez baldin bada". Abarrategik ere jende askoren artean banatu zuen eskertza: "eta txapel bat dugu buruan/egiten duguna tarteko/ banatu nahian gure txapela/beharko ditut konpas ta erregela/bateko eta besteko/asko baitut eskertzeko".

Nieves del Alamo aritu zen aurkezle lanetan eta Eli Plazaola gai-emaile. Epaimahaia, berriz, honako hauek osatu zuten: Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru, Fernando Sopelana eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Endika Jimenez izan zen idazkari. 200 entzule izan ziren bertatik bertara saioa jarraitzen.

Pandemia tarteko, bi urtetik behin egin ohi den banakako txapelketaren formatua aldatzea erabaki zuten eta bikoteka jokatzea. Apirilaren 17an hasi zen Izarran, eta Araia, Oion, Amurrio, Gasteiz eta Legution izan dira gainerako saioak. 

Finaleko saioaren bertso onenen hautaketa laster izango da ikusgai bertsoa.eus atarian.